Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Literaturaren B aldea

2018ko urriaren 10a
00:00
Entzun
ElkarrizKatea da Booktegi-ren telebista saio berria, Aritz Galarragak eta Leire Palaciosek aurkeztua. Zazpi idazlek hartu dute parte edizio honetan, elkarren artean hitz egiteko. Kasu honetan, baina, idazleak elkarrizketatuen eta elkarrizketatzaileen lekuan jarri dituzte. Eta zergatik deitzen da katea? Bada, bata bestearen atzetik doazelako. Galarragak ondo azaltzen du aurkezpen bideoan: «A idazleak B idazleari elkarrizketa egingo dio, hurrengo saioan B idazleak C idazleari, eta horrela katea osatu arte zazpi euskal idazle esanguratsuenetarikoekin». Datu bat, elkarrizketak kronologiko antolatuta daude; adin nagusienekotik gazteenekora. Ikusi nahi baduzue, jo ezazue Booktegi.eus webgunera, bi asterik behin.

Saioa bide da sortzaileen erraiak ikusleei —eta irakurleei— erakusteko. Bestela esanda: orain arte ikusi —eta irakurri— gabeko euskal literaturaren B aldea ekartzeko. Sorkuntza prozesuan aurkitutako erraztasunak zein zailtasunak, edota idazketa literarioak egiteko idazleek izandako motibazioak, besteak beste. Itxaro Borda, adibidez, 15 urterekin hasi zen publikatzen eta literatura izan da kasik bigarren lan bat berarentzat —postaria baitzen ofizioz—. «Nire denbora libre guztia idazten eman dut eta gauza asko sakrifikatu behar izan ditut». Aipatu du ere lanetan sartu ohi dituela postari bezala ezagututako pertsonaiak eta bizipenak, gustatzen zaiolako «jendarte arrunta» irudikatzea.

Arantxa Iturbe, berriz, lotsatia da. Ohitua omen dago elkarrizketatzailearen lekuan egotea eta, gainera, ez zaio esposizio publikoa gustatzen. Irratian duen lanarekin alderatuta, uste du «hitzaren gaineko arreta murrizten» duela irudiak. Telebistan faktore bisualek harrapatzen dute ikuslearen atentzio handiena eta irratiak, aldiz, «ez zaitu hainbeste esklabizatzen». Aditzera ematen duenez, praktikotasuna gustatzen zaio eta horregatik idazten ditu ipuinak: «Ez dute diziplinarik eskatzen». Horrez gain, uste du «herri txikiek istorio txikiak behar dituztela, bere handitasuna eraikitzeko».

Oro har, ElkarrizKatea ideia ona da. Idazleak modu naturalean aritzen direlako eta horrek saioa entretenigarria egiten du. Halere, B aldeko hutsuneak nabariak dira. Besteak beste, nahiko baliabide eta mimo gutxirekin grabatua —zein editatua— dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.