Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Askatasuna, arriskua, azkura

2021eko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Euskarazko telebistagintzan azkenaldiko ekarpen interesgarri eta pozgarrienetako bat da Barre librea. Euskarazko telebistagintza guztia bezala —salbuespenik eta erremediorik gabe, eta gaur egun beste ezertarako esperantza handirik gabe—, bitarteko eta aurrekontu murritzez eta ezinbestean soiltasunez egina da, hitzean eta lanean oinarritua.

Indar handia erakusten du bere bakarrizketa guztietan Aitziber Garmendiak, erraietatik hitz eginez eta haietan daukana dinbi-danba bazterrak astintzeko beldurrik gabe atereaz. Artista dago Jon Plazaola, ziur, eroso eta bizi beti kamera aurrean, beldurra auzoan, baita txisterik txarrena ikaratu gabe kontatzeko ere. Agerikoa da bien arteko gertutasuna eta giro ona, eta baita Getari Etxegarai eta Kepa Errastirekin dutena ere, eta hori gonbidatuen artera ere zabaltzen da.

Giro ona gorabehera, ordea, umorea gizartearen eta gizartea osatzen dugun kideon alderdi askoren kritika zorrotza egiteko ere balia daitekeela erakusten du astero Barre librea-k, egileek jakin arren horrek batzuetan ikus-entzule batzuei azkura egin diezaiekeela. Umore librearen aldekoa baita programa, izenburutik hasita.

Askatasunak baditu, alabaina, arriskuak. Askatasunez hitz egiten baduzu, agerian jartzen duzu pentsatzen duzuna. Hori ez da, berez, txarra, baina askatasun hori pentsatzen duzuna aldarrikatzeko erabiltzen baduzu aste batean bai eta hurrengoan ere bai, ez da harritzekoa entzuten zaituena nekatzen hastea.

Saioko bakarrizketa eta esketx batzuek neke hori sentiarazten didate. Horrez gain, bereziki gustu txarrekoak iruditu izan zaizkit, errepikapenagatik eta errazkeriarengatik, erlijioari buruzkoetako asko. Anton Telleriak saioko bakarrizketa batean esan zuen bezala, umore aske eta kritikoa behetik gora egin behar da —berak, aitortu zuenez, horretarako arazo fisikoak baditu ere—, eta irudipena dut saioan Elizari buruzkoei ez ezik, zuzenean ez bada zeharka, errazegi egiten zaiela burla fededun soilei ere. Edo hala nuen behintzat Birjinia Santosen joan den osteguneko bakarrizketa entzun arte, horrek irudipen hori leundu baitzidan.

Eta ez da hori Barre librea-k eragiten didan azkura bakarra. Baina esan beharra dago kasu honetan azkura baino askoz seinale txarragoa izango litzatekeela azkurarik eza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.