Arrauna

Gazitik zein gozotik duen estropada eremua

Donostian izango dira Eusko Label eta Euskotren ligak gaur. Orduak igaro ahala, haizea baretu egingo da, baina itsaslasterra, gogortu

Arraun Lagunak-eko arraunlariak, kanporanzko luzean, Gipuzkoako txapelketan, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2021eko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Aurreko asteburuan Eusko Label eta Euskotren ligei Coruñako (Galizia) ur bihurrietan hasiera zirraragarria eman ostean, Euskal Herriko kostaldean izango dituzte hurrengo estropadak. Hasteko, bi liga nagusiko taldeak historia eta prestigio handia duen estropada eremuan ariko dira gaur, nor baino nor gehiago: Donostiako Kontxako badian (17:40, ETB1).

Ikusi gehiago:KAE 1 ligakoak Camargon ariko dira; KAE 2 eta ETE ligakoak, Donostian

Kontxa hitza entzutearekin bakarrik, edozein arraunlarik zein arraunzale porrokatua denak sabelean tximeletatxoak sentitu ohi ditu. Eta sentipen horri eta estropada berak eragiten duen tentsioari kaleen zozketak sortzen duen urduritasuna gehitu behar zaie; zeresan handia ematen baitu, hala iraileko Kontxako Banderako estropada handian, nola ligako estropadan. Ohikoa izaten baita kale bat edo bestearen artean aldea egotea, baita txanda batetik bestera ere.

Gaurkoan, gainera, Kontxako Banderan ez bezala, lau luzetara ariko dira Eusko Label ligako ontziak; Euskotren ligakoen, ostera, ez dute aldaketarik izango; ohi bezala, bi luzetara egingo dute. Itsaso petral eta narrasik, behinik behin, ez dute aurkituko arraun taldeek; metro eskaseko olatuak daude iragarrita, eta haizeak iparraldetik orduko hamahiru kilometro inguruko abiaduran joko du. Dena den, arratsaldeak aurrera egin ahala, zertxobait apaltzera egingo du. Bestalde, 17:50ean izango da marea goian, eta 75eko koefiziente maila izango duenez, gizonezkoen hirugarren txandakoek itsaslaster handiagoa izango dute kontra barruranzko bi luzeetan Horiek horrela, taldeko prestatzaileentzat zein lemazainentzat kontuan hartzeko datuak izango dira.

Eusko Label ligan, Tiran, Isuntza, Zarautz eta Cabo da Cruz ariko dira; haien ondoren, Ondarroa, Ares, Orio eta Hondarribia ariko dira; azkenik, ohorezko txanda, Urdaibaik, Donostiarrak, Zierbenak eta Santurtzik egingo dute arraun. Gorka Aranberri Sotera ontziko lemazainak darama liderraren elastiko gorria, santurtziarrak izan baitira orain arteko bi jardunaldietako talderik indartsu eta erregularrenak. Iker Zabalaren taldeak irabazi du aurten jokoan jarri den bandera bakarra, nahiz eta bi estropadetan lehenak ez izan.

Santurtziren atzetik, bestalde, bost oilar daude elkarri mokoka, ohorezko txandan sartzeko eta egonkortzeko borrokan. Uztail amaiera arte, bederen, postuen dantza handia egongo dela espero da. Hain zuzen, sailkapeneko behealdean ibiliko diren taldeek dantza hori baliatu nahi dute ahalik eta punturik gehien zakuratzeko.

Euskotren ligako lehen jardunaldiek zer eman duten aztertuta, maila goreneko lau ontzien arteko lehia handitu egin dela ondorioztatu da. Lehenengoan, Arraun Lagunak izan zen nagusi; bigarrengoan, berriz, Orio. Hain justu, San Nikolas ontziak etxeratu zuen bandera Coruñatik. Halere, Arraunek eutsi zion lidergoari, eta, gaur, Andrea Astudillo patroia elastiko zuri-urdinarekin joango da Lugañene traineruaren txopan. Donostiarra ere etxean ariko da, eta lan ona egin nahi du. Hondarribia, berriz, aurreko hirurengana hurbiltzen saiatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.