Durangon, enpresa biri kargu hartu diete bentzenoagatik

2019ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Bentzeno emisioak murrizteko agindu die Eusko Jaurlaritzak Durangoko (Bizkaia) bi galdategiri. Azaldu du bi enpresa horien bentzeno isuriak «legeak zehazten duen kopuruaren azpitik» daudela, baina «denboran mantentzen» ari direla, eta neurriak hartu behar dituztela. Hau da legeak baimendutako bentzeno maila: urtean bost mikrogramo aireko metro kuboko. Gehitu du «herritarren osasuna kontrolatzeko neurriak indartu» dituztela. Hilabeteko epea izango dute galdategiek isuriak murrizteko. Jaurlaritzak gogorarazi du bentzenoa gehien erabilitako lehen hogei produktu kimikoetan dagoela, eta «oso arriskutsua» dela.

Durangoko airea kontrolatzeko «kanpaina intentsibo» batean hauteman dituzte bentzeno isuriak. Hasieran, teknikariek ezin izan zuten argitu nondik zetozen; izan ere, argudiatu dute Durangoko industriek ez dutela erabiltzen bentzeno hidrokarburoa. Horregatik, Jaurlaritzak adierazi du azterketa sakonago bat jarri zutela martxan, eta orduan jakin zutela bi galdategik sortzen zutela airean antzemandako bentzenoa.

Hidrokarburo hori ez da erabiltzen galdategietan eta antzeko fabriketan, Jaurlaritzak azaldu duenez. EHUko adituekin ikerketa bat egin ostean, zera ondorioztatu dute: bi galdategiek ez dute, berez, bentzenoa erabiltzen, baina ekoizpen fasean sortzen da, material zehatz batzuk tenperatura altuan lantzean.

Udala, lasaitasun eske

Durangoko Udalak ere Jaurlaritzaren ildo beretik hitz egin du. Ohar bat argitaratu du, lasaitasun eske. Gogorarazi du neurtutako bentzeno maila «legeak ezarritako mugen barruan dagoela», eta hori ez dela «arriskutsua». Neurriak «ahalik eta azkarrena» ezartzeko eskatu die bi enpresei, eta gobernuari galdegin dio «erabateko zorroztasunez» jokatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.