Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

AA

2023ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
AA irakurri eta pilak badira burura datorkizun lehena, despistatua zabiltza. Edo bestela, izango da munduaren martxa ez duzula euskaraz jarraitzen. Adimen artifizialaren akronimoa da AA. Eta oraindik zure Telegram taldeak edo bazkalosteko eztabaidak inbaditu ez baditu, ez zaio gehiegi falta. ChatGPT edo DALL-E-2 gisako zerbitzuek adimen artifizialak dagoeneko zer egin dezakeen (eta zer ez) probatzeko aukera zabaldu dutenetik, bi multzotan banatu gara: eszeptikoak eta liluratuak.

Behin-behinean, liluratuen taldean nago ni. DALL-E-2rekin jolasean hasi nintzen lehenik. Harrigarria da nola eska diezaiokezun edozein irudi, zuk nahi duzun estilokoa, eta zein emaitza txukunak ematen dituen. Dena esan behar bada, ilustratzaile eta diseinatzaileak haserre daude, oinarria euren lana dela argudiatuta. ChatGPT delakoak gehiago aztoratu nau, hala ere. Konprobatu dut gai dela komunikazio plan baten zirriborro zehatz samarra egiteko, baita gai jakin bat proposatuz gero, umorezko esketxak idazteko gomendioak emateko ere.

Tresnaren gaitasunak proban jarri dituen euskaldunik bada, Beñat Erezuma da hori. Orain hilabete izan zen Hitzokei saioan, baina gaur ikusi dut nik, Youtuben. Urko Aristiri kontatu zion ChatGPT noraino eraman ahal izan duen. Poema liburua idatzi zuen, lehenik, AA lagun; eta orain, podcastgintzari ekin dio: Zero eta bat du izena, eta AAk idatzitako —literatur?— testuen irakurketa du oinarri. Baina kontua ez da hor amaitzen: agindu gutxi batzuk emanda azalpen bideoak hutsetik sortzeko moduekin jolasean ari da dagoeneko.

Erezumaren txioen eskutik heldu naiz Dot CSV Youtubeko dibulgazio kanalera. Bertako bideo batean, aipatutako tresnak garatu dituen enpresako —OpenAI— buru den Sam Altmanen solasaldia jaso dute. Bertan dio berariaz plazaratu dutela akastuna den tresna bat, nahi dutelako gizartea pixkanaka ohitzea AAren erabilerara, eztabaidatzea haren potentzialaz edo gatazka moralez... Baina epe motzean puskaz tresna garatuagoak etor daitezkeela. Eta dio, askok uste zutenaren kontrara, ordenagailu parean egiten diren lanak askoz ordezkagarriagoak izango direla laster, lan fisikoak baino. Telebistarako gidoia, planoen hautaketa, edo zutabe hau, guk baino hobeto egin ahal izango ditu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.