Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Beldurrak eta ziztadak

2022ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Eskola garaian, txertoa jartzeko, erizainak etortzen ziren eskolara eta bertan urte horretako derrigorrezko txertoa jartzen ziguten. Egun horretan urduri jartzen nintzen eta ziztadaren ostean zorabiatzeko beldurrarekin esnatzen nintzen. Egun oso txarra izaten nuen, askotan amari etxean geratzeko eskatzen nion. COVID-19 gaixotasunaren aurkako txertoa haurrei jarri dakiekeenetik, umeen bizipenak telebistan eta sareetan ikusi ditugu. Batzuek beldur diote, eta askok txertoak sortu dien mina helarazi dute beren gurasoek grabatutako bideoetan. Umeen erreakzioak nahiko arruntak dira, beldur irrazionalak bideratzea zaila delako haientzat.

Helduok, aldiz, gure beldurrak beste modu batzuetan bideratzen ditugu. Txertoaren aurkako mugimenduak sortu dira azken hilabeteetan eta iritzi horiek ahots handia hartu dute albistegietan eta iritzi saioetan. Txertoaren aldeko arrazoiak eta aurkako iritziak balantza berean jarri dituzte saio batzuek. Kalean, aldiz, eztabaida hori ez dut ikusi. Nire inguruan jende oso gutxi ezagutzen dut txertoaren aurka, eta arrotzak egiten zaizkit telebistan agertu diren eztabaida horiek. Duela aste batzuk, La Sexta Noche saioan txertoaren aurkako iritzien inguruan galdetu zioten Angel Martini. Hartan, komunikabideek gizarteko herritarrak aurrez aurre jartzeko helburua dutela adierazi zuen. Argi dago kate askok eztabaida hori areagotu dutela eta gizartearen iritziak muturrekoak direla. Novak Djokovic tenis jokalariaren kasuak amorratze egoera hori areagotu du, eta txertoaren aldeko eta aurkako eztabaida zentzurik gabe luzatzen ari dela uste dut. Egoera aldatzeko eztabaida amaitu behar da, eta helburu horrekin hasi zuen ostiralean Javier Ruiz kazetariak Las claves del siglo XXI saioa (TVE). Hartan, txertoa jarri ez dutenak konbentzitzeko zer-nolako estrategiak eman daitezkeen aipatu zuten aditu talde batekin. Medikuak eta abokatuak zeuden bertan eta txertoaren onurak argi utzi zituzten saioaren hasieran. Horrelako saioak behar dira, eztabaida faltsuak pizten dituen mezuak ekiditeko.

Atzo bertan COVID-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosia jarri nuen, eta zutabe hau besoko minarekin eta sukar apur batekin idatzi dut. Nire txikitako beldurrak zientziari esker kendu ditut, eta atzo ez nuen amesgaiztorik izan txertoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.