Hogeita hamar urratsek bide erdia

Osagarri krisiak aintzira hustu badu ere, antolatzaileek 30 Herri Urrats «ttipien» balorazio zinez baikorra eta itxaropentsua egin dute. Proiektu batzuk gibelatu beharko badituzte ere, bi nagusiek aitzina eginen dute: bosgarren kolegioa eta 38. ikastola Bardozen.

Prentsaurrekoa Senperen. Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak hartu zuen hitza eta aldarikatu zuen hezkuntza sistema propioa. BOB EDME.
Ainize Madariaga
2021eko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Osagarri egoerak hala manaturik, aurten ere, bigarren aldiz, Senpereko aintzira (Lapurdi) hutsik gelditu zen atzo. Alta, Herri Urrats ez zen gelditu ospatu gabe: Zuberoako, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko 37 ikastolek 30 animazio antolatu baitzituzten egunean zehar: jantzi salmenta, janari prestatze, mendi ibilaldi... Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak azpimarratu du ezin zela bi urte segidan utzi Herri Urrats ospatu gabe, topaketa nagusia baita eta galtze handia baita horren ez egitea. Euskarari begira lehenik, «euskararen plaza handiena eta erregularrena» baita. Baina baita Seaskaren ekonomiari begira ere. Seaskako zuzendari Hur Gorostiagak oroitarazi du Herri Urratsen ekarpenaren garrantziaz: «Herri Urratsi esker, gaur egungo ikastolen beharrei erantzuten diegu, alokairuak ordaintzeko, mantenu obrak, baina baita proiektu berriak ere. Hala, osagarri krisiarengatik, lan eta proiektu berri batzuk gibelatu beharko ditugu». Azkaineko ikastola, Ziburukoa, Bidartekoa (Lapurdi) eta Sohütakoa (Zuberoa), adibidez, «estu» gelditu direla ohartarazi du, beraz, batzuek bederen hala segitu beharko dutela oraino.

Horiek hola, atzoko animazioen balorazio biziki ona egin dute. «Biziki kontent gara, muga horiekin guziekin hala ere ikastoletako guraso horiek guziak mobilizatu baitira. Pena dugu, Molac legea ospatu nahi baikenuen, baina aitzinago eginen dugu. Orain, murgiltze eredua kontzientzia guzietan dago. Eta indarra ematen du maite ez gaituen estatuaren kontra borrokatzen segitzeko», gehitu du Gorostiagak.

Beñat Bidegain, Herri Urratsen bi lehendakarietako bat, pozik da atzokoaz: «Ez ditugu oraino ikastola guziak elekatu, baina zinez ontsa pasa da, nahiz ez dugunbilduko usaiako diru guzia. Eskertzen ditugu lanean aritu ziren guraso guziak».

Sosa sosegu

Banaz bertze, 300.000 euro dira usaian Herri Urratsek biltzen dituenak. «Helburu bat eman behar genuen aurten ere, eta 300.000 euroetara heldu nahi genuen, jakinik elkarte anitz sos faltan dela eta jendea ahal bezala ari. Enpresa eta kolektibo batzuen emaitzari esker, atzo, %50 erdietsi dugu. Baina horrek ez dizkigu gibelatuko bi proiektu nagusiak: bosgarren kolegioa eta 38. ikastola, Bardozen».

Boga lelopean, Internet bidezko diru-bilketa kanpaina abiatu zuten aste batzuk badirela: bosgarren kolegiorako teila, leiho, ate, berogailu, kanpoko lan, autobus geltoki edo kirol eremu birtuala eros dezake nahi duenak. Herri Urrats iragan bada ere, oraindik ere egun zenbaitez utziko dute diru emaitzak egiteko parada www.boga.herriurrats.eus webgunearen bidez.

Seaskak duda guti du: sos kopurua ukan ala ez proiektua egin eginen dela. Diru iturri nagusia elkartasuna dela azpimarratu du Jorajuriak. Herri Urrats kari lortzen ez badute, «beste molde batzuk» bilatuko dituztela. Proiektua martxan dute jada, eta 2021. urtea bururatu gabe finantzaketa eta tokia definituko dituztela iragarri du Gorostiagak: «Senpere inguruan edo Hazparnen [Lapurdi] izanen da kolegioa, eta Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako departamenduko kontseiluburuak iragarri du departamenduak diruz lagunduko duela». Kolegioaren beharra azpimarratu dute biek ala biek, Kanbokoa, Ziburukoa, Baionakoa eta Larzabalekoa «ikaslez gainezka» baitira.

Ikastolak emendatzen ari

Bardozeko ikastolari buruz, berriz, Bidegainek txalotu egin du mobilizatu den guraso taldea: «Bada oraino euskaldun andana bat Bardozen, Lasserren gaskoi lurretan. Guraso motibatuei esker, aitzina aterako dute; zorionak eta bizi luze bat ikastola berriari! Hamar ikasle baino gutiagorekin abiatuko dira, baina Donamartirikoa [Nafarroa Beherea] bederatzirekin hasi zen, alta, orain, hirurogeitik gora ikasle dira!».

Diru bilketak segitzen du, baina ez da Iparraldeko ikastolen borroka bakarra. Oroitarazi dute murgiltze eredua ez dela berria, baitira 50 urte Seaskak ama ikastolatik baxoraino euskarazko hezkuntza eskaintzen duela. Ondorioz, baxoa eta brebeta azterketek ere euskaraz beharrezkoak izan behar dutela aldarrikatu dute Jorajuriak eta Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak. Aurten, gainera, kezka bat haboro dute: Nafarroa Garaian, Gipuzkoan, Araban edo Bizkaian ikasi ahal izateko baxoko emaitzak ez ote dituzten berandu jakinen, izen ematea eragotziz.

Hari beretik, Max Brisson senatariak prentsaurrekoan aitortu du murgiltze eredua dela bakarra euskaldunak bermatzen dituena, eta ez dela «hautazkoa», baizik eta «betebehar» bat.

Molac hizkuntza gutxituen lege berriari dei egin izanak Jean Rene Etxegarai Hiri Elkargoko lehendakariaren haserrea piztu du. «Indar satanikoak» direla erran du; are, «administrazio zentrala dela arazo eta blokeatzaile». Antton Kurutxarri Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari eta Hiri Elkargoko lehendakariordeak dei egin du Boga leloari jarraitzera. Talde lanean, norabide berean segitzea, hots, Molac legea bozkatu aitzin egin duten bezala, ondotik ere segituko dutela.

Nola ez, atzo, gogoan izan zuten Mixel Berhokoirigoin: «Guraso, laborari eta militante gisa agurtzen dugu», erran du Bidegainek. Eta umorez bota du: «Xinaurriak berantetsiak gara Herri Urrats normala ospatzeko, lanean aritzeko behar bezala, ez baikara intelektual, baizik eta manual. Hitzordua finkatzen dugu heldu den urteko, langile, guraso, ikasle eta laguntzaile guziei!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.