gorka julio
IRLEN SAREA

Elkar laguntza ekonomikoaz

2020ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Ekonomikoki garai txarrak bizitzea tokatuko zaigula dirudi eta horretarako prestatu beharko dugu. Aurreztu dezakeenak gehiago aurreztuko du hilabete hauetan, baina daukatenek ez daukatenetara dirua edo baliabideak eramatea garrantzitsuagoa izango da. Zentzu horretan, neurri fiskalak dira tresna nagusia, baina horiek iritsi bitartean edo iristen ez badira ere, jendeak antolatzeko bideak baditu eta teknologiak badu zer esana.

Auzolaguntza edo crowdfunding-a da ezagunenetakoa. Oso era ezberdinak daude hori egiteko, baina denek eskatzen dute lana. Jarri nahi duzun horri forma eman, komunikatu eta jendeak ordainetan jasoko dituen sariak antolatu eta banatu beharko dira, adibidez.

Plataforma asko dago horretarako. Verkami da ezagunenetakoa, sortzaileei bideratua, baina izaera guztiz pribatukoa. Goteo da beste bat, ekarpen komun bat bilatzen duten proiektuak oinarri dituena, fundazio bat atzean duena. Itsulapikoa.eus da, akaso, crowdfunding plataforma erreferentziazkoa Euskal Herrian. Elkarte bat dauka atzean eta oso ondo funtzionatzen du. Crowdfunding bat baino gehiago diren ekimenak ere badira, bere izaera sozialagatik. Adibidez: Gofundme.com/f/oarsoaldekoa-erresistentzia-kutxa edo bizihotsa.eus.

Beste tresna interesgarri bat txanpon sozial digitalena da. Kontutan hartu Ipar Euskal Herrian Euskoak daukan indarra. Europa mailako era horretako moneta handienetarikoa da, handiena ez bada. Tokiko moneta osagarri bat, zirkuitu itxi batean funtzionatzen duena, eta bazkideen artean itzultzen dena. Tokiko ekonomia suspertzeko eta berpizteko tresna erabilgarria. Zentzu horretan, ekimen berriak jaiotzen ari dira; ongi etorria eman diezaiogun Ekhilur.eus ekimenari ere.

Tresna horiek guztiek jendearen arteko sostengu sareak eraikitzeko balia daitezke. Askotan esperientzia zehatzak dira, txikiak, baina elkar laguntza handiagoetan pentsatzeko balio dute. Pentsa ditzakegu birbanaketarako zirkuitu handiagoak? Aurrekoan Andoni Mikelarenak idatzi zuen soldataren parte bat, oinarrizko beharrak asetzera bideratuta, bertako ekonomia burujabetzan lan egiten duten enpresetan inbertitzeko aukeraz. Lotu ditzakegu, teknologia, auzolaguntza, tokiko monetak eta herri proiektuak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.