Sanpedroak eta sanmartzialak Irunen

Bizikleten ordua jaietan

Ehun txirrindulari inguru lehiatuko dira Irungo 99. San Pedro sari nagusian, bihar

Azken urteetan bezala, 117 kilometroko ibilbidea egingo dute txirrindulariek. IRUNGO TXIRRINDULARI ELKARTEA.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2018ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Bidasoaren ibarrean jai giroan murgilduta daude, San Pedro eta San Martzial festak ospatzen ari baitira Irunen (Gipuzkoa). Alardeaz ez ezik, musikaz, erraldoi eta buruhandiez eta su festaz gozatzeko aukera izango dute egunotan, besteak beste. Baina, ia azken mende osoan gertatu den bezalaxe, kirolak eta kirolzaleek protagonismoa izango dute jaietan, txirrindularitzak, hain justu. Bihar, 99. aldiz jokoan izango da Irungo Txirrindulari Elkarteak azken bi hamarkadetan antolatu duen San Pedro sari nagusia. Txirrindulari lasterketa hori Euskadiko Txirrindularitza Federazioak antolatzen duen Euskaldun Torneoaren egutegiaren parte da aurten ere.

Txirrindulariak irteera marran jarri aurretik, ezin dute jakin zehatz-mehatz zenbat partaide izango diren lasterketan, Juanjo Garagarza Irungo Txirrindulari Elkarteko lehendakariaren arabera. Hala ere, guztira ehun txirrindulari inguruko tropela espero dute antolatzaileek, daukaten esperientzia baliatuta egin duten prebisioaren arabera. Euskaldun Torneoaren egutegiaren barnean dagoenez San Pedro sari nagusia, torneoan aritzen diren gizonezkoen hamahiru taldeen izenean lehiatuko dira partaideak.

Partaideak afizionatuen mailakoak dira, eta 19 eta 26 urte artean dituzte: 23 urtez azpikoak eta elite mailakoak. Gipuzkoakoak, Bizkaikoak, Arabakoak eta Nafarroakoak dira txirrindulariak, eta aurten ez dute Ipar Euskal Herriko partaiderik espero, nahiz eta beste urte batzuetan parte hartu izan duten.

117 kilometroko ibilbidea egingo dute bihar txirrindulariek, azken zortzi urtean baino gehiagoan bezalaxe. Irungo Kolon pasealekutik hasita, Bidasoan gora, Baztango ibarrera joko dute (Nafarroa). Mugairen, Belate mendatetik Ziga aldera joango dira, eta, gero, Mugairera itzulita, Irunera bueltatu. Meaka auzotik barrena, Erlaitz muinoa igoko dute, erabakigarria izango dena, eta Bentak auzotik hiriko erdigunean egongo den helmugara itzuliko dira.

Kolon pasealekuan txapeldunei lehen hiru sariak banatzeaz gain, mendiko saria eta taldekakoa ere banatuko dituzte. Lehen txirrindulari bidasotarrari ere saria emango zaio, Irungo hiru mutilek lasterketan parte hartuko baitute.

Antolaketa, ezinbestez

San Pedro sari nagusia aurrera ateratzea ez zen posible izango Irungo Txirrindulari Elkarteak antolatuko ez balu. Aspalditik dabil lan horretan, duela bi hamarkada antolaketan Irungo San Migel Txirrindulari elkartearen lekukoa hartu zuenetik. Garagarzaren esanetan, Irungo Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren laguntza ere ezinbestekoak dira lasterketak arrakasta izan dezan.

San Pedro sari nagusia 99. aldiz jokatuko dabihar, eta hurrengo urtera begira «mendeurrena antolatzen» ari direla dio Garagarzak. Helburu nagusia «lasterketa sustatzea» izango da, baina oraindik eztabaidatzen ari dira hori nola egin. Izan ere, «dena diruaren menpe dago».

Irungo Txirrindulari Elkartea ez da mugatzen soilik lasterketa antolatzera. Elkartearen helburua formakuntza da: irundar gazteak txirrindularitzan trebatzeko 9 eta 12 urte arteko haurrentzako txirrindularitza eskola edukitzeaz gain, Gipuzkoako eskolarteko txapelketetan lehiatzen diren haurren, kimuen, kadeteen eta gazteen taldeak dituzte. Garagarzaren arabera, gazteei ez diete eskatzen lasterketak egitea: «Pertsonak izan daitezelalehenik, kirolariak gero, eta, lasterketak irabaziz gero, ezin hobeto!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.