Zaintzaren bidetik osasunera

Pazienteen erabakimena sustatzea, zaintzaren alde ezkutuak aintzatestea, genero ikuspegia txertatzea, heriotzan laguntzea: osasun arta dira horiek ere

Itsaso Bengoetxea, Ana I. Rodriguez, Amaia Bacigalupe, Aintzane Orkaizagirre eta Maribel Romo, hitzaldiak hasi aurretik. ANDONI CANELLADA / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2022ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Zaintzaren bidez sistema eraldatzen: elkarrekin gehiago zaintzen. Azaroaren 23tik 25era jardunaldiak egin ziren Donostian, Osakidetzak antolatuta, lelo harekin. Izena, berriz, horra: Euskal Herriko Zainketen II. Jardunaldia. Bietan nagusitu ziren zain hitzarekin hasitako terminoak; zaintzaren begirada txertatzeko ahalegin berezia egin zuten hizlariek. Solasaldietako batean aletutakoak bildu ditu BERRIAk. Han ere agertu zen hitza: Gizartea eta zaintza. Maiztutako hitz hutsa ez zen izan berba solaskideen azalpenetan; aski argigarria izan zen ikusteko nola hezurmamitzen den zaintza egun hainbat osasun egitasmotan, eta zenbat urrats egin behar diren oraino beste hainbatetan txertatzeko.

EHUko Erizaintza irakasle Aintzane Orkaizagirre, EHUko Opik ikerketa taldeko ikertzaile Amaia Bacigalupe, Bizkaiko buru osasuneko Osakidetzako sareko profesional Ana I. Rodriguez eta Osakidetzak eutanasia kasuak aztertzeko eta kontrolatzeko eratua duen berme batzordeko presidente Itsaso Bengoetxea izan ziren solaskideak. Osakidetzako Kalitate zuzendariorde Maribel Romok aurkeztu zituen laurak. Horra hitzaldietatik jasotako ideiak:

AINTZANE ORKAIZAGIRRE
Orfidalak bezainbeste, ezki-lore infusioak

Ikusi ezin diren zaintzen botere ukiezina hitzaldia eman zuen Aintzane Orkaizagirrek. Ogibidearen izenean bertan zain hitza duen ofiziokoa da, erizaina, eta lanbidearen defentsa sutsua egin zuen hitzaldian, baita beren jardunean egiten dituzten «zaintza ikusezinen» boterearena ere. Artega dagoen pazienteari ezki-lore infusio bat ematea, haren burukoa ondo eta eroso jartzen laguntzea, intimitatea babesteko neurriak hartzea... Halakoak aipatu zituen zaintza klase horien artean. Azaldu zuenez, ikusten ditu gaixoak, sentitzen du haien onura, baina «ikusezinak» dira sarritan osasun sistemarentzat.

«Interbentzio horiek askotan ez dira erregistratzen eta aintzatesten instituzionalki, baina laneko denbora hartzen dute, eta helburu dute pazientearen ongizatea, autonomia eta segurtasuna hobetzea», azaldu zuen. Adibide batekin esplikatu zuen: «Paziente bati loa errazteko ezki-lore infusio bat ematea eta orfidal bat ematea, biek helburu bera dute: pazientearen atseden onean laguntzea. Ekintzetako bat, ordea, profesionalagotzat hartzen da, eta erregistratu egiten da; bestea, ez». Horren atzean «teknologia medikoarekin» lotutako jarduerak lehenesteko joera dagoelaadierazi zuen, eta «gutxietsi» egiten direla askotan eremu horretatik ateratzen diren zaintzak: «Ikusezin egiten dituzte».

Pazienteen «kalteberatasuna»aintzat hartu behar dela gogoratu zuen; «izututa» egoten dira asko, beren bizitza planak «zapuztu» direlako nahigabetuta. Eta hor, haiei ematen zaien artan, «premisa» bat defendatu behar dela adierazi zuen Orkaizagirrek: «Tekniketatik eta patologiaren irtenbide fisikoa bilatzen duten prozesuetatik harago dago zaintza». «Paziente bakoitzaren beharretara» egokitzeko ahalegina egin egin behar da, eta horretara bideratuta egoten da usu erizainen lana. Sarri instituzioen partetik ofizioak «aitortza» urria jaso duela esan zuen, ordea. «Arta medikoaren teknifikazioaren» inguruko lilura ikusten du horrenatzean ere, eta«genero estereotipo» estuegiek mehartutako begirada. Erizainek egiten dituzten «zaintza ezkutuko asko» andreen «berezko» ezaugarritzat jo dira gehiegitan: «Eta ez dira aintzakotzat hartu».

