Hildakoen artetik, zonakako zaintza

Baztertuta zegoen defentsa moldea berreskuratu, eta arrakasta izan dute Brooklynek eta Miamik. Zonen erabilera hazi egin da: joan den sasoian baino lau bider jabetza gehiagotan erabili dute.

Danel Agirre.
2019ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Joan den abenduko zapatu gau batez, kalamitate sorta batek Miami Heat estutu zuen. Egun gutxitan partida mordoxka jokatu beharrean zen etxetik urrun, eta Los Angeles Clippersen aurkakorako hiru piezarik onenetakoak falta zitzaizkion, lesioengatik. Lanari ekin eta minutu gutxira, beste bi galdu zituen. Zortzi jokalarirekin geratu zen Erik Spoelstra entrenatzailea; horietatik bat, azken bi denboraldiak batuta ehun minutu eskas pilatu dituen Udonis Haslem. Halabeharrez, indarrak aurrezte aldera, ia entrenatu gabeko zonakako defentsa agindu zuen azken laurdenerako Spoelstrak. Estrategia horrek ezustean zeharo trabatu zuen ezin solteago zebilen Clippers: azken partzialean 30-8 gailendu, eta garaile irten zen Heat.

Ordutik, Spoelstraren errepertorio taktikoan gero eta garrantzi handiagoa hartu du ia txiripaz erreskatatutako zaintzak. Arerioen jabetzen %8,9an agindu dio zonan ipintzea bere bostekoari, eraginkortasun nabariarekin: aurkariaren jaurtiketen batez bestekoak %3 egin du behera, banakako defentsa askoz ohikoagoarekin alderatuta.

Miamiz gain, bada zonakako defentsa sarri samar erabiltzen ari den beste bat NBAn: akaso ligako jokamolderik interesgarriena duen Brooklyn Netsek. Antzeko maiztasunarekin eta eraginkortasunarekin erabili izan du. Ukitu europarreko frankizia da Nets. Jokalari moduan ACB ligan, Frantzian, Italian eta Alemanian hamalau sasoi egindako Kenny Atkinson entrenatzaileak propio nahi izan zuen Chris Fleming alboan laguntzaile, haren jakinduria estrategikoa ustiatze aldera—Bamberg eta Alemaniaren aulkietan aritutakoa da, eta Baskoniak aspalditik du begiz jota—. Pablo Prigioni ere han dabil, bigarren mailako ardurekin.

Zonakako zaintzak 2001ean baimendu zituen NBAk, eta kemen handiagoa exijitzen dute han gainontzeko ligetan baino. Defentsako hiru segundoen araua dela eta, pibotak esparruaren erdialdetik aldendu behar du etengabe. Jarrett Allen gazteak jardun bizi hori —2,9tzea deitzen zaio— banakako markaketara ere moldatu du, zonaren bertuteak 48 minutuetan probetxuzkoak izan daitezen. Ondorioa argia da: zona eta zainketa mistoak gehiago erabiltzen hasi eta Brooklynen emaitzek hobera egin dute, eta kanporaketetan sartzear da.

Saskibaloi modernoarekin bateraezintzat jo izan dira duela ez hainbeste nonahi ageri ziren 2-3 edo 1-3-1 formazioak. Gero eta arraroagoak dira hiruzpalau jaurtitzaile trebe gabeko bostekoak, eta zonen ahulunetako bat hiruko saiakera erosoak baimentzea izaki, ia suizidiotzat dituzte analista askok. Saskira begirako posizio aproposak eskuratzeak baloi zirkulazio egokia eskatzen du, ordea, eta arlo horretan gabeziak ohikoagoak dira NBAn eta Europan. Alba Berlinek ia galdua zuen Eurokopako final-laurdena altxa berri dio Unicajari 2-3 klasikoa erabilita.

Defentsa zehatz horixe da, betidanik, Syracuseko Jim Boeheimen ikurra: 74 urteko entrenatzaileak bi hamarkada baino gehiago daramatza 2-3 egitura aldatu gabe. NCAAko kanporaketa galdu berri du Baylorren aurka. Horrek ere sarri erabiltzen du zaintza hori, eta lan saioetan zuloak topatzera ohituta daude jokalariak. Game of Zones —zonen jokoa— deitu zioten lehiari, serie ezagunarekin hitz-jokoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.