Pilota. EPELen buruz buruko txapelketako finala

Loriaren monopolioak

Irujok eta Olaizola II.ak elkarren aurkako buruz buruko bosgarren finala jokatuko dute igandean; oraingoz, Retegi I.ak eta Lajosek adina, Azkaratek eta Atano X.ak baino bat gehiago, eta Retegi II.ak eta Galarza III.ak baino bi gutxiago. Final klasikoak dira.

Juan Martinez de Irujo pilota astintzeko zorian, Aimar Olaizola begira duela, iaz, Gasteizko Andre Maria Zuriaren Torneoan. LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Retegi I.ak eta Lajosek ezin zutela elkar ikusi zioten, eta Atano X.aren eta Azkarateren arteko final batzuk jokatu aurreko egunetan izan zen tirabira ere... Pilota bezain zaharrak dira izen eta abizendun partida horiek, euren inguruan sorturiko mitoak. Heroia eta nemesia. Pilotaren historiako atal asko bi deituraren arteko loturarekin idazten dira. Atano III.a eta Gallastegiren urteak, Eugi-Belokirenak, Retegi eta Lajosenak... XXI. mende hasiera Irujo eta Olaizolaren garaia bezala gogoratuko dute etorkizunean. Egon dira pilotari gehiago, baina buruz buruko txapelketak kentzen eta ematen du loria, eta hark izendatzen ditu aroak. Gutxienez lau aldiz jokatu diren finalak sar daitezke manomanistako klasikoen multzoan.

1954an hasi ziren finalak urtero jokatzen, eta 1961era arte ez zen lehen lehia klasikoa iritsi. Aurreko urteetan Garcia Ariño I.aren, Ogetaren eta Arriaran II.aren artean banatu zituzten txapelak. Lehen monopolioa Hilario Azkaratek eta Luciano Juaristi Atano X.-ak (Atanillo) eraiki zuten. Lau final jokatu zituzten jarraian elkarren aurka: 1965, 1966, 1967 eta 1968an. Bina txapel irabazi zituzten, tartekatuz. Pilotaren dikotomiaren eredu ziren. Azkarate, atzelaria, bizkaitarra, zabala eta indartsua; Atano X.a, berriz, txikia, aurrelaria, gipuzkoar arina eta trebea. 1967ko finalaren aurretik pisatu zituztenean, Azkaratek 90 kilo zituen eta Atanok, 66 baino ez.

Euren arteko harremana ez zen txarra, eta ikustekoa zen Atanoren tristura aurpegia iaz Azkarate ehortzi zutenean. Hala ere, euren finaletan ere egon ziren eztabaidak. 1967koa telebistaz zuzenean eman zen aurrenekoa izan zen, eta, horren eraginez, Atanori ukatu egin zioten eskaturiko atzerapena. Garai haietan ere arraroa zen finalak hasiera batean zehazturiko egunean jokatzea, eta aurreko urteko txapeldunak atzeratzen zuen normalean. Azkaratek irabazi zuen (22-18), atzetik gora eginda. 1968an, berriz, sakeko marrak sortu zuen liskarra. Atano sakatzaile trebea zen, eta finalerdietan Retegi I.ari saketik triskantza egin ondoren, Bizkaiko Pilota Federazioak sakeko marra laugarren koadrora atzeratzeko eskatu zuen, 1945eko araudiko lege baten izenean. Ordura arte ez zen inoiz aplikatu. Erabakiak hautsak harrotu zituen, baina Atano X.ak onartu egin zuen, finala 22-17 irabazi aurretik.

Azkaratek Atanoren aurkako lehen finala jokatu zuenean 29 urte zituen; aurkariak, berriz, 31. Azkaratek bederatzi final jokatu eta sei txapel irabazi zituen; Atanok, berriz, bost jokatu eta bi irabazi. Azkarate izan zen 1969an kale egin zuena, eta Retegi I.ak irabazi zuen txapela. Retegitar leinuko aurrenekoarekin orain arte iraun duen aginte nafarra hasi zen, eta, era berean, beste final klasikoko protagonistetako batek lehen txapela irabazi zuen. Agian pilota izan zen ezinikusi gogorrena.

Bostetik hiru

Juan Inazio Retegi eta Julian Lajosen arteko harremana oso txarra dela diote 1970eko hamarkada hasierako kronikek. Pilotariak gertutik ezagutu zituztenek, baina, ezinikusia bataren eta bestearen aldeko zale zein kazetarien artekoa dela esaten dute, eta bi txapeldun ohiak ez zirela hain gaizki konpontzen. Garai hartan, kazetariek ahal handia zuten iritzi korronteak eratzeko. Dena den, deigarria da elkarren aurka jokatu behar zituzten bost finaletatik hiru bakarrik jokatu zirela, eta beste biak, ofizialki, arazo fisikoengatik bertan behera gelditu zirela. Aurrenekoan, Retegik 27 urte zituen, eta Lajosek, 30.