Harago egiten asmatze aldera, zaintza mota horiek «identifikatzeko» egin duten ikerlan bat aurkeztu zuen: «Izena jartzen bazaie, errazagoa da balioestea».

AMAIA BACIGALUPE
Ikuskera «androzentrikoa» gainditzeko urratsak


Osasun arloko profesionala ez den solaskide bakarra izan zen Amaia Bacigalupe, soziologoa baita. Pazienteek arta osoa izate aldera, gizarte aldagaiek osasunean eta osasun artan duten eraginari zoli erreparatu behar zaiola nabarmendu zuen, eta begiratu zion, bereziki, generoaren aldagaiari. Halakoetan ezinbestekoa den «esparru teorikoa» deskribatu zuen aurrena. «Egitura heteropatriarkal batean bizi gara, eta andre eta gizonak jartzen gaitu gizarte egoera hierarkizatuetan; andreak mantentzen gaitu espazio bigarren mailakoetan: alde materialean, eta sinbolikoan». Orotan du eragina horrek, eta, jakina, osasunean ere bai: bizi itxaropen luzeagoa izaten dute andreek, baina «osasun aldagaietan» datu txarragoak.

«Androzentrismoan» oinarritutako begirada dago horren atzean, Bacigaluperen esanetan. «Gizonen esperientzia» unibertsal eginda, andreak zoko batean baztertu ditu, esaterako, sarri ikerketa biomedikoak: «Ikusezin egin ditu andreak, haien gorputzak, haien esperientziak». Ez dira iraganeko kontuak: «Egun, askoz ere gutxiago ikertzen dira; azpimarratu egin nahi dut, askoz gutxiago ikertzen dira andreak gizonak baino». Egun argitaratzen diren ikerketa askotan, oraindik ohikoa da ez ematea «bereizita» gizon eta emakumeei dagozkien datuak; COVID-19arekin egindako ikerlanak erabili zituen adibiderako, oraintsukoak direla argi uzteko.

Guztiz txertatua dago lan egiteko era «androzentrikoa», Bacigaluperen arabera, eta ikerketaren oinarrietatik da agerikoa hori:«Ez pertsonekin egiten diren ikerketatan bakarrik. Oraindik, egun animalia har gehiago erabiltzen dira emeak baino».

Osasun artan, gehiago jotzen da andreak «medikalizatzera», eta «psikofarmakoak» ere maizago ematen zaizkie. Depresioari eta antsietateari buruz aritu zen, bereziki: «Andreetan, aldagaiak beti altuagoak dira, argi eta garbi». Botiken preskripzioa handiagoa da. Atzean zer dagoen ikertu, eta aritzeko beste era batzuk aztertzera deitu zuen.

ANA I. RODRIGUEZ
«Paternalismoa» gainditzen, pazienteekin

Ana I. Rodriguez erizainen zuzendaria da Bizkaiko Buruko Osasuneko sarean; pazienteekin «gertu-gertuko» harremana du berak. Haien erabakimena sustatze aldera urteotan egin dituzten urratsen berri eman zuen hitzaldian. «Esperientzia kolaboratibo» gisara aurkeztu zituen. «Esperientzia horietan, partaidetza erabaki estrategiko terapeutikoen ardatza da», esplikatu zuen. Eredu «paternalistagoetatik» urruntzeko ahaleginak dira guztiak ere, «pazientea ardatz» hartzeko asmoz propio landutakoak.

Bidean indartu behar izan dituztenen artean profesionalen «harremanetarako gaitasuna» egon da, horretan iaioago aritzeko. Gustura daude egindako bidearekin. «Horrek dakar artaren kalitatea hobetzea, eta pazientearen esperientzia ere bai».

