Betiko kolorea eta «izaera»

Mikel Landak espero du Euskadi Fundazioak zaleak «altxaraztea» Kontinental Profesional mailako debutean. Ez du baztertu Espainiako Vueltara gonbidatua izatea

Euskadi Fundazioko kideak, atzo, San Mameseko areto batean egindako aurkezpenean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
«Emaitzak lortzea ez da erraza izango, inoiz ez da erraza, baina errepidean izaera erakustea eskatu behar zaio Euskadi Fundazioari. Zaleak altxarazi, eta errepidera eraman ditzala». Mikel Landa Euskadi Fundazioko presidenteak esaldi horrekin jarri zion akabera atzo taldearen aurkezpen ekitaldiari. Aurten, Kontinental Profesional mailarako «jauzi handia» eman du, eta, presidentearen esanetan, negua «oso gogorra» izan da: «Aurrekontu handiagoa behar da, txirrindulari gehiago, baliabide gehiago... Erronka handia da».

Euskadi Fundazioak hirugarren urtean eman du Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunaren (UCI) Bigarren Mailarako pausoa, eta Landak zintzo onartu zuen «uste baino goizago» iritsi dela. Aurkezpen ponposoa izan zen, San Mames estadioko barne aretoetako batean. Bertan igo zituzten oholtzara gizonezkoen elite mailako taldea, 23 urtez azpikoena eta emakumezkoena. Estadioaren kanpoaldean zeuden ikusgai ere Irizar etxeak eginiko autobus berria eta autoak. Oinarri sendo baten zantzuak dira horiek, egitasmoaren aurrekontuaren berri eman ez zuten arren.

Landa harrituta zegoen bildutako jendetzarekin, 500 lagun inguru, eta «beste garai» batzuetako aurkezpena zirudiela esan zuen, txirrindularitza «jende askok babesten» zuen garaikoa. Fundazioak laranja kolorea hautatu du elastikorako, eta Euskaltel Euskadi zenaren inguruko erreferentzia nostalgiko asko entzun ziren. Oraingoz, baina, kolorea eta «izpiritua» da antzekotasun bakarra. «Horrelako konparaketetatik urrundu egin behar dugu. Ondo dago erreferentziatzat hartzea, baina egitasmo hark izan zuen tamainatik urrun gaude. Alderaketak saihestu behar ditugu», nabarmendu zuen Jorge Azanza taldeko zuzendariak

Egutegiak ere zeresan handia eman zuen. Logikoa zen, taldearen inguruko xehetasun asko jakinak ziren, eta zein proba jokatuko ziren argitzeko eguna zen atzokoa. Taldeak bitan banatuta ekingo dio urteari, San Juanen (Argentina) eta Mallorcan (Herrialde Katalanak), eta gero Espainia hegoaldeko probak jokatuko ditu. Gero etorriko dira Kataluniako Volta, Euskal Herriko Itzulia, «taldearen helburu nagusia», Azanzaren hitzetan, eta Donostiako Klasikoa. «Oraingoz», horiek dira ziurtatuak dituen World Tourreko proba bakarrak, baina gehiago espero ditu.

Eta Espainiako Vuelta? Itzuli handi bat? Landak ez du itxaropena galdu. «Zaila da, badakigu, baina arrazoiak eman behar dizkiegu kanpoan utz ez gaitzaten. Lehiakorrak izan behar dugu, eta joatea merezi dugula erakutsi». Vueltako bi etapa Euskal Herrian bukatuko dira, eta, itxaropen gutxi izan arren, taldean uste dute horrek aukerak erraz ditzakeela. Presidenteak esan zuen Vueltan ez egoteak ez lukeela egitasmoaren etorkizuna kolokan jarriko, baina joateak «asko» lagunduko lukeela. Azanza zuhurrago mintzatu zen: «Ametsa litzateke joatea, baina ezin gara itsutu gonbit hori jasotzearekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.