Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

'Game over'

2021eko irailaren 3a
00:00
Entzun
Jolas gaitezen: ea asmatzen duzun zutabe honetan aurrerago egin gabe. Zerk batzen ditu Jose Coronado, Carlos Sobera, Belen Esteban eta Rafa Nadal? Coach emozional berbera dute akaso? Ile-apaintzailea, bestela? Mira quién baila saioko partaide multzoa ote da? Edo, beharbada, Espainiako Ogasunari dirutza zor dioten famatuen zerrenda osatzen dute?

Litekeena da aurreko lau baieztapenetako bat —edo bat baino gehiago— egiatia izatea. Baina hala balitz ere, beste bat da asmatu behar zenuen erantzun zuzena: laurek ala laurek apustu etxeak edota online-jokoak sustatzeko telebista iragarkietan hartu dute parte. Susmatzekoa denez, diru poltsa potolo samarraren truke.

Iragarkiok —edo amuok— prime-time ordutegian emititzen dira gero, soldata kobratu berri duen jokalari beterano bat ez bada, laster jokozale porrokatuak izan daitezkeen nerabe gosetiak arrantzatzeko asmoz. Arrantzatu, eta larrutu. Eta lortzen dute, noski; bai, behintzat, hurrengo iragarkirako izen sonatuko beste pertsona bat konbentzitzeko (edo erosteko) beste.

Hala izan da oraintsu arte. Itzuleretara itzultzearekin nahiko lan izan dugulako da agian, baina Hegoaldean oharkabean igaro da halako jardueren —jarduera deitu ahal ote zaio iruzurrean oinarritzen den negozioari?— sustapena arautzen duen legedian izandako aldaketa. Aurrerantzean, apustu-etxeek ezingo dute pertsona ezagunen irudia iragartzeko erabili. Akabo zenbait aktore, aurkezle eta abarren pagotxa.

Ez hori bakarrik: beste moduren batera egindako iragarkia telebistan eman nahi badute, goizeko ordu bata eta bostak artean egin ahal izango dute soilik; eta Interneten bada, aldiz, hartzailearen baimen esplizitua beharko dute. Kirol taldeek, bestalde, ezingo dituzte jokoa eskaintzen duten enpresak babesletzat hartu.

Ez naiz ni izango aspaldian ezarria behar zuen legea belarriekin txalotu eta iraultzailetzat joko duena. ETBk, esaterako, 2019an erabaki zuen gisa horretako iragarkiak ez onartzea. Baina eragin duen erreakzioak —zeharo asaldatu dira apustu-etxeak, guru neoliberalak eta hedabide pribatuak— kirol emankizunen, telebisten eta kazetarien alde ilunena salatzen du: zenbat telebista ereduk dute oinarrian ludopatia bultzatu eta eskrupulurik gabe xahutzea? Zenbat poltsiko bete ditu horrek?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.