Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Konfesioa

2021eko irailaren 29a
00:00
Entzun
Aitortuko dizuet: baieztapen borobil gutxi geratzen zaizkit. Hori bai, maitasun kantetan ederrena zein den galdetzen badidazu, ez dut bi aldiz pentsatu beharrik. Gaztelaniazkoa da, eta Javier Kraherena omen, nahiz eta nik Alberto Perezi entzun nion lehenengoz. Nos ocupamos del mar du izena. Metafora naturistekin kontatzen du bikote «orekatu» baten oinarria dena. Baina ez da hori ni liluratu ninduena, ezpada lerro hunkigarri horiekin tartekatzen diren beste estrofa batzuk gehitu zizkiotela gero; iragarki labur forma hartzen dutenak, abestia eteten duten irrati kuñak bailiran.

Ariketa plagiatu nahi nuen gaurko zutabean: pilula labur batzuk tartekatu, iragarki pieza txikiak, irakurketa erabat oztopatu gabe. Baina ez. Honezkero den-denok geure buruaren promozio etengabean bizi gara —begiratu zure Instagram kontua—. Zintzoagoa iruditu zait jolasari uko egin eta konfesatzea. Konfesatzea behingoz.

Kazetariaren kode deontologikoa hautsi baitut. Kritikariaren kode morala birrindu. Lanbide-kide zintzoaren marra gorriak igaro. Deitu nahi duzuen bezala. Orriotan telebistaz hitz eta pitz nenbilen bitartean, erdi ezkutuan, Bilboko EITBko egoitzara aritu naiz joaten. Edo alderantziz: Gazteak zabalduko duen saio bat ondu dugu azken hilabeteotan, eta ni, bien bitartean, beste saio batzuez idazten aritu naiz hemen. Batean zein bestean, infiltratua: Matt Dammon eta Leonardo DiCaprioren pare.

Barne-gatazka gogorra izan da, baina uler nazazue: telebistako kontuez —eta ez soilik pantailan ikuste denaz— idatzi nahi duenak telebista barrutik ezagutu behar du. Gezurtatzen ahalegindu arren, kritikari guztiok daramagu, gainera, egile frustratu—baina itxaropentsu— bat gure barrualde ilunean. Baina bekatura eraman nauena ez da hori bakarrik izan, ez: urte asko daramatzagu Hiru Damatxon lanean, baina lehen aldiz ordainduko digute geure kabuz ere egingo genukeen saio bat egiteagatik. Eta garrantzitsuagoa dena: saioa guk nahi genukeen bezala egin ahal izan dugu, baita dirua EITBk jarrita ere. Pentsatuko duzue: nahikoa al da hori hain gai preziatua den sinesgarritasuna kolokan jartzeko? Merezi izan ote du? Zulora du izena saioak, eta ostegun honetatik aurrera zabalduko dugu sarean. Ikusi eta zuek erantzungo didazue.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.