Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Armen gizartea

2023ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Armek beti eman didate beldurra. Gaztea nintzenean, ertzainek eramaten zituzten armak ikustean, beldurra sentitzen nuen, eta gaur egun poliziarekin topo egiten dudanean ere antzekoa sentitzen dut. Europan armak kalean ikustea ez da ohikoa; AEBetan, aldiz, ez da berdina. Bertan, armak erabiltzeko erraztasuna dago eta urtero pertsona asko hiltzen dira tiroketen ondorioz. Egoera hobeto ulertzeko, Almudena Ariza kazetariak erreportaje bikaina egin duRTVEko Españoles en conflicto saio berrian. Más armas que habitantes (Biztanleak baino arma gehiago) izenburua jarri dio lehen kapituluari, eta, ezinezkoa badirudi ere, bertako errealitatea azaltzen du izenburuarekin.

AEBetan oso erraza da arma bat lortzea. Estatu bakoitzak legedi eta arau desberdinak ditu pertsona batek arma bat eduki ahal izateko. Arma bat edukitzea askatasun eta eskubide bezala ikusten dute hango biztanleek, beren konstituzioak hala jasotzen duelako. Ariza Texas eta Nevada estatuetara joan da, eta han bizi diren espainiarren bizipenak jaso ditu. Texasen armen tradizioa sakratua da. Kanaria uharteetako emakume batekin topo egin du han. Armen defendatzaile sutsua da eta hotzikara sortu dit bere testigantzak. Bere familia armen kulturan hezi nahi du eta bere alaba nagusiari eskopeta txiki bat erosi dio armak nola erabiltzen diren ikas dezan.

Armen defendatzaileen bestelako testigantzak jasotzen ditu saioak, baina armen arriskuak egunero ikusten dituzten pertsonekin ere hitz egiten du. Horien artean dago Las Vegasen bizi den Valentziako irakasle bat. Bere eskolan tiroketa bat gertatzen bada, bere lehen eginbeharra lepoan daraman botoi bat zanpatzea da.

AEBetako gizartea alerta egoeran bizi da. Askok armak dituzte beren burua babesteko, baina arriskua zein den galdetzean, «pertsona gaiztoak» aipatzen dituzte. Pertsona gaizto horiek, haiek bezala, armatuak daude. Armarik gabeko gizarte bat lortzea ezinezkoa da haientzat. Arizak, asteazkenero, gatazka bat erakutsiko digu saio honetan. Atzo Hego Koreako gizartea aztertzen duen erreportaje berria eskaini zuten. Saio honetan euskaldunik agertuko den ez dakigu oraindik, baina argi dago urruneko gatazka hauek gertuko pertsonak hobeto ulertzeko aukera emango digula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.