Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Abenturak

2023ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Gure ideiak besteek nola hartuko dituzten jakin baino lehenago zalantza asko pizten zaizkigu. Besteari gustatuko zaio? Niretzat ideia ona dena besteentzat ona izango al da? Telebistarako proposatzen diren ideiekin antzeko zerbait gertatzen da. Ekoizleek ideiak aurrera eramaten dituzte, eta, telebistan plazaratzen diren egun horretan, urduritasun handia dago. Formatu batek indarra hartzen duenean, urduritasun hori apaldu egiten da, eta publikoarentzat ona izan dena errepikatzeko aukera dago. Baina zer gertatzen da formatu hori beste publiko batentzat prestatzen baduzu? Aurreko astean jakin genuen RTVEk ETB2ko El Conquistador del fin del mundo saioaren eskubideak erosi dituela. Hurrengo urtera begira, saio horrek bi bertsio izango ditu: ETB2n ikusgai egongo dena eta RTVEk ekoitziko duena. Gutxi dakigu Espainiako telebista publikoak egingo duenaren inguruan. Eskubideen erosketaren albistea eman duten hedabideen arabera, Julian Iantzi bera izan daiteke aurkezlea. Ez dakigunaren inguruan hausnartu dezakegu: proba berdinak izango al dira? Espainiako bandera astinduko al du saioko irabazleak? Zein saiok izango ditu ikusle datu hobeak?

Ez da lehen aldia RTVEk EITBri saio baten eskubideak erosten dizkiona. Vaya Semanita saioarekin berdin gertatu zen. Kasu horretan, Vaya Semanita-k aurkezlea aldatu zuen, eta La1 katean Made in China saioa agertu zen. Kate espainiarraren bertsioak ez zuen arrakastarik izan eta bertan behera geratu zen proiektua. Vaya Semanita-k, aldiz, iraun egin zuen ETB2n.

Made in China-ren antzeko zerbait gertatuko dela iruditzen zait, El conquis saioaren formatua ez delako berria. Biziraupena erronkatzat duten saio gehiago daude; besteak beste, Supervivientes saioak arrakasta du Telecinco katean. Saio horren arrakasta pertsonaia famatuen bizitzen inguruan gehiago jakiteko aukeran datza, baina bizitza egoera bortitzetara eramaten duen beste saio bat dela esan dezakegu. Ikusteko dago zer-nolako jarrera hartuko duen Espainiako publikoak Hego Euskal Herrian hainbesteko arrakasta duen saio horrekin. Ez dakit zer sentituko duten ekoizleek estreinaldiaren egunean, baina publiko aldaketa horrek ekarriko duen ziurgabetasunak bi gauza ekar ditzake: arrakasta edo porrota.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.