Albistea entzun

Ekonomia derrigorrezkoaren alde

Inkesta bati jarraituz, Ekonomisten Euskal Elkargoak adierazi du finantza arloