Milioidunak lan eskubide eske

Merkatuaren itxiera akelarre mediatiko bilakatu da NBAn. Kevin Durantek arreta behingoz kantxan ipintzeko eskatu die kazetariei, zakar. LeBron Jamesek salatu du jokalariak merkantzia hutsa direla.

Lau egunean lau taldetatik igaro, eta langabezian da Nik Stauskas. WILL ABATE / EFE.
Danel Agirre.
2019ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Taldekako kirolen bideo jokoek aukera ematen dute, klubeko ataza administratibo guztiez arduratu ondoren, norgehiagoka simulatzeari uko egin, eta emaitza kalkulatzeko ardura softwareari lagatzeko. Manager modua deitzen zaio modalitate horri, eta manager moduan bizi dira NBAri minutuero erreparatzen dioten gero eta zale eta kazetari gehiago ere. Partidak fitxaketen arteko tramite gogaikarritzat dituzte ia. Urteko benetako finalak otsailekoak eta uztailekoak dira haientzat: merkatua itxi eta behin draft aukeraketa pasatuta berriz zabaltzen diren garaiak dira.

DeMarcus Cousins bostekoan asaldurarik gabe barneratzeaz gain, azken hamasei lehietatik hamabost irabazi ditu Golden State Warriorsek. Lau denboraldian hiru bider txapeldun izandakoaren saskipea Cousinsek sendotuko zuela joan den udan iragarri, eta iskanbila berealdikoa izan zen; duela hiru aste debuta egin, eta ia isilpean igaro da haren jarduna. Kevin Durant beste denboraldi miragarri bat osatzen ari da, baina, kontratuko azken urtea duenez, ia inori ez zaio axola, antza. Prentsaurrekoetara irten izan denean, New York Knicksi buruzkoak izan dira galderak, hara mugitzeko asmotan dela zabaldu baita. Aste honetan, eztanda egin du Durantek: «Lankide bat duzue, Ethan Strauss [The Athleticeko kazetaria da], inorekin hitz egin ez, eta nire inguruko informazioa balu bezala idazten du. Ez dut zerikusik Knicksekin. Saskibaloian jokatzen saiatzen ari naiz. Hona zatozten bakoitzean, udan gertatuko denaz soilik galdetzen didazue niri, nire taldekideei, entrenatzaileei. Zaleak nahasten dituzue. Hazi [zaitezte]. Hazi. Bai, zuek. Hazi. Ez diot inori arazorik sortzen. Gauzak zuzen egiten saiatzen naiz. Zein da arazoa? Zer egin dizuet?».

Saskibaloia destilatu, fokua jokoan jarri eta NBAko negozioen keriak bigarren planoan uzte hori ameskeria da Durantentzat, tamalez. Anthony Davisen inguruko marmarra areagotu baino ez da egingo datozen hilabeteetan. Horiek horrela, LeBron Jamesek uste du jokalariek tratuetan bete beharreko rola dela eztabaidagai premiazkoa, ezer bainoago,«merkantzia» moduan salerosi ohi dituztela iritzita. Davisen moduan beren etorkizunaren zezenari adarretatik heltzen saiatzen direnak «leialtasunik gabeko traidoretzat» dituzte. Harrison Barnesen transferentziak James sutu zuen. Dallasekin partida jokatzen ari zela, Sacramentora bidaltzeko akordioa itxi zuen zuzendaritzak, eta Barnes esertzeko agindua —haren aurpegia ikustekoa zen— aulkira igorri. Kontratu garestia du hegalekoak, eta ofizioaren bidesari moduan onetsi ohi dira harena bezalakoak ligan.

NBAko frankizien arteko kontrapisu sistema arras konplexuak pasarte muturrekoak eragiten ditu. Joan den igandean, Nik Stauskas eta Wade Baldwin taldekide ziren Portlanden. Biak Clevelandek eskuratu zituen lehenbizi, trukaketa batean. Biharamunean, Houstonera bidali zituzten, eta azken zilipurdiarekin Indianan amaitu zuten. Pacersek kitapena ordaindu die. Lau egunean lau frankiziatatik igaro, eta langabeziara. Ez da errekorra: 2015ean, Luke Ridnour bost taldetatik pasatu zen astebetean, oporretan zegoen bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.