Miren Manias.
EKOGRAFIAK

«Libreago»

2020ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Susi Caramelo itzuli da. Kataluniako umorista eta telebista aurkezlea. Oraingoan, programa propioarekin: Caramelo. Herenegun estreinatu zuten #0 katean, 22:00etan. Movistar+ telebista kateak esan duenez, saio berezia izan zen, gay eta lesbianen harrotasun egunaren harira, eta programak irailetik aurrera izango du segida. Aurkezlea kate berean ikusi genuen aurretik, besteak beste, Las que faltaban izeneko late night-ean. Emakumeek sortutako, gidatutako eta aurkeztutako umorezko tarte ausarta. Igande gauetan ematen zuten; tamalez, hilabete gutxi batzuk iraun zuen. Caramelok kolaboratzaile lanak egiten zituen, kalean landutako bideoak platoan aurkezten. Oihartzun eta arrakasta izugarria bereganatu zuen sare sozialetan. Fenomeno horrek eta haren talentuak programa propioa bermatu zioten.

Aurreko saioa programaziotik kendu baino lehen adierazi zion Movistar+-ek Caramelori harentzat tarte berria egingo zutela. Audientzia katearen gainera bota baino lehen, halaxe helarazi zuten ere sare sozialen bitartez. Haren itzulera ikusteko egunak kontatzen aritu gara jarraitzaileok, koronabirusaren krisia baino lehen eman behar baitzuten Carameloren programa.

Lehen atalak 49 minutu inguru iraun zuen, eta Caramelo markari lotuta aurretik ikusi dugunaren ildo berari jarraitzen dio. Bera da protagonista nagusia. Estudioko platoa kalearekin ordezkatu dute. «Libreago» sentitzen baita kalean grabatzen. Hain zuzen, Madrilgo parke batean jarri dizkiote mahaia eta gonbidatuaren eserlekua. Caramelok, ordea, ez du saio osoa bertan egiten. Mikrofonoa eskuan eta kamerariaren laguntzaz, bere etxe inguruko tokiak, tabernak eta ezagunak grabatzen ditu.

Jende arrunta eta ezaguna nahasten ditu bere programa berrian. Kasurako, Jose Manuel Parada espainiar telebista aurkezlea izan zen haren sofan. Hortik Madrilgo Chueca auzora salto egin zuen, gay eta lesbianen harrotasun eguneko pregoilari «ez-ofizial» gisa aritzeko. Azpimarratuko nuke Caramelok helarazten duen askatasun sentimendua programa egitean. Ordainezina baita. Baina sare sozialetako arrakastarekin alderatuta, zalantza daukat pantaila txikian hainbeste begi bilduko dituen irailetik aurrera. Pilula formatuko kontsumo kutsua hartzen diot haren programa berriari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.