Burujabetzaren alde batzera deitu du LABek

Sindikatuak uste du «euskal errepublikari bultzada» ematea dela Kataluniari laguntzeko bidea. Erantsi du 2017an ELArekin eginiko agiria «iparrorratz baliagarria» dela: «Urra dezagun bide hori»

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusia, atzo, adierazpena irakurtzen. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
jon olano
Donostia
2019ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Kataluniako herritarrei eta bereziki Madrilen epaitzen ari diren buruzagi politiko eta sozial independentistei «elkartasuna adierazteaz» gain, Kataluniari «benetako bultzada» ematera deitu du LAB sindikatuak. Horretarako, uste du Euskal Herrian burujabetzan sakondu behar dela: «Gaur, Euskal Herritik egin dezakegun ekarpenik hoberena euskal errepublika sozialista eta feministari bultzada ematea da. Bi herri, borroka bakarra». Atzo, Garbiñe Aranburu sindikatuko idazkari nagusiak gogora ekarri zuen 2017ko irailean ELA eta LAB sindikatuek eginiko adierazpen bateratua, «aldaketa sozialerako burujabetza prozesuaren alde eginez». Dokumentu hori «iparrorratz baliagarria» da oraindik ere LABentzat, eta «bide hori urratzera» deitu du Aranburuk.

ELAk eta LABek atzoko egunez duela 25 urte aldarrikatu zuten aurreneko aldiz lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparrua, eta, urteurrenaren harira, Hemen erabaki. Lan harremanak eta babes soziala Euskal Herrian egituratzeko aukerak izeneko jardunaldia egin zuten atzo LABek eta Ipar Hegoa fundazioak, Donostiako Kursaal jauregian. Bertan, adierazpen bat zabaldu zuen sindikatuak, urteurrena gogora ekartzeko eta auzipetu katalanei elkartasuna adierazteko. Aranburuk irakurri zuen agiria, eta, besteak beste, «bidegabeki espetxeratutakoak» askatzeko eskatu du: «Independentista guztien kontrako epaiketa da, demokrazian sinesten dugun guztion kontrakoa».

Saioa hasteko, duela 25 urteko testuinguruari begira jarri zen Txomin Lorca LABeko eta Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko kidea, eta eskakizun hori gorpuzteko prozesua zein izan zen xehatu zuen: «Zergatik izan zen posible? Hura antolatu zuen tresna bat zegoelako: ekintza batasun sindikala». Garai historikoari erreparatuta, Lorcak azaldu zuen aro horretakoak direla «euskal ekoizpen sarea deuseztatu» zuen industria birmoldaketa eta Ajuria Eneko Ituna, besteak beste: «Horren aurrean, beharra zegoen aurrerapauso bat emateko eta esateko gure alternatiba propioa dugula».

Lorcak ELAren eta LABen arteko ekintza batasuna goretsi zuen, «erraza» izan ez arren: «Ekintza batasun hori ez zatekeen posible izango mobilizazio dinamika bat gabe eta elkarrekiko leialtasunik eta konfiantzarik gabe». Egungo testuingurura salto eginda, ekintza batasun hori berreratzera deitu zuen: «Baldintzak antzekoak badira, antolakundeak hor badaude, klabe politikoan beharrezkoa badugu eta hain emaitza ona eman bazigun, ekintza batasuna aktibatu behar da lehen aktibatu zen klabe berdinean». Izan ere, uste du «patronala oso eroso» dagoela egun Espainiak ezartzen duen lan harremanen markoan.

«Sinesteko» beharra

Aranburu, Mario Zubiaga Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea eta Larraitz Ugarte EH Bilduko legebiltzarkidea sindikalismoaren erronken inguruan aritu ziren hizketan goizeko azken saioan, 25 urte: Esparru propioaren eztabaida eta aukerak, egun izenburupean. Ugartek «elkarlanerako aukerak» ikusten ditu, «objektiboki». Hala ere, uste du sindikalismoak «bere buruari buelta bat» eman behar diola: «Sindikalismoak klasikoki izan dituen jokamoldeez gain, badago hura prestigiatzeko behar bat. Datuei begiratuta, indartsuak dira, baina politikoki marjinalak dirudite». Horregatik, esan du sindikalismoak «bere buruari beste indar bat» eman behar diola: «Sinetsi behar du misio horretan. Sindikalismoak ondo asmatzen badu bere burua birkokatzen, potentzial handia dauka».

Zubiagak, berriz, sindikatuen jardunean kontrajarriak diren bi arrisku nabarmendu zituen: «periferizazioa» eta «alternatibarik gabeko hegemonia». Horregatik, giltzarri iruditzen zaio «koiunturaren analisia»: «Ezin da alternatibarik gabeko herri akordioa lehenetsi, ezta erabateko autonomia ere. Biak uztartu behar dira». Zubiagaren iritziz, sindikalismoak «analisi bikaina» dauka, «baina politikan aritu behar du analisi horretan agertzen denari aurre egiteko».

Ildo horretan, Aranburuk aitortu zuen sindikalismoak «autonomia ez sakralizatu eta politikan artikulatzeko beharra» duela: «Sindikalismo abertzalean, ordea, denak ez gaude herri konpromiso hori hartzeko. Interpelazio dinamikaz gain, inplikazio maila bat behar dugu».

Ipar Euskal Herriaren egituraketa politikoaren aukerak eta mugak eta Nafarroako aldaketa politikoa ere aztertu zituzten goizean, bi mahai ingurutan. Arratsaldean, berriz, Kontraboterea eta aldaketa politikoa. Herrigintza eta estatugintza egungo fase politikoan izenburuko mahai inguruan parte hartu zuten Pello Otxandianok, Amaia Zufiak eta Igor Arroyok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.