Buruz buruko finalen palmaresak bost finaletan elkartzen ditu Eratsungo aurrelaria eta Ultzamako atzelaria: 1970, 1971, 1972, 1975 eta 1976an. 1974an, Lajosek Enpresas Unidas enpresa utzi eta Eskularira joan izanak ere ez zuen lagundu giroa lasaitzen. Agian egia izango da ingurukoek elikaturiko ezinikusia izan zela. Lajosek aurreneko eta azken finala irabazi zuen (22-17). 1976koa, baina, ez zen jokatu, Retegi I.a eskuko minez zegoelako. Retegi I.ak, berriz, beste biak irabazi zituen: 22-20, 1973an; eta 22-14, 1975ean. Azken final horrek ikusmin handia sortu zuen, ordurako enpresa ezberdinetan zeudelako. Gehien gogoratzen dena 1972koa da: Lajosek antsietate kolpea izan zuen aukeraketan gustuko pilotarik ez zuelako aurkitu. Atzerapena eskatu, eta ez zioten onartu, eta palmaresean giharretako arazoengatik ez zuela jokatu ezarri zen.

Retegitar batek besteari eman zion lekukoa monopolioen zerrendan. Julian ilobak, Retegi II.ak, eta Ladis Galarzak elkarren aurkako buruz buruko zazpi final jokatu zituzten: 1983, 1984, 1985, 1988, 1991, 1992 eta 1993an. Atano III.a eta Gallastegirekin batera, final bakarra jokatu zuten arren, 1948an, Atanok 48 urte zituenean, pilotak inoiz izan duen lehia klasikoena da. Bakoitza enpresa batekoa izateak gatza gehitu zien finalei; horrez gain, bi pilotariak izaera, adin eta dohain desberdinetakoak ziren. Retegi aurrelaria zen, irabazle sutsua; Galarza III.a, berriz, atzelari ahaltsua, baina urduria. Retegi (Eratsun, 1954) Galarza III.a (Baraibar, 1960) baino sei urte zaharragoa zen.

1993ko final gogoangarria

Galarzarekin aurrenekoz jokatu zuenerako, Retegi hiru aldiz txapeldun izana zen, eta Baraibarkoaren aurkako lehen lau finalak eta azkena irabazi zituen. Eratsungoak guztira hamalau final jokatu zituen, eta 11 irabazi. Galarza III.ak 1991 eta 1992ko finalak irabazi zituen. Halere, gehien gogoratzen dena 1993koa da. Galarza zen faborito, sasoi bikainean zegoelako. Indarraren eta abileziaren arteko lehia izan zen, 343 pilotakadakoa, eta Retegik azkenekoz jantzi zuen txapela (22-19). 39 urterekin, buruz burukoan berriz ez parte hartzea erabaki zuen.

Lehia historikoak aztertzen jarrita, meritu gehien duena Irujo eta Olaizola II.aren arteko saga da. Azalpena erraza da: 1995era arte aurreko urteko txapelduna zuzenean sailkatzen zen finalerako; beraz, bietako bat beti zegoen finalean. Olaizola II.a eta Irujoren kasuan, finalera iristeko bina partida irabazi behar izan dituzte gutxienez, txapeldun izanda ere final-laurdenetan ekin baitiote hurrengo urteko manomanistari. Igandekoa elkarren aurkako bosgarrena izango da, eta bina irabazita daude: Irujok, 2006an eta 2009an; Olaizolak, 2005ean eta iaz.

Final klasikoei dagokienez, Irujo eta Olaizolaren artekoa da postu bereko bi pilotarien arteko bakarra, biak aurrelariak baitira. Izaera, berriz, oso ezberdina dute. Irujo, bizia eta sutsua; Olaizola,hotza eta zehatza. Euren kasuan ere enpresa desberdinekoak izateak lehia piztu izan du. Lehen finala jokatu zutenean, Irujok 24 urte zituen, eta Olaizola II.ak, 26. Egun 31 eta 33 urte dituzte, eta finalista klasikoen adinaren bilakaera ikusita, ez litzateke harritzekoa oraindik ere beste finalen bat elkarren aurka jokatzea.

Eugi-Beloki, hiru gehi bat

Patxi Eugiren eta Ruben Belokiren arteko finalek ere aro bat markatu zuten, hiru final bakarrik jokatu zituzten arren: 1998, 2000 eta 2001ekoa. Hiruretan faborito ez zenak irabazi zuen; bi aldiz Belokik eta behin Eugik. Aspe eta Asegarceren arteko akordiorik ezak laugarren bat jokatzea eragotzi zuen, 1999an. Enpresa bakoitzak bere txapelketa antolatu, eta Eugi eta Beloki izan ziren txapeldun. Tituluak bateratuta, lau izango ziren elkarren aurka jokaturiko finalak. Historian pilotari gehiago ere iritsi dira finalera hiru aldiz: Azkarate-Garcia Ariño I.a (1962, 1963 eta 1964), eta Retegi II.a-Tolosa (1986, 1987 eta 1989).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.