gorka julio
IRLEN SAREA

Poltsikoa

2020ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Poltsikoa edo sakela oso sinbolo interesgarria da. Krisi honek poltsikoan eragingo digula esaten dugu; poltsikoak galtzetan izate soilak boterea ere irudika dezake, eta poltsikorik ez izateak botere eza; sakelak berak izena ematen dio gaur egun gehien erabiltzen dugun gailuari, sakelakoari. Gauzak (denetarik) gordetzeko erabiltzen dugula ahaztu gabe noski, era digitalean poltsiko, sakelako, Pocket digital bat aurkeztu nahi dizuet gaurkoan.

Pocket, lehen Read It Later izenez ezaguna, aplikazio eta web-zerbitzu bat da. Erabiltzaileari Internetetik lortutako irakurketa-zerrendak administratzeko aukera ematen dio. Mahai gaineko bertsioa 2007an kaleratu zen, eta gaur egun erabilgarri dago macOS, Windows, iOS, Android... sistementzat ere. 2017an Mozillak erosi zuen Pocket, bere Firefox nabigatzaile ezagunarekin uztartzeko. Gaur egun, ezer instalatu beharrik izan gabe, helbide barraren ondoan azaltzen den ikono baten bidez erabil daiteke.

Pocket-ek aukera ematen dio erabiltzaileari web orri bateko edukia hodeian gordetzeko, gero irakurtzeko. Gordetako artikulua erabiltzailearen zerrenda batera bidaltzen du ondoren, Interneten beharrik gabe irakurtzeko (offline). Automatikoki sinkronizatzen du erabiltzailearen gailu guztietan, eta irakurgarritasuna hobetzeko beharrezkoak ez diren atalak sinplifikatzen ditu, testu karaktereak moldatuz eta pantailara egokituz.

Jasotako edukiak etiketatu, artxibatu eta gogoko bezala marka daitezke, horien bilaketa errazteko. Sakelako bertsioan beste erabiltzaile batzuekin ere parteka daitezke. Horrela, jasotzen goazen informazioak antolatzeaz gain, beste batzuekin partekatu eta Pocketek berak gomendatutakoekin irakurtzeko aukera dugu.

Bereziki interesgarria iruditu zait garai hauetan. Informazioaren kudeaketa oso zaila izaten ari den egunetan, artikulu interesgarriak gorde eta gero irakurtzeko aukera (hobetua) oso baliagarria bihurtu da niretzat informazio fluxua antolatzeko.

Orain arte komentatu ez dudan funtzio bat ere badu tresnak: artikuluak irakurtzen ditu. Noski, gazteleraz edo ingelesez badira soilik, katalanez edo euskaraz ez baitu hitz egin nahi oraindik. Era honetako teknologiek duten garrantzia azpimarratzeaz gain, teknologiak existitzeaz gain, ahots sintesia kasu, hauek tresnetan txertatzeak dauka garrantzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.