Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Pandemiako salbatzailea

2021eko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Gabonak familiarekin egoteko egunak izaten dira. Askorentzat elkartzeko egun bereziak dira, eta urte guztian ikusten ez dituzten senideekin elkartzeko aukera ere izaten da. Pandemiako bigarren urte honetan familia ikustea zaila izan da batzuetan. Gehienak COVID-19an positiboak ekiditen ibili gara, eta positiboek, berriz, bakarrik pasatu dituzte egun hauek. Familiarekin konektatua egoteko sakelakoa erabili dute gehienek, eta bakartasun horren aurka telebista izan dute lagun. Egun hauetako programazioa ez da bereziki ona izaten. Goazen-en Eguberrietako saio berezia ikusgai egon da ETB1en, eta beste kate batzuek dantzatzeko saioak jarri dituzte.

Pandemia hasi zenetik dantzatzea arriskutsua izan dela esan digute duela gutxi arte. Tabernak irekiak zeuden, baina bertan ezin zen dantzatu. Askorentzat albiste ona izan zen debeku hori kendu zenean, baina egoera berriro okertu da. Dantzatzeko musika oso ona izan dugu pandemian, eta askok etxean egin behar izan dugu.

Munduan Bad Bunny izan zen 2020. urtean disko gehien atera zituen abeslaria. Hiru disko atera zituen, eta dantzatzekoak ziren gehienak. Egun hauetan, Simpsondarrak telesaileko kapitulu batean Puerto Ricoko abeslaria agertu da. Bertan, Homer Simpson sakelakoari itsatsita agertzen da, eta bere familia galtzen ari dela ikusten da. Egoera hori konpontzeko, Bad Bunnyren Te deseo lo mejor abestia agertzen da, eta abeslariak kontzertu bat ematen du Springfielden. Simpsons familia berriro elkartuko da abestiari esker. Telesail hori bikaina da arrazoi askorengatik, baina baita pertsona ezagunak agertzen direlako ere bertan.

Hiru minutuko eszena horretan, telesailak gaur egungo gaiak jorratzen ditu: pertsona gertukoen beharra, konektatua egotearen menpetasuna eta gure errealitateaz konsziente izatea. Azken urteetan sakelakoa askotan beharrezkoa dugu, lan egiteko, gure lagun eta familiarekin hitz egiteko edota denbora pasatzeko. Horrek menpekotasun handia sortu du gizartean, eta eszena horrek modu oso onean erakutsi nahi digu egoera. Eguberrietako opari txiki moduan hartu nahi dut eszena. Bad Bunnyk 2020. urtean bere hiru diskoekin opari asko egin zizkigun, eta oraingoan telesail baten eszena moduan egin digu. Dudarik gabe, pandemiako salbatzailea dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.