gorka julio
EKOGRAFIAK

Piletan pentsatu

2020ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Teknologia neurri batean edo bestean kontrolatzen dugun askotan eztabaidatzen dugu. Gehienetan erabiltzaile gisa pentsatzen dugu, baina askatasun edo kontrol maila ezberdinak daude, eta horretan akaso pilaren metaforak lagun dezake apur bat.

Pilaren metafora oso baliagarria da gauza askotarako. Ez naiz ari elektrizitatea metatzeko balio duten pilez, geruza ezberdinez osatutako egiturez baizik. Geruza bakoitza independentea da, baina goikoekin edo behekoekin erlazionatzeko era zehatz bat dauka.

Pila ezagunenetakoa TCP/IP da, baina ez trabatu izenean. Pentsatu Internet bidez gailu ezberdinak konektatzeko eta informazioa alde batetik bestera helarazteko tarteko pauso asko eman behar direla. Sare batera konektatuta egon behar du fisikoki, izan kablez edo uhinez; Internetera konektatuta egon beharko du gero; konexio bat ezarri beharko da puntu biren artean edo informazioa nola pasako den protokolo baten bidez definitu; eta, amaitzeko, aplikazio baten bidez egin nahi den hori egiteko aukera izango genuke, adibidez nabigatu.

Azken geruza horri begiratzen diogu maiz, zein aplikazio darabilgun, nolakoa den, zein ezaugarri dituen, baina beste guztiak ere garrantzitsuak dira. Azpiegitura oinarrizkoenetan, sareetan, kableak eta antenak zeinek jartzen ditu? Zeinek kontrolatzen? Zein ezaugarrirekin eta kosturekin konektatzen gara sarera? Zeinek dauka sarbidea?...

Pila horietan pentsatzeak ematen digu, nolabait, gure askatasunaren edo kontrolaren neurri bat. Aldi berean, abantaila bat ere badu horrela pentsatzeak: geruza bati bakarrik begiratuz gero, horretan zentratu gaitezke, baldin eta gero goiko edo beheko geruzekin nola lotuko den pentsatzen badugu. Kaleak zeharkatzen dituzten hodiak azpiegitura garrantzitsua dira, adibidez.

Pilaren metafora honek hausnarketarako balio du eta teknologiaz haratago erabili daiteke. Nola dago eraikia gure jendartea? Zein da oinarrian dagoena? Zer eta nola eraikitzen dira ondorengoak? Geruzak banaka azter daitezke eta bakoitzarentzat irtenbideak eta alternatibak proposatu. Gauzak aldatu ahal izateko, pila guztia aldatu daiteke, baina errazagoa da geruza horietako bakoitzean gauzak aldatzen hastea, horrek besteetan eragina baitu. Metafora urrunegi eraman dut akaso, baina Maiatzaren Lehenaren biharamuna da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.