Iban Zaldua. Idazlea

«Fantasia interesatzen zait egia bat argitzeko balio dezakeen neurrian»

Kasik bere ipuingintzaren adar guztiak erakutsi ditu bere azken narrazio bilduman Iban Zaldua idazleak. 'Inon ez, inoiz ez' idatzi ostean, lehenengoz hutsik sentitzen du kaxa. «Hemendik aurrerakoa izan daiteke zerbait ezberdina, edo ez».

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Gasteiz
2014ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Oraingoan hustuta gelditu dela dio. Hustuta, lehenengoz. Bere ipuingintzaren katalogo osoa bildu kasik, ia hirurehun orri dituen Inon ez, inoiz ez narrazio bilduman. Onartu du egindako ahalegina lehen kolpean, baina berehala egin du atzera. «Obran ipinitako ahaleginak ez du ezer justifikatzen, eta emaitzaz ez nago, azken finean, batere seguru». Gasteizko EHUko Letren Fakultateko bere bulegoan, liburuz, artikuluz eta azterketaz inguratuta dagoela, trantsizio une batean dirudi Iban Zalduak (Donostia, 1966). Bere pertsonaietako askori ezartzen dien linbo moduko horretan. Iban Zaldua baten ostean, eta Iban Zaldua baten atarian.

Esango nuke orain arte zapaldu ez dituzun bide batzuk urratzen saiatu zarela. Hala izan da?

Liburu hau aurreko beste batzuk baino dibertsoagoa da. Nik uste dut badagoela ipuin eta gai batzuetan sakontasun pixka bat gehiago lortzeko ahalegina. Baina uste dut bidea lehendik markatuta zetorrela, eta irekitako bide horiei jarraitzea izan dela lana batez ere. Gertatzen dena da ildo horiek bakanago agertzen zirela aurreko liburuetan, eta honetan luzeagoa den neurrian, eta mota ezberdineko ipuinak tartekatzen diren neurrian, inpresioa eman dezakeela aniztasun gehiago dagoela.

Fantasiakoetan erraz antzematen da zure estiloa, baina ipuin errealistagoetan badago orain arte hainbeste erakutsi ez duzun ahots bat.

Zerikusia izan dezake horrek nire azken urteetako irakurketekin. Ni ipuingintza fantastikoarekin oso lotutako oinarri batetik abiatzen naiz; gaztaroko irakurketetan hori izan zen nagusi, eta, bai, irakurtzen nituen [Ernest] Hemingway, [Anton] Txekhov eta halako gauzak, baina ez zitzaizkidan gustatzen gehiegi. Iruditzen zitzaizkidan nahiko gauza gatzgabeak. Gero berriz hartu ditut, eta horretarako asko balio izan dit Gasteizko irakurle klubak. [Zalduak gidatzen du klub hori]. Katherine Mansfield, adibidez, irakurri nuen 19 urterekin, eta iruditu zitzaidan erabat gatzgabea, eta nahiko abandonatuta neukan, baina euskararako itzulpena aprobetxatuz beste aukera bat eman nion, eta apasionatu egin ninduen. Nik uste dut hor urteek daukatela kulpa pixka bat. Ez dut esan nahi helduagoa naizenik, ze nire zalantzak dauzkat horren inguruan, baina bai badaukat esperientzia metatu gehiago, eta zuku gehiago atera diot mota horretako ipuingintzari, bizitzari modu zuzenago batean heltzen dion horri, bokazio nobelesko handiagoa duen horri. Hori nolabait ere filtratu egin da nire ipuinetara. Juan Carlos Onetti, Jhumpa Lahiri, Tobias Wolff, Simenon, Ignacio Aldekoa, Xabier Montoia, Pello Lizarralde, Ramon Saizarbitoria, Eider Rodriguez...

Bilbon hamar minutu pasatu zenituen nobelarik ez duzula idatziko argudiatzen, liburuaren aurkezpenean. Ukapen horrek baieztapen bat ezkutatzen du?

Egia da baditudala pare bat ideia buruan benetako nobelak izango liratekeenak, eta ez orain arte idatzi ditudanak bezala, nobela faltsuak direnak. Baina, bestalde, nahiko konbentzituta nago oraindik ere ipuingile onak direnak ez direla nobelista onak izaten, eta alderantziz. Ez dakit saltoa emango dudan, baina badaude ideia pare bat buruan, bai.

Izan ere, ipuin klase asko idatzi dituzu liburuan, eta irudi du katalogoa amaitu nahi izan duzula. Fase baten amaiera da?

Gauza horiez konturatzeko, idazleak gara okerrenak. Horretarako daude kritikoak eta literaturaren historialariak; horretarako ordaintzen diegu, ez? Halako gauzak esateko. Nik orain esan dezakedan gauza bakarra da kaxa hustu egin dudala honekin. Horrek esan nahi du hemendik aurrerakoa izan daitekeela ezberdina edo ez. Hemendik aurrera Biodiskografiak eta liburu hau auto-itzultzen murgiltzeko asmoa dut, eta horrek ematen dit aukera beste proiektu berezi batean ez sartzeko. Ez dakit parentesi horren ondoren helduko diodan nobelaren proiektuari edo jarraituko dudan ipuinak idazten.

Aurreko liburuekin ere sentitu duzu tiradera erabat hustu izanaren sentsazio hori?

Ez. Etorkizuna-ren ostean ere gertatu zitzaidan pixka bat. Ez hainbeste agian, ze berehala jarraitu nuen ipuinak idazten. Hau da lehen aldia halako parentesia irekitzen zaidana.

Errealismoa eta fantasia. Ez dirudi haien artean alde handirik ikusten duzunik.

Ipuinari eman nahi diodan trataerak eskatzen dit batzuetan leiho fantastikoa zabaltzea eta beste batzuetan erregistro errealistagoa erabiltzea. Baina nik uste azkenean gauza berbera kontatzen duzula biekin. Errealismoa ez da beste konbentzio bat baino, eta batzuetan konbentzionalagoa suertatzen da buelta fantastikoa baino. Niri fantastikoa interesatzen zait egia bat argitu dezakeen neurrian. Fantasia fantasiagatik ez zait interesatzen. Interesatzen zait fantasiaren intersekzio hori ez errealitatearekin, zeina batzuetan eraikuntza baita, baizik eta errealitate horretatik irten daitekeen egiarekin, nahiz eta honek guztiak nahiko kursia dirudien eta den.

Gatazkari buruzko ipuinak bildu dituzu liburuko bigarren atalean, eta fantasma bati buruzko ipuinarekin ixten duzu sail hori. Deigarri egin zait hautua. Irudipena izan dut zuk zeuk ere gatazka euskal literaturan bueltaka ibiliko den fantasma gisa ikusten ote duzun.

Fantasma bat baino gehiago Hamleten espektroa da, noizean behin etorriko zaiguna bronka botatzera eta kontuz ibiltzeko esatera. Nik uste gure belaunaldikoentzat inebitablea dela espektro horrekin bizitzea. Hor egongo da beti. Seguru asko ez da gai esportagarriegia izango, baina gure barne produktu gordinaren kontsumorako hor egongo da. Etengabe bueltak eman beharko dizkiogu, eta literatur gaia izaten jarraituko du. Ez da kasualitatea atala ipuin horrekin bukatzea, ez. Hor memoriaren fantasmari dei egiten diot neurri batean. Horrekin bizi beharko dugu, adiskidetu, borrokatu, haserretu... Hori izango da gure bizitzaren zati bat eta literaturaren zati bat. Zorionez, zati bat. Niretzat beti izan da gai bat derrigorrezkoa. Inbidia ematen didate gai horren inguruan inolako literaturarik egiteko kezkarik ez daukatenek. Iruditzen zait oso egoera zoriontsua dela haiena, baina niri zaila egiten zait gaia saihestea bizi izan duguna bizi ondoren.

Liburuko beste bi ataletan bada maiz errepikatzen den metafora bat: linboarena. Linbo modukotzat duzu literatura ere?

Liburuaren izenburuak esaten du nahiko garbi. Danteren Jainkozko komedia-n parterik interesgarriena da infernuari buruzkoa. Ni askoz ere modestoagoa naiz, eta nire espazioa purgatorioarena da. Eta interesatzen zait, ze nire ustez hori da zona grisa. Zona gris hori iruditzen zait literarioena, eta baita gure gristasun garaikidearekin hobekien doana ere, eta mendebaldeko gizarte mesokratiko dekadente hauek hobekien errepresentatzen dituena. II. Mundu Gerra bizi izan banu, infernuaz hitz egingo nuke gehiago. Baina sinbolistegia jartzen ari naiz, eta ez dakit hori den nire asmoa. Hau dena esaten dut inteligenteagoa ematearren, baina pentsatzen dut ziur asko hor bizi garela: linbo horretan. Eta interesgarria iruditu zait liburuan linboa literarioki esplizitoagoa egitea.

Zure liburuaren kritiketan eta aurkezpenetan, zure estiloa da maiz aipatzen diren ezaugarrietariko bat. Zama egiten zaizu hori?

Ez. Kontrakoa esan didate urte luzez: hau da, estilorik gabeko gizona naizela. Entzun dut oso serioski eta batzuetan baita oso maltzurki esanda ere, baina ados nengoen. Ni oso imitatiboa izan naiz beti. Ni hasi nintzen batez ere [Lem] Stanislawen ipuinak plagiatzen, eta, miretsitako idazle horien zerbait kopiatu ondoren, nire ardura izan da beti ipuin eraginkorra idaztea: soberako koiperik gabekoak eta helburura nahiko zuzen joaten direnak. Jendea batez ere liburu honekin ari zait esaten estiloarena. Heldu naiz estilora ohartu gabe. Eta agian bibliografia bat izatearen ondorioa ere bada. Bibliografia bat izateak suposatzen du baduzula buztan bat jarraitzen zaituena atzetik, musker batek bezala. Jendeak esaten duena sinesten hasi naiz: lortu dut estilo bat. Niretzat hori ez da zama. Neurri batean ematen dit segurtasun pixka bat orri zuriaren aurrean, duela hamar edo hogei urte ez neukana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.