Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Dena egiten zuen gizona

2021eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Jose Maria Ruiz-Mateos pertsona oso berezia izan zen Espainiako enpresa munduan eta politikan. Bere adierazpen eta ekintza asko gogoratuak izan dira, batez ere, antzerkia egiten zuelako aldarrikapenetan. Bere bizitza sare sozialetako gizartearekin batera gertatu izan balitz, meme asko sortuko zituen pertsona izango litzateke orain. Horregatik,RTVEko Play plataforman Ruiz-Mateos: el primer fenómeno viral telesail dokumentala estreinatu dute.

Lau ataletan pertsonaia berezi horren bizitza azaltzen da. Bere bizitzan erlijioa eta familia dira gakoa, eta bere pentsamolde tradizionalak topo egingo du negozioak egiteko dituen moduekin. Ixteko arriskua zuten enpresa ugari erosi zituen, eta horrela sortu zuen Rumasa holdinga. Zorrez beteta zeuden haren enpresa gehienak, baina beti zegoen beste negozio berri bat sortzen. Espainiako Gobernuak Rumasa desjabetzea erabaki zuen eta horrek Ruiz-Mateosen ospea handitu zuen. Askok ezagun dugu Miguel Boyerri eman zion ukabilkada eta «que te pego leche!» esaldia. 1989. urtean izan zen. Une hori biral egin zen hedabide analogikoetan, eta gaur eguneraino iritsi da.

Ia bere performance guztiak jasotzen ditu dokumentalak: Boyerren erasoaren ostean, Supermanez jantzi zen Espainiako Auzitegi Nazionalaren aurrean eta Boyerren ehorzketa antzeztu zuen. Bere aldeko ahotsak jasotzen dira saioan, baina Nueva Rumasa enpresako zor-agiriak erosi ostean kaltetuak izan ziren pertsonen lekukotzak ere bai. Ruiz-Mateos familiaren eraginez kaltetua izan zen Rayo Vallecano futbol taldea. Telesailean zaleen testigantzak jasotzen dira; argi adierazten dute Ruiz-Mateos familiari esker zaleak bateratu egin zirela, eta aldarrikatzaileagoak direla orduz geroztik.

Telesailak Ruiz-Mateosen alaba ez-legitimoaren testigantza jasotzen du: Adela Montes de Oca Chicagon bizi da, eta bere ama Ruiz-Mateosen maitalea izan zen urte askoan. Lekukotza hori garrantzitsua iruditu zait, batez ere Ruiz-Mateosek Felipe Gonzalezen aurka egin zuelako telebista saio batean esanez Espainiako presidente ohiak alaba ez-legitimo bat zuela. Ruiz-Mateos ia bakarrik hil zen eta bere semeek iruzurtzen jarraitu zuten. Succession telesailaz gogoratu naiz, argi baitago errealitateak fikzioa gainditzen duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.