Kolonbiak lege babesa emango die milioi bat iheslari venezuelarri

Behin-behineko Babes Estatutuak hamar urte iraungo du. Hura amaitutakoan herrialdean geratzeko bisa eskatu ahal izango dute. Orotara 1,72 milioi venezuelar bizi dira Kolonbian

Venezuelar talde bat, autobide ondoko kanpaleku batean, Bogota hiriburuan. CARLOS ORTEGA / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Urte hasieran zabaldutako datuen arabera, venezuelarrak dira Latinoamerikako iheslari talderik handiena. Horietatik ia bi milioik Kolonbiako lurretan hartu dute aterpe, gehienak ezkutuan muga igaro ondoren. Orain, Ivan Duque presidentearen gobernuak iragarri du milioi bat etorkini aukera emango dietela Behin-behineko Babes Estatutua eskatzeko. Lege babes horrek hamar urte iraungo luke, eta, horren ostean, nahi duenak Kolonbian geratzeko bisa eskatu ahal izango luke. Iragarpena atzo egin zuen estatuburuak.

Erabakia txalotu egin zuen Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatari Filippo Grandik, eta historikotzat jo zuen: «Eskualderako eredu adierazgarria da Kolonbiako Gobernuaren erabakia, baita mundu osoarentzat ere». Grandik azaldu zuenez, Venezuelatik kanpo bizi diren 4,5 milioi herritarretatik %37k hartu dute aterpe Kolonbian. Bogotak berak zabaldutako datuen arabera, 1,72 milioi venezuelar bizi dira herrialdean, eta horietatik milioi bat inguru paperik gabekoak dira.

Pandemiak gogortu egin du egoera eskualdean, eta, hori dela eta, Kolonbian bizi ziren milaka lagunek euren behin-behineko lanak galdu zituzten, eta Venezuelara itzultzea erabaki zuten. Baina gehiago izan daitezke urte bukaerarako kontrako norabidea hartuko dutenak. IOM Nazioarteko Migrazio Erakundearen aurreikuspenen arabera, urtearen amaierarako baliteke 6,2 milioi iheslari venezuelar egotea Latinoamerikako eta Karibeko herrialdeetan sakabanatuta.

Behin-behineko lege babesaren helburua litzateke gutxienez 800.000 venezuelarri Kolonbian bizitzeko baimena ematea, eta, horren bidez, baita osasun eta hezkuntza zerbitzuetara jotzeko aukera eskaintzea ere, eta lan kontratuak lortzekoa; ez, ordea, bozkatzekoa.

«Prozedura hau mugarri bat da Kolonbiako migrazio politiketan, baita Latinoamerika osoan ere. Giza eskubideen arloan, identifikatzeko eskubidea bermatuko die herrialdean legez kanpo dauden eta gaizkile taldeen biktima bilakatzeko arriskua duten milaka migratzaileri», nabarmendu zuen Duque presidenteak.

Gainera, aurrez egoera erregularrean dauden migratzaileek ere eskatu ahal izango dute lege babesa, euren egonaldia hamar urtera luzatu ahal izateko. Gobernuak uste du horiekin bi milioi ingurura hel daitezkeela baimen berezi horien onuradunak.

Venezuelari kritikak

Caracasen eta Bogotaren arteko harremana ez da inoiz bereziki ona izan, baina migratzaileen krisiak are gehiago okertu du. Pandemia hasi berritan, eta mugak itxita zeudela, Bogotako gobernua autobusak antolatzen hasi zen Kolonbian zeuden eta herrialdera itzuli nahi zuten migratzaile venezuelarrak mugara eramateko. Venezuelako presidente Nicolas Madurok, baina, gogor kritikatu zituen garraiook, argudiatuz herritarren osasuna «arriskuan» jartzen zutela.

Oraingoan, Duque izan da Maduro jopuntuan jarri duena, esanez migratzaileen krisia konpondu nahi bada beharrezkoa dela «Venezuelako diktadura» amaitzea. «Hausnartu behar dugu nola eraikiko den gobernu plural bat, ordezkaritza zabala izango duena; nola egingo diren hauteskunde askeak eta nola hasiko diren herrialdea berreraikitzeko lanak», esan zuen Duquek.

Haren hitzak besoak zabalik hartu zituen Juan Guaido oposizioko kideak eta bere burua Venezuelako behin-behineko presidentetzat duenak Kolonbiako Gobernua da haren aldarria babesten dutenetako bat.

Duquek bere agintaldiko garairik zailenetariko batean hartu du milaka migratzaileri babesa eskaintzeko erabakia. Azken aste eta hilabeteetan dozenaka ekintzaile eta buruzagi sozial hil dituzte herrialde hartan, eta COVID-19aren aurkako txertoak lortzeko ezintasunak ere ataka zailean jarri dute goi mandataria.

Hala, kritikak isilarazteko mugimendutzat jo dute askok egitasmoa. Izan ere, hasieratik izan da Kolonbia iheslarien aterpe nagusi, baina orain arte gobernuak ez du urratsik egin haiei inolako babesik eskaintzeko, ezta 2019an Caracasekin harremanak eten zituenean ere. Peruk eta Argentinak, berriz, aurrez hartu dituzte antzeko neurriak, nahiz eta horietan bildutako migratzaile kopurua txikiagoa den.

Gainera, mende erdi iraun duen gerrillen eta armadaren arteko gerrak milaka kolonbiar ihes egitera behartu ditu, mugaz bestaldera, Venezuelara. Bake akordioak sinatu ostean ere asko izan dira Kolonbiatik ihes egitea erabaki duten herritarrak. Nabarmentzekoa da 2003tik desplazatu gehien dituzten herrialdeen zerrendan lehen hamar estatuen artean dagoela Kolonbia. Hala ere, 2018tik, krisi ekonomikoaren ondorioz, kopuruak murriztuz joan dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.