EKOGRAFIAK

Alderdien hautua

Lander Arretxea.
2019ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Amaitu da Espainiako «demokraziaren festa». Gehiegizko euforiarik gabe baina pozik, hala dago batez besteko euskalduna. Baita Hego Euskal Herrian ordezkaritza lortu duten alderdiak ere. Analisietarako tartea da: zer gehiengo osatuko diren; zer joera egon diren, zergatik; udal eta foru bozetan aldaketarik aurreikus ote daitekeen...

Askorik aldatu ez dena ETBk hauteskundeen jarraipena egiteko hartutako bidea da. Ohi bezala, bi kateetan egin dute saio berezia; euskaraz bata, gaztelaniaz bestea. Ohi bezala, baliabide gehiago jarri dituzte ETB2ko saioa osatzeko ETB1ekorako baino: kazetari gehiago, gonbidatu gehiago, eta, euskarazkoan ez bezala, alderdien ordezkariak bertan. Ohi bezala, gaztelaniazkoa eman dute ETB Sat katean. Honezkero ohituta behar genuke, baina eztabaidarako aitzakia izan da hala ere —sareko azpimundu paraleloari begiratuta behin-tzat—. Galdera ez da berria: zer da lehenago, oiloa edo arrautza? Norena da ardura? Gaztelaniazkoan jende gehiagok ikusten duelako jartzen ditu baliabide gehiago ETBk? Edo ETBk baliabide gehiago jartzen dituelako ikusten du jendeak ETB2? Ikusle datuak edozein izanda ere, ETB horrek baldintzatu behar du?

Errepikakorra bezain zaharra da eztabaida. Originaltasunaren izenean bada ere, nahi nuke fokua hirugarren norabide batean jarri. Ez ikusleengana, ez ETBrengana: alderdi politikoengana baizik. Haiek dira Eusko Legebiltzarrean ETBren gorabeherak arautzen dituztenak. Haiek dira saioetara ordezkariak bidaltzen dituztenak. Joera hori aldatzeko gaitasuna izan dezaketenak.

Baina, hauteskundeen ataritan, bakar batek ere ez du nahi izaten lokatz horietan nahasi. Gaztelaniaz arituta handiagoa da itxuraz emaitzetan eragiteko gaitasuna. Egia da: epe motzeko kalkulagailu elektoralistak eskuan, euskararen zentralitatea aldarrikatzeak, gehitu baino gehiago, kendu egiten du. Baina komeni da gogoratzea: euskaraz ulertzen dugunak gero eta gehiago gara. Bada zirrikitu bat hor: kanpainan ere politika eginez desberdintzeko aukera. Besterik ez bada,ETBren kate guztietan emango den saio elebidun bat —nagusiki euskarazkoa, baina nahi duenak erdaraz egiteko aukerarekin— aldarrikatuz. Joera aldatuko duen pausoa emanez. Alderdiena da ardura eta hautua. Batzuena besteena baino gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.