Eurokopan San Mamesen zaleak egotea «zail» ikusten du Espainiak

ainara arratibel gascon
2021eko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Eurokopa Bilbon jokatuz gero, publikoarekin jokatzea. Horixeizan da Bilboko Udal Gobernuaren nahia. Hala, atzo goizean Europa Pressek udal iturrietatik zabaldutakoaren arabera, Espainiako Futbol Federazioa eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila horretarako ados jarri ziren. Bi erakunde horien artean osatuta eta sinatuta zeuzkaten UEFAk Bilboko egoitzaren inguruan eskatzen zituen dokumentuak, eta, hala, neurketetara 13.000 lagun inguru joan ahalko ziren, estadioaren edukieraren %25.

Baina 13.000 lagun sartzeko hainbat baldintza bete beharko zituen pandemiaren egoerak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Besteak beste, herritarren %60k immunizatua egon beharko zuten, ospitaleetako okupazioak %8tik beherakoa izan beharko zuen, eta birusaren transmisioak oso txikia izan beharko zuen.

Horren haritik iritsi zen iluntzean Espainiako Futbol Federazioaren oharra: bertan,adierazi zuen ez zituela baldintza horiek adostu Jaurlaritzarekin, eta «oso zaila» dela betetzea. «Horrenbestez, UEFAk txosten hori aztertuta hartzen duen erabakia ez da gure ardura izango, eman dugulako abisua baldintza horiek betetzea ezinezkoa dela».

Alexander Ceferin UEFAko presidenteak argi utzi zuen duela hilabete inguru: Eurokoparen egoitza izateko ezinbestekoa izango da zaleak estadioan sartu ahal izatea. Hilaren 19an edo 20ean hartuko da erabakia.

Larunbatean, mobilizazioa

Eurokopa Bilbon egiteko asmoa geratzeko, manifestazio nazional batera deitu du Eurokopa honi ez plataformak datorren larunbaterako. «Ezin dugu Euskal Herria gurutzatu, baina San Mamesen 13.000 pertsona sar daitezke». Bilbon egingo da manifestazio nagusia. Iruñean eta Gasteizen ere manifestatzera deitu du plataformak.

EH Bilduk, berriz, Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren eta Jon Redondo Kiroletako zuzendariaren agerraldia eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.