Holzer, Struth, Fontana, Richter eta Soto, 2019an Guggenheimen

Morandi ardatz duen mostra bat eta Kunsthalle Bremeneko lanen aukeraketa bat ere iragarri ditu museoak datorren urteko programaziorako

Jenny Holzerrek 1997an museoan jarritako instalazioa. GUGGENHEIM MUSEOA.
Erredakzioa
Bilbo
2018ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Bilboko Guggenheim Museoaren Fundazioaren Patronatuak urte amaierako batzarra egin zuen herenegun. Bertan, urteko datu eta jarduera nagusiak errepasatzeaz gain, heldu den urterako arte programazioa eta aurrekontua onartu zituzten kideek. 2019an museoak hartuko dituen erakusketen artean izango dira, besteak beste, Jenny Holzer, Thomas Struth, Lucio Fontana, Gerhard Richter, Jesus Soto eta Giorgio Morandi artistei eskainitakoak.

Gaur egungo artearen oinarriak izenburupean, bi erakusketa bilduko dituzte. Batetik, Atzera begira. Giorgio Morandi eta antzinako maisuak izenekoa irekiko dute, apirilean; eta bestetik, urrian, Kunsthalle Bremeneko lanen aukeraketa bat jarriko dute ikusgai, XIX. eta XX. mendeetako arte alemaniar eta frantsesa nabarmentzen duena.

Aldi baterako erakusketa handiei dagokienez, martxotik aurrera Jenny Holzer artistaren ibilbidea errepasatzeko aukera izango da museoan, eta, jarraian, urritik aurrera, Thomas Struth argazkilari alemaniarrarena.

Gaur egungo artearen zertzeladak atalaren barruan, berriz, maiatzetik aurrera, Lucio Fontanari eskainitako atzera begirakoa hartuko du museoak, zeina Metropolitan Museum of Artek antolatu duen —Bilboko museoarekin eta Fondazione Lucio Fontanarekin elkarlanean—. Gerhard Richterren Itsas paisaiak lanen hautaketa bat ere izango da ikusgai udaberrian, eta, irailean, berriz, Jesu?s Soto: laugarren dimentsioa izeneko erakusketa zabalduko dute.

Ikus-entzunezko arteek ere beren lekua izango dute heldu den urtean Bilboko Guggenheimen arte programazioan. Allora & Calzadilla, Jesper Just eta Jesse Jones sortzaileek beren bideo instalazioak erakutsiko dituzte museoko Film & Video aretoan.

1.220.449 bisitari 2018an

Urteko datuak ere aztertu zituzten patronatuko kideek herenegungo bileran. Ohar bidez ondoren jakinarazi zutenez, herenegun bitarte 1.220.449 bisitari izan ditu museoak, aurreikusi baino %30 gehiago.

Datorren urteko aurrekontua ere onartu zuten bileran, eta «aurreko ekitaldiko mailan» mantentzen dela adierazi zuten —28,4 milioi euro inguru, beraz—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.