«Hiru esperientzia kolaboratibo» aurkeztu zituen. Baga: planetako batekin, buruko gaixoek erabakitzen dute krisi egoeratan zer arta mota jaso nahi duten. «Garrantzitsua da krisia heldu aurretik antolatzea nola lan egingo den». Aurretiazko borondateen agiri bat da finean, eriarekin lantzen dutena. Bizitzaren amaierakoekin lotzen dira sarri halako agiri klaseak, baina izan daitezke arta klinikoaren ezaugarriak fintzeko ere. Pazienteak aurretik izandako krisiak aztertzen dituzte prozesuan, harekin batera; haren arta sareari ere erreparatzen diote, eta horiek aintzathartuta idazten dute agiria. «Pazientearekin elkarlanean erabakitzen dugu krisia heltzen denean zer egingo dugun», esan zuen: «Eta pazienteak hautatzen ditu bere egin ditzakeen erantzunak».

Biga: beren zaintzarako gako nagusiak erabakitzen dituzte beste plan batean pazienteek. «Erabakiak era partekatuan hartzeko eredu bat da». Pazientearen helburuak eta jarduerak ezartzen dira, eta agiria sinatzen dute pazienteak eta profesionalek. «Plana berrikusteko epe bat ere zehazten da». Eguneko zentro batzuetan ari dira martxan jartzen halakoak, pixkanaka.

Higa: buruko eriak lotu egiten dira zenbaitetan, eta «modu mekanikoan lotzeko» sistemen erabilera ahalik eta gehien murriztea da abian duten hirugarren egitasmoaren helburua. Fruitua eman du: aurreko estrategiekin lotuta, %70 urritu dituzte neurri mota horiek.

ITSASO BENGOETXEA
Heriotza prozesuan erabakimena handituta

Familia medikua da Itsaso Bengoetxea, baina zainketa aringarrietan espezializatua eta, beraz, zainketa hitza izenean bertan daramaten horietakoa; harro nabarmentzen du. 2021eko ekainetik legezkoa dute osasun profesionalek eutanasiak egitea Hego Euskal Herrian, eta bide horretan Osakidetzak hilabeteotan egin duen prozesuaren berri eman zuen. Legearen asmoetako bat bizitzaren amaiera «duina» dela esan zuen, baina nabarmendu zuen hori lortzeko bidea ez dagoela lege horretan bakarrik. «Seguruenera, duina zer den galdetuta, pertsona adina erantzun egongo dira». Pazienteen «autonomia» errespetatzeko bidean osasun sistemak oraindik bidea egin behar duela adierazi zuen. «Eboluzionatu du osasun sistemak? Profesionalok? Paperetan, bai. Ez dakit paternalismoaren eredutik deliberazioan oinarritutako eredu baterako trantsizioa gertatu den: gertatzen ari da».

Bide horretan, eutanasia arautzeko legean «protagonista nagusiak» eskea egiten duten pazienteak direla esan zuen, eta 45-48 egunetan bideratzen direla batez beste eskabide gehienak. «Ez da azken orduan eskatzekoa». Ondo bideratze aldera, aurrez gaiaren gaineko gogoetak mamitua izatea lagungarria da.

Aditzera eman zuenez, «erreferentzia taldeak» eratu dituzte Osakidetzako erakunde sanitario integratu guztietan: «laguntza» ematen diete eskeak bideratu behar dituzten profesionalei. Osasun Sailak orain arte jakinarazitako datuak eman zituen Bengoetxeak: 75 eske egon dira, 25 onetsi dira. Eskatzaileen soslaia ere egin zuen: gizonak dira gehienak, 65 urte dituzte batez beste, eta patologia neurodegeneratiboren bat dute gehienek; eritasun onkologikoren bat dutenak daude atzetik. «Asko da? Gutxi da? Ez dakit». Belgika eta Herbehereetako datuak dituzte eskura, alderatzeko, baina ez daki datu haiei begira deus argitu daitekeen. Berritu zuen mezua: «Hiltzeko prozesu» osora begira jardun behar da, «kalitatea» helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.