Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Ez partidari buruz, ez Camacho buruz

2021eko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Ekografia hauetako bat idazteko aukera emango zidala eta, aitzakia biribila neukan herenegun arratsaldean Espainiako futbol selekzioaren Eurokopako partida, Eslovakiaren aurkakoa, lasai ikusteko, inolako kontzientzia kargarik gabe, horregatik alfer zorritsu sentitu gabe, ezta espainolista atzerakoi ere, pentsatu bainuen, gainera, Jose Antonio Camacho futbolari eta Espainiako selekzionatzaile ohi eta gaur egun telebista esatariari buruzko aipamen ironiko edo dibertigarri bat eginez —zinez erraza begitantzen zitzaidan zeregina, esan gabe doa— nire asmoa apain beterik izango nuela, kurioso-kurioso, berripaper euskaltzale eta progresista honen irakurle estimatuen plazererako.

Camachok aurtengo Eurokopan jaurtitako esaldien antologia koxkor bat ere eskuratu nuen, Interneten han-hemenka ibilita ahalegin handirik gabe osatua, idatziko nuen artikulua hornitzeko baliagarri izango zitzaidalakoan. Ez ziren, dena esan behar bada, ikaragarri irrigarri edo lotsagarriak Camachoren esaldi horiek, baina banekien Camachoren irudiari lotuta ederki funtzionatuko zutela haren bizkar barre eginarazteko. Horregatik eskuratu ez ezik euskaratu ere egin nituen Camachoren esaldiak, lana aurreratzeko. Camachok eguneko partidan jaurtitako bat edo beste gehitzea espero nuen gainera, eta horrek freskotasuna emango zion testuari.

Baina azken orduan jabetu nintzen etxepeko bilera genuela partidaren ordu berean —bada munduan jende arduragabea, bada munduan jende bihotzik gabea, ez dakit zein den kasu honi dagokiona—, eta partida ikusi gabe gelditu behar izan nuen. Badakit atzerapenez ere ikus nezakeela, baina lotsarazi egin ninduen neure burua Espainiako selekzioa ikusteko eta Camacho entzuteko horrela ibili beharrak, atzetik eta hatsanka, haien premia banu bezala. Begitandu zitzaidan hori egitea ezarritako derrigorrezko erreferentzien peskizan ibiltzea izango zela, ustez kritikatzen dugun horri men egiteko eta haren indarra eta oihartzuna handitzeko beste modu bat. Horregatik erabaki nuen ez nuela ez partidari buruz, ez Camachori buruz idatziko.

Horixe egin dut. Erabaki horren fruitu da artikulu hau, erabakia hartu ez banu idatziko nukeenaren adinakoa gutxienez, nire uste beti apal eta, jakina, eztabaidagarrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.