Monzonen magnoliak loratzen jarrai dezan

Telesforo Monzon Herrigintza Laborategia sortu dute, «jakintza esparru estrategikoetan» proposamenak lantzeko. Eragile politiko, ekonomiko eta sozial ugari izan dira aurkezpenean

Iratxe Esnaolak eta Urko Aiartzak xehatu zuten proiektua. Aurretik, bisita gidatu bat egin zuten dorrean. JON URBE / FOKU.
jon olano
Bergara
2019ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Magnolia handi batek egiten dio itzala Bergarako Olaso dorrearen lorategiari (Gipuzkoa). Etxe horretan sortu zen Telesforo Monzon politikari abertzale historikoa, eta hura jaio baino urte batzuk lehenago landatu zuten magnolia, Monzonen gurasoei ezkon opari gisa. XIX. mende amaiera zen, eta garai horretan bertan sortu ziren EAJ eta, harekin, abertzaletasun garaikidea. Mendea baino gehiago igarota, eta herriak dituen erronkez eta aukerez gogoeta egiteko, Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategia sortu du Olaso Dorrea fundazioak. Atzo, zuhaitz horren gerizpean batu ziren eragile politiko, ekonomiko eta sozial ugari, Monzonen izena daraman egitasmoaren aurkezpenaren xehetasunak ezagutzeko.

Aurkezpenean izan ziren Udalbiltza, Gipuzkoako Aldundia, EAJ, EH Bildu, EH Bai, ELA, LAB, Gure Esku, Eusko Ikaskuntza, Mondragon Korporazioa, Gaindegia, CAF, Ikastolen Elkartea, Kontseilua, Garapen Kontseilua, Agirre Lehendakaria Center, Sabino Arana fundazioa, Iratzar fundazioa, Puntueus fundazioa, Laborantza Ganbera, Jakin, Elkar fundazioa, Euskal Herriko Unibertsitatea, Udako Euskal Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea, besteak beste.

Egitasmoa «Euskal Herriaren garapenean estrategikoak diren jakintza esparruetan proposamen kualifikatuak egiteko ideien laborategia» da, «estatugintzak eskatzen duen kapital erlazionala eta jakintza sortzeko gunea». Iratxe Esnaola fundazioko lehendakariaren arabera, «elkarkidetzan eta gizarte kohesioan erreferentzia den Euskal Herri burujabea» lortzea da xedea: «Askatasun demokratikoak, aukera berdintasuna eta gizarte inklusioa ardatz dituen Euskal Herri burujabe bat: hori da gure zerumuga».

Burujabetza indartzea xede

Ekinaldiaren sustatzaileek Monzonen esaldi bat baliatu dute egin nahi dutena laburbiltzeko: «Gelditu gaitez ixtan bat eta inguruetara begira. Nondik gatozen behar dugu gogoan hartu. Eta nora goazen ere», esan zuen Monzonek, eta Esnaolak erantsi: «Gelditu, begiratu, erronkak identifikatu eta etorkizuna marraztu» nahi dute, «hipotesi subiranista indartzeko» asmoz: «Herri gisa ditugun gaitasunak modu autozentratuan aktibatzea behar dugu».

Urko Aiartza fundazioko zuzendariaren arabera, euskal nazioa «zarpaildurik» iritsi da globalizaziora: «Hizkuntza komunitate gutxiagotu eta kulturalki menderatua gara». Hori horrela, fundazioko kideen diagnostikoa da Euskal Herriak «erronka globalak» dituela, baina baita haren errealitate zehatzari loturikoak ere: «Krisi demografikoa, euskalduntze prozesuaren eta hezkuntza ereduaren agorpena, digitalizazioa, klima larrialdia...».

«Euskal Herriak herri gisa dituen erronkak ikaragarriak dira, eta kezka nabaria da eragile sozial, publiko eta pribatuetan», adierazi zuen Esnaolak: «Zenbait arlotan inertziaz jokatzen jarraitzen dugu, eta horiek apurtzea ezinbestekoa bilakatu da, Euskal Herriak aurrera egitea nahi badugu. Herri gisa ditugun galderak aldatu egin dira, eta garaiaren eta atakaren neurriko erantzunak eskaini nahi dizkiegu». Erantzunen bila, nazioarteko erreferentziak ere bilatuko dituztela azaldu zuen Aiartzak: «Ekinbide berriak behar ditugu. Gure herriaren bideragarritasun ekonomiko, sozial eta kulturala eta bere ongizatea bermatzeko tresna eta egiteko modu berriak behar ditugu. Eta lurralde kohesioa bultzatuko duten dinamika zentripetuak ere ezinbesteko zaizkigu».

Sustatzaileek ziurtzat dute Euskal Herriak «nahikoa osagai, gaitasun eta jakintza» dituela «Europako herrialdeen erreferentziazko eredu aurreratu bat garatzeko» eta egungo erronkei erantzuteko, eta laborategiaren egitekoa izango da «Euskal Herrian eta atzerrian barreiatuta dagoen inteligentzia kolektibo hori saretzea». Asmoak bururaino eramateko moldeez, azaldu zuten «lankidetza eta elkarlana» bilatuko dutela «eragile publiko, sozial eta pribatuekin». Horregatik, atzo ez zuten emaitzarik aurkeztu, Esnaolak gogorarazi zuenez, abiapuntua baizik.

Ekitaldian mintzatu zen Jose Luis Elkoro Bergarako alkate ohi eta Olaso Dorrea fundazioko patronatuko kide ohia ere, eta pozik agertu zen dorrea, «euskal nortasunaren gotorlekua», egoera onean eta «eduki aberatsarekin» ikusteagatik. Era berean, azpimarratu zuen laborategiaren sustatzaileek Monzonen «Euskal Herriarekiko eta euskararekiko maitasuna eta konpromisoa transmititzen» dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.