Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Ikerketaren garaia?

2020ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Pentsatu une bakar batez nolakoa izango litzatekeen egungo medikuntza zientziaren laguntzarik gabe. Diagnostikoak, horiek egiteko materialak, azpiegiturak, etab. «Zientzian gauzak astiro doaz», dio Aran Garcia Donostiako Material Fisikoen Nazioarteko Zentroko (DIPC) Ikerbasque ikerlariak. Gustatuko litzaioke COVID-19aren krisiak irakaspen hori ateratzeko balio izatea. Hain zuzen, gizarteari erakusteko zientziak ez dituela «mirariak» egiten. Ez dela posible esatea: «Gaur txerto bat behar dugu, eta bi hilabetera txerto hori izatea». Zientziaren esparrua landu zuen ETB1eko Ur handitan saioak astearteko atalean.

Behar dugun txerto hori azalduko al da? Badirudi baietz, baina ez «behar edo nahi dugun bazain azkar». Hala uste du Izaro Kortazar neurologo eta Bioarabako ikerlariak. Zientziaren munduko adituei entzun dizkien epeak «urte eta erdi ingurukoak» dira. Sektorean hesi asko dago haren ustez, bereziki denborari lotutakoak, eta asko borrokatu behar da. Ikerlarien lan baldintzak hobetu daitezkeela dio Eneko Axpe NASAko eta Stanford Unibertsitateko ikerlariak. Doktore tesia egiten dabiltzan euskal ikerlariek, kasurako, «mila eurotik beherako» soldata dute.

Javier Aizpurua ikerketa irakaslearen ustez, zientzia ederra da. Alde batetik, «egiatik gertuago» jartzen gaituelako. Eta, bestetik, gure naturaren «esentzia» ulertzen laguntzen gaituelako. «Hori baino edertasun handiagorik ez da existitzen». Baina zientziaren gaineko «ikuspegi miopea» hedatua dago gizartean. Pedro Miguel EtxenikeDIPCeko lehendakariak dioenez, jende asko dago galdezka zergatik zientziara bideratutako dirutzaren ostean ez den txertorik orain. Naturari edo ikerketari «ezin zaio eskatu abiadura handiagoan joatea». Ikuspegi horrek zientziari kalte handia egiten dio.

Zientzian inbertitu gabe, etorkizun kaskarra ikusten dute adituek. Argi dute ikerketari askotan ematen ez zaion garrantzia jartzeko balio izan duela pandemiak. Baina etorkizunean bere funtzioa aldatuko al da? Ziurgabetasun egoera bat bizi dugu, eta funtsezkoa izango da zientzialariak alboan izatea egoera berri horri aurre egiteko. Krisien aurrean erantzunak izateko, alegia. Irakaspen hori, esango nuke, telebistaren esparrura ere ekar daitekeela. Hori bai, baldin eta agintariek erabakitzen badute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.