Arau zaharkituak espazio berrian

Espazioko araudien mugak agerian geratzen ari dira, gero eta herrialde gehiagok parte hartzen dutelako, satelite komertzialen kopurua ugaritzen ari delako, erabilera militarra indartu delako eta Ilargia ustiatu nahi dutelako.

BERRIA.
jakes goikoetxea
2021eko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Arabiar Emirerri Batuetako zunda bat (Hope), Txinako bat (Tianwen-1) eta Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) ibilgailu-laborategi bat (Perseverance) iritsi dira Martera. Ez dago betekadarik: planeta oso bat hiru misiorentzat. Baina Marte gero eta gertuago dago, eta NASAk, AEBetako Espazio Agentziak, gizakiak bidali nahi ditu hara. Perseverance-ren lanetako bat, hain zuzen, gizakia bizi ahal izateko gailuak eta sistemak probatzea da.

Martera baino lehenago, Ilargira. Hurrengo erronka Ilargian base iraunkorrak sortzea da: NASAk abian du Artemis programa, eta Txinak eta Errusiak ere halako zerbait egin nahi dute elkarlanean. Gizakiak Ilargian bizitzen.

Eta Lurretik gertuen dagoen espazioa zaborrez —satelite eta espaziontzi zatiz— beteta dago, eta gero eta beteago egongo da, bai satelitez, bai zaborrez, enpresa batzuek milaka satelite bidali nahi baitituzte hurrengo urteetan.

Espazioa demokratizatu egin da. Ez da AEBen eta Errusiaren eremua soilik. Herrialde gehienek dituzte espazio programak eta gailuak Lurrari bueltaka. Enpresek ere bai. Legerik gabeko eremua dirudi. Oinarrizko lege eta arau batzuk badaude, baina beste baldintza geopolitiko —Gerra Hotza— eta teknologiko batzuetan sortuak, eta zaharkituak geratu dira egungo erabilerak arautzeko.

Nork arautzen du espazioaren erabilera?

NBE Nazio Batuen Erakundea da erreferentzia. Zehazki, COPUOS Kanpo Espazioaren Erabilera Baketsurako Batzordea eta UNOOSA, NBEko Kanpo Espazioko Gaietarako Bulegoa.

Zein dira oinarrizko araudiak?

NBEk 1966an onartu zuen Kanpo Espaziorako Hitzarmena, espazioko zuzenbidearen sorrera agiria, eta 1967an sartu zen indarrean. Ehun herrialdek baino gehiagok onartu dute. Itunak Ilargia eta zeru gorputzak ere aintzat hartzen ditu.

Oinarrizko beste itun batzuk ere badaude: Erregistro Hitzarmenak, esaterako, zerbait espaziora bidali aurretik NBEn erregistratzera behartzen du; Erantzukizun Hitzarmenak herrialdeak egiten ditu haien espazioko objektuek eragindako kalteen erantzule; eta Itzulera eta Erreskate Hitzarmenak herrialdeak behartu egiten ditu laguntza behar dutenei laguntzera, errepidean gidariak behartzen dituen moduan.

Hala ere, ez da erraza arauen mataza askatzea. ESA Europako Espazio Agentziak berak dioenez, gaur egun «oso zaila» bihurtu da «espazioko zuzenbidea argitasunez, osotasunez eta zehaztasunez ezagutzea». Nazioarteko, herrialdeen arteko eta herrialdeetako legeen mordoilo izugarri bat baita.

Zer dio Kanpo Espaziorako Itunak?

Funtsean, kanpo espazioaren erabilerak herrialde guztien onurarako izan behar duela; estatu guztiek erabil dezaketela, esploratzeko; ezin dutela beren jabetzatzat edo lurraldetzat hartu; eta ez dutela Lurraren orbitan arma nuklearrak dituen objekturik edo suntsipen handiko armarik jarriko. Ilargia eta zeru gorputzak helburu baketsuetarako erabil daitezke soilik, eta debekatuta dago gune militarrak ezartzea edo ariketa militarrak egitea.

Zer legedi aplikatzen da espaziontzietan?

Espaziontziaren jatorrizko herrialdeko legedia aplikatzen zaie, bai ontzian gertatzen denari, bai ontziari, bai astronautei. ISS Nazioarteko Espazio Estazioari dagokionez, ez da herrialde batena. Bost espazio agentziaren lankidetzaren emaitza da. Zeinena? Bost espazio agentziarena: AEBetako NASA, Europako Batasuneko ESA, Kanadako CSA, Errusiako Roscosmos eta Japoniako JAXA. Gobernuen arteko akordio bat sinatu zuten 1988an, ISSko funtzionamendua arautzeko. Horretaz gain, espazio agentzien arteko akordioak ere badaude.

Espazio agentzia edo herrialde bakoitzak ISSra eramaten duen elementu bakoitza (laborategiak, esaterako) herrialde horren lurraldea izango balitz bezala tratatzen da, eta herrialdeak eskumena du bai elementuekiko, bai astronautekiko. Jatorrizko herrialdeko legedia aplikatzen zaie.

Betetzen al dira arauak?

Ez. Espazioaren garapen militarra etengabea da, eta, hitzarmenean debekatutako armetatik kanpo, beste asko daude. Espazioa erabili izan da helburu militarretarako, eta erabiltzen da. Espaziora bidaltzen diren ontzi eta satelite askok erabilera edo helburu bikoitza dute: zibila eta militarra.

Sateliteak helburu garrantzitsuak lirateke gerra batean. Munduko potentzia nagusiek dituzte sateliteen kontrako armak. Baita espazioko indar militarrak ere, AEBek —duela bi urtetik— eta Errusiak, esate baterako. Erresuma Batua, Frantzia, Japonia eta Kanada ere sortzen ari dira.

«Benetan ez dago jokatzeko araurik espazioan: Mendebalde Basatia da». Nork esana den aintzat hartuz gero, larritzekoa dirudi: John Raymond AEBen Espazioko Indarren jenerala, espazioko operazioen burua. Hilaren hasieran hitz egin zuen, araudi eske, Txinaren eta Errusiaren beldur batez ere. Dena den, Raymondek berak onartu zuen arauak urratzeko aukera: «Ez naiz inozoa pentsatzeko, arau sorta bat jarrita ere, guztiek beteko dituztela».

Zer dira Artemis akordioak?

NASAk zortzi herrialderekin bultzatu dituen aldebakarreko akordioak, Ilargiaren esplorazioa arautzeko. Hori bezainbeste, NASAk, AEBek, Ilargian erreferentzialtasuna izateko. Berez, herrialdeek ezin dute Ilargiaren lurralde zatirik haientzat hartu, baina akordio horietan aurreikusi dute Ilargira bidalitako ontzien edota estazioen inguruan «segurtasun eremuak» ezartzea; mugak, alegia. Horrek arazoak eragin ditzake, praktikan estazio iraunkor batek hartutako lurraldea herrialde horren lurralde bihurtu daitekeelako, eta Ilargian izotza hego poloko leku mugatuetan dagoelako. Txinak ez du bat egin akordioekin, baina Ilargiko hego poloan base iraunkor bat jarri nahi du.

Legez, planetak eta Ilargia ustiatu daitezke?

Berez, Kanpo Espaziorako Hitzarmenaren arabera, ez. Gizateriaren ondare direla dio. Beste akordio batek, Ilargiari eta beste zeru gorputzei buruzkoak, 1979an, aurreikusi zuen Ilargiko baliabideak ustiatzea —«posible bada»—, baina horretarako sinatzaileek nazioarteko araudi bat garatu behar zutela zioen. Kontua da hemezortzi herrialdek bakarrik sinatu zutela akordio hori, eta sinatzaileen artean ez daudela espazioko potentzia nagusiak.

Eta praktikan?

Bai. Barack Obamak, AEBetako presidente zela, Ilargian meatzaritza egiteko eskubidea onartu zien herrialdeko enpresei eta banakoei: Ilargia ikertzeko, materiala biltzeko —mea eta ura— eta beretzat hartzeko eskubidea. Alegia, gizateriaren ondare baten ustiaketa pribatua. Donald Trump presidenteak ere erabakia babestu zuen, iaz sinatutako agindu baten bidez. Luxenburgok ere baimendu du Ilargiko meatzaritza.

Zer ari da gertatzen sateliteekin?

Satelite asko daude espazioan, eta askoz ere gehiago egongo dira. Besteak beste, gero eta merkeagoa delako satelite bat espazioratzea. SpaceX (Starlink), Amazon (Kuiper) eta OneWeb enpresak milaka sateliteko megakonstelazioak sortzen ari dira, mundu guztian Internet zerbitzua eskaintzeko: Starlinkek 1.265 bidali ditu, eta Amazonek 3.236 nahi ditu, horietatik erdiak 2026 baino lehen. AEBetako Komunikazio Batzorde Federalak baimena eman die horretarako. Kopuru horiek txiki gera daitezke:SpaceXren asmoa 10.000tik gora bidaltzea da. Samsungek ere bidali nahi ditu, Boeingek, Txinako Gobernuak (Hongyan)...

Satelite megakonstelazio horiek eragingo dituzten arazoetako bat da zaildu eta kutsatu egingo dutela espazioaren behaketa, distira egiten dutelako eta irudiak hartzeko orduan tartean sartzeko aukera handiak daudelako.

Sateliteen erabilerak arrotza edo urruna eman dezake; ez dira Martera, Ilargira edo eguzkira bidalitako misioak bezain bakanak eta ikusgarriak, baina funtsezko tresna bihurtu dira herritarren eguneroko bizimodurako: telekomunikazioetarako, informazioa bidaltzeko, eguraldia iragartzeko, geolokalizaziorako...

Eta zaborrarekin?

Zenbat eta satelite eta espaziontzi gehiago bidali espaziora, orduan eta zabor gehiago: funtzionatzen ez duten sateliteak, talkek edo leherketek eragindako zatiak, zatien arteko talkek eragindakoak, suziri espazialen hondakinak, astronautek galdutako erremintak... Zabor hori Lurrari bueltaka ari da, modu arriskutsuan, sateliteak jo baititzake, abiadura bizian, segundoko 7-8 kilometroan. Zerrendatu eta kontrolatu egiten dituzte zabor puskarik handienak: 22.300 inguru dira. Askoz ere gehiago daude, ordea: 10 zentimetrotik gorakoak, 34.000; zentimetro bat eta hamar zentimetro artekoak, 900.000; eta milimetro bat eta zentimetro bat artekoak, 128 milioi.

Noren ardura da zaborra?

Berez, sortzen duen herrialdearena, baina, praktikan, zabor hori ez dute jasotzen. Espazioan ez dago zaborra biltzeko zerbitzurik.

Eta etorkizunean, zer?

Espazioko araudia gaurkotu beharko dute, erabilera komertzialari eta militarrari dagokionez batez ere. Espazioaren erabilera komertziala gero eta handiagoa da. Espazioko turistak izango dira laster, eta, horrekin lotuta, badira Ilargian hotel bat jartzeko planak ere. Ilargia bezain urrun dirudite, baina gero eta gertuago daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.