Udal eta foru hauteskundeak

Umeek ez dute botorik ematen

Haur eta nerabeentzako politikak hizpide izan dituzte alderdi politikoek mahai inguru batean. Politika horiek «transbertsalak» izan behar dutela nabarmendu dute

Maite Peña (EAJ), Bea Ilardia (EH Bildu), Teresa Laespada (PSE), Ana Viñals (EP) eta Cristina Martinez (PP). A. LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2023ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Astialdi sareak, EAPN Pobreziaren eta Bazterkeriaren aurkako Europako sareak, Save the Children elkarteak eta Unicefek Haurtzaroa eta nerabezaroa hizpide izeneko jardunaldia antolatu dute Bilbon, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hauteskundeetara aurkezten diren alderdi nagusiak gonbidatu dituzte gaiaz hitz egiteko. Pilar Kaltzada moderatzaileak gogorarazi duen moduan, haurren gaia ez da hauteskunde kanpainetako agendaren erdigunean egoten direnetako bat, eta horri buelta eman nahi izan diote: «Haurrek ez dute botorik ematen, baina eskubideak badituzte, eta horietako bat da gizartean parte hartu eta haien iritziak aintzat hartuak izatea».

Hauteskunde programetan alor honetan proposatzen dituzten neurriak aletu dituzte alderdi politikoetako ordezkariek. Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako diputatu Maite Peña jeltzaleak esan du «ikuspegi aldaketa» behar dela, adingabeak «menpekotzat» jartzeari utzi, eta «eskubideen subjektu» gisa ikusteko: «Urratsak egin ditugu norabide horretan, baina oraindik bide luzea gelditzen zaigu».

EAJren ordezkariaren esanetan, ume eta nerabeena «gai transbertsala» da, haientzako neurriei ez ezik, politika orokorrei ere eragin behar diena, eta «erakundeen arteko elkarlana» eskatzen du behar bezala garatzeko. Hainbat neurri proposatu ditu, eta bi nabarmendu ditu batez ere: komunitatearen «sentsibilizazioan» lan egitea eta prestakuntza ematea «politika publikoekin harremana duten profesional guztiei».

Bizkaiko Batzar Nagusietako EH Bilduko bozeramaile Bea Ilardiaren ustez, umeek eta nerabeek «oso leku txikia» dute politika nagusietan: «Adibidez, orain badirudi arlo batzuetan kezka handia dagoela erronka demografikoarekin, baina kezka hori ezdator bat umeen ongizatea bermatzeko politikekin». 2018an onartutako Familien eta Haurtzaroaren aldeko Euskal Ituna ere aipatu du: haren helburuetako bat zen haurren pobrezia txikitzea, baina geroztik handitu egin da.

Belardiak esan duenez, adingabeen aldeko politikak EH Bilduren proposamen guztietan daude txertatuta: «Gizarte kohesionatuagoa eraiki nahi dugu, zoriontasuna eta ongi bizitzea oinarri hartuta».

Teresa Laespada Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun diputatua da, eta PSE-EEko hautagaia Bizkaiko ahaldun nagusi izateko. Hark ere nabarmendu du adingabeen babesa «esparru estrategikoa» dela eta politika publiko guztiak zeharkatu behar dituela.

Laespadak lehentasunezkotzat jo du «pobrezia belaunaldi batetik bestera pasatzea» galaraztea, eta hainbat proposamen egin ditu zerga politikan, osasungintzan, gizarte zerbitzuetan, hezkuntzan eta familiei eman beharreko laguntza psikosozialean. Bizkaian abian jarritako Sendiko programa goraipatu du: egoera larri eta gatazkatsuan murgilduta dauden familiei laguntzeko programa berezia da, eta, esan duenez, oso emaitza onak izan ditu.

Elkarrekin Podemos-IUko Bilboko alkategai Ana Viñalsek ere hainbat neurri proposatu ditu: indarkeriaren kontrako politikak abian jartzea, buru eta sexu osasuna lantzea, leku publikoak adingabeei irekitzea, doako ludoteka sare bat egitea, umeak zaintzeko udal zerbitzu bat sortzea eta abar. Baina gogorarazi du neurri horiek guztiek aurrekontu egokiak behar dituztela, eta alferrik dela horrelakoak proposatzea baliabidez horniturik ez badaude.

Bizkaiko Batzar Nagusietarako PPren hautagai Cristina Martinezek esan du umeen lehenengo eskubidea «bizitzeko eskubidea» dela, eta proposatu du «laguntza sare bat» sortzea «haurdunaldia aurrera eraman nahi duten emakumeei» babesa emateko. Hezkuntza Legearen egitasmoaren kontra egin du, haren ustez «ume gehienen ama hizkuntza, gaztelania, eskoletatik desagerrarazi nahi duelako».

Eragileen dekalogoa

Mahai ingurua antolatu duten eragileek aukera baliatu dute umeen eta nerabeen aldeko hamar neurri biltzen dituen proposamena aurkezteko. Neurri horiek hauteskunde programetan eta gobernu jardueretan aintzat hartzeko eskatu diete alderdi politikoei.

Haurtzaroa eta nerabezaroa «lehentasunezko ardatz gisa» hartzeko eskatu diete, bai eta Familien eta Haurtzaroaren aldeko Euskal Ituna «errealitate» bilakatzeko ere. Haurren egoera ezagutzeko diagnostikoak egitea, haien parte hartzea sustatzea, larrialdirako gizarte laguntzak indartzea, osasunmentalari garrantzia ematea, hezkuntza programak bultzatzea eta beste zenbait neurri ere agertzen dira dekalogo horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.