gorka julio
IRLEN SAREA

Kaos maitagarria

2022ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Ezer esateko ez dugunean, eguraldia hitzaspertu bihurtzen dugu. Klima aldaketa, uda giroa edo postpandemia dela eta, meteosentsibleago gaudela esatera ausartuko nintzateke. Kalean, baina, bada zurrumurru bat: eguraldi iragarleek bezala, teknologia berriek ere ez dute eguraldiarekin asmatzea lortzen. Ez da egia, baina egiatik badu, egiarik bada...

Egia esan, iragarpen modeloek ez dute hain gaizki egiten. Ehunka webgune eta aplikazio topatuko dituzu sarean eguraldia iragartzeko, baina hartu bat, Windy. Windy instalatuz gero, mapa batean haizea, euria, tenperatura, olatuak... agertzen direla ikusiko duzu. Azpian, erabilitako modeloa ere aipatzen du ECMWF erabiltzen du lehenetsi bezala, baina GFS, MBLBUE, ICON-EU eta AROME aukera ditzakezu eta alderatu. Denak ezberdinak, fidagarritasun maila ezberdinekin. Nola fidatu bada?

Eguraldiaren iragarpena sistema kaotiko bat da. Epe laburrerako iragarpenak txukunak izan badaitezke ere—zure bizilagunaren iritziaren kontra—, epe luzera huts egiten dute maiz. Eta informazio eta tresna asko izanda ere, ezin da 14 egun baino gehiagorako iragarpenik egin. Sistema kaotikoek hiru ezaugarri betetzen dituzte: linealtasunik eza, hasierako egoeran oso aldaketa txikiak gertatzen direnean duten sentikortasun izugarria, eta sistemaren portaera aurreikusteko zailtasuna prozesatu edo kalkulatu arte. Baina, portaera aurre esanezin hori izan arren, sistema determinista da. Hau da, parametro jakin batzuetarako, sistema zehatzagoa izango da, probabilitate handiarekin.

Gakoetako bat datuetan dago, estazio meteorologikoak, sateliteak eta gainerako teknologiak ditugu: hezetasuna, haizea, tenperatura, presioa, prezipitazioa eta beste aldagai batzuk neurtzeko. Hegazkinek ere informazio baliagarria ematen dute, bereziki haizeari dagokionean.

Ondoren, eredu matematikoak eta analizatuko dituzten ordenagailuak behar ditugu, baina inoiz ez da perfektua izango. Horietako batzuek adimen artifiziala erabiliko dute, iraganeko datu eta portaerak, iragarpen batera proiektatzeko; sorpresa: adimen artifiziala iragana da! Neurketa bakoitzean erroreak daude eta gero eta hobeagoak izanik ere, sistema konplexuek duten propietate batekin egingo dugu topo, aldaketa txiki batek, aldaketa handiak sortzeko aukerarekin; kaos maitagarria!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.