Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Mugako heriotzak

2022ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Ikus-entzunezko baten ekoizpena ez da postprodukzioa errematatzean bukatzen. Noiz eta nola zabaldu ebazteak buruko minak ematen ditu, eta ez gutxi. Urteurrenek, bestelako ekitaldiek, zinema jaialdiek, dirulaguntzek edo dena delakoaren nazioarteko eguna gisako asmakizunek baldintzatzen dute. Batzuetan ezinezkoa dirudi emisiorako egun egokia aurkitzea. Eta beste batzuetan, hala nahi izan gabe asmatzen da bete-betean. Begira, bestela, aste honetan BBCren Africa Eye saioak zabaldu duena. Migrazioari begiratzeko moduak bazterrotan eztabaida —eta zalaparta— eragin dituen bolada berean plazaratu dute Death in the border dokumentala.

BBCren lanak Europara bidean datozen migranteek jasaten dituzten erasoak jasotzen ditu, baina ez modu orokor edo abstraktuan. Pasa den ekainaren 24an, Melillan 25 migrante erail zituztenekoa du aztergai. Biziraun zutenen testigantzak, sarean zabaldu ziren bideoak eta politikarien adierazpenak —Jon Iñarriturenak, besteak beste— jaso dituzte horretarako. Irudi gordinak ikusiak genituen aurrez, baita Marokoko Poliziaren indarkeria basatia ere. Dokumentalak bertan zirenei aurpegia eta izen-abizenak jartzen dizkie, ordea. Mediterraneoan hildakoak zenbaki hutstzat ditugun garaiotan, ez da azaleko ekarpena.

Erreportajeak arreta bereganatu badu ez da, dena den, horregatik; ezpada Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroaren esanak gezurtatzen dituelako. Dokumentalaren arabera, hildako horietako zenbait Espainiaren kontrolpeko lurretan gertatu ziren. Nazioarteko araudien perspektibatik garrantzitsua izango da, eta salaketa horrek Espainiako Gobernua urduritu du, ziur. Baina mugaren bi aldeen eztabaidak ez luke ardura banaketa desitxuratu behar. BBCren lanak ondo jasotzen du hori: Marokoren eta Espainiaren arteko akordioek hala eskatzen dutelako jokatu zuen horren gogor Marokoko Poliziak. Edozein aldetan gertatuta ere, Espainiako Gobernua berdin da hildako horien erantzule. Muga hiltzaileak behar dituenak, desoreka erabat injustuak betikotu nahi dituelako behar ditu. Desiragarriena litzateke nork bere herrialdean duinki bizi ahal izatea, nola ez. Baina mugak edo migrazioa mugatzeak ez du hori ahalbidetzen. Alderantziz, kosta ahala kosta, egoera betikotzeko funtzioa du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.