HAMAR MUGARRI

2020ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Izerdiaren bidetik, Lehen Mailako klasikoetako bat bihurtu da Osasuna. 40. sasoia abiatu berri du onenen artean, eta 15. postuan dago sailkapen historikoan. Estatus hori une ahaztezinen eta apustu estrategikoen bidez lortu du.

Jaiotza Kutz kafean
1920ko urriak 24. Sportiva eta New Club taldeek indarrak metatuta sortu zen Osasuna, Kutz kafean. Urte horretan bertan egin zuen debuta, talde militar baten kontra.

Lehen igoera Lehen Mailara
1935eko apirilak 27. Donibanen Murtziari 3-0 irabazita igo zen aurrenekoz gorengo mailara. Sasoi bat besterik ez zuen iraun bertan.

Donibanetik Sadarrera
1967ko irailak 2. Donibaneko zelaia utzi, eta aro berria hasi zuen Sadarren. Ia 70 milioi pezetako kostua izan zuen estadio berriak (420.708 euro).

Taxoare, Ezkurraren eskutik
1982ko uztaila. Taxoareko instalazioak Fermin Ezkurraren ondare nagusia dira. Harrobiak beste dimentsio bat hartu zuen.

Lehen parte hartzea Europan
1985eko irailak 18. Osasunak Rangersen zelaian jokatu zuen Europa mailako bere lehen partida, UEFA txapelketan. 1-0 galdu zuen.

Laugarren Lehen Mailan
1991ko ekainak 9. Gorritxoek onenen artean inoiz lorturiko posturik onena izan zen. Balentria errepikatu zuten hamabost urte geroago, Javier Aguirrerekin.

Txapeldunorde Kopan
2005eko ekainak 11. Osasunak bere historiako lehen finala jokatu zuen, Vicente Calderonen, Betisen aurka. 2-1 galdu zuen, luzapenean.

Finalaren atarian UEFAn
2007ko maiatzak 3. Europan sekulakoa egitear izan ziren nafarrak. 1-0 irabazi zioten Sevillari finalaurrekoen joanekoan, baina 2-0 galdu zuten itzulikoan.

Miraria Sabadellen
2015eko ekainak 7. Azken unean lortu zuen Bigarren B Mailara ez jaistea, Javier Flañok 90. minutuan sartutako golari esker.

Txapeldun Bigarren Mailan
2019ko ekainak 8. Oierrek klubaren historiako lehen titulua altxatu zuen. 87 puntu lortu zituen, eta marka guztiak apurtu Sadarren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.