Langileen parte hartze handiagoa nahi dute Bizkaiko patronalek

Cebek, FVEM, AVEQ, Cecobi eta Ascobi patronal nagusiek enpresa eredu berri baterako proposamena egin dute. Bizkaia talentuak erakartzeko lurralde bihurtzea da enpresarien helburua

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Pertsonak erdigunean jarri behar direla. Areago, langileengan oinarritutako eredu berri baten bidez «enpresek lehiakortasuna handitu dezaketela» azaldu zuen atzo Iñaki Garcinuño Cebekeko presidenteak. Hori dela eta, langileek parte hartze handiagoa eduki dezaten, enpresa eredu berri baterako proposamen bateratua egin zuten Cebek, FVEM, AVEQ, Cecobi eta Ascobi Bizkaiko patronalek. Pertsonak eta etorkizuna: Bizkaiko enpresa eraldatzen izeneko proposamena aurkeztu zuten, «kolaborazioan, konfiantzan eta konpromisoan oinarritutako proiektu bateratu bat» izateko asmoarekin.

Enpresek erronka handia baitaukate aurrean, Imanol Pradales Bizkaiko Ekonomia eta Lurralde Garapena sustatzeko foru diputatuaren arabera: «Bizkaiko enpresek ez badute lan harreman erakargarri bat garatzen, desagertu egingo dira». Hori esan zuenean ehunka enpresari zituen parean, eta gaur egungo errealitate «aldakorrari» aurre egiteko bost patronalek aurkeztutako proposamena «egokia» iruditu zitzaiola azaldu zuen diputatuak.

Bizkaiko patronalak ez dira «lan harreman berri bat» proposatu duten lehenak. 2014an abiatu zuen bide hori Adegik, eta lan baldintzak beharginek zuzenean enpresarekin negoziatzeko bidea zabaldu zuen. Garai hartan, Cebekek aukera hori baztertu egin zuen, eta negoziazio kolektiboaren aldeko apustua egin zuen. Baina, atzo, pertsonak erdigunean jartzeaz hitz egin zuen Garcinuñok: «Egungo egoera ekonomikoan lehiakortasun estrategiak soldata apaletan oinarritzen duten enpresek ez daukate lekurik, ezta talentua behar den bezala kudeatzen ez dutenek ere». Hala ere, ez zuen zehaztu zein urrats egiteko prest dauden patronalak, soldata apaletan oinarritzen diren lanpostu horien egoera hobetzeko. Ez zuen Adegiren bidea aipatu ere egin.

Talentua erakarri

Talentua erakartzeko lan egin behar dela, bai, hori aipatu zuen Garcinuñok. Eta aukera horretan sakontzeko Bizkaia «profesionalki garatzeko leku erakargarri» izan behar dela azaldu zuen, gainera. Horretarako, balio ezberdinen arteko bateratze bat proposatu zuen: «Parte hartzea, konpromisoa, gardentasuna, enpresarekiko ikuspegi partekatua eta antzeko balioak euskal enpresen balio tradizionalekin lotzen baldin baditugu —hau da, ekimenarekin, lanarekin, berrikuntzarekin edo aurrezkiarekin—, horrekin guztiarekin koktel perfektu bat osa dezakegu. Hainbeste, gure enpresak Europako erreferentzia izan baitaitezke».

Gaur egungo langileen belaunaldi berriak «ezberdinak» direla azaldu zuen, eta horrek enpresariak baldintzatu egiten dituela. «Talentua behar dugu, eta talentu hori hemen gera dadila lortu behar dugu, gainera; lurralde gisa hori behar dugu, ez dugulako inor sobera izango». Horrela, erronka demografikoari egin zion erronka Garcinuñok, eta, horregatik, Bizkaira talentua eta lanpostuak erakarri behar direla nabarmendu zuen.

Enpresa eredu berri hori garatzeko, ordea, malgutasunak, lan egiteko molde berriek, eta mugikortasun geografikoak behar direla ere azaldu zuen. «Baita enpresak eskaini beharra daukan kontziliaziorako beharra ere». Are gehiago, enpresetan genero berdintasunarekin lotutako balioak txertatu behar direla ohartarazi zuen, «baita zuzendaritza postuetan ere».

Negoziaziorako eskaera

Bost patronalek batera aurkeztutako dokumentuak lehen erreakzioak berehala eragin zituen. Euskadiko CCOOk ohar bidez «hitzartzeak hitz hutsekin betetzeari uzteko» eskaera egin zien patronaleko kideei, eta negoziazio kolektibo «erreala» bideratu dezatela eskatu zien. «Langileen parte hartzea sustatzeko modurik onena negoziazio kolektiboa bideratzea da; lantokietako ordezkaritza legezkoekin hitz egitea da biderik zuzenena, azken batean patronalak eurekin negoziatu eta akordatu behar dituztelako lan baldintzak». Sindikatuak gogora ekarri zuen Bizkaian bertan 49 itun kolektiboetatik hamar bakarrik daudela indarrean. Horregatik egin zuen eskaera hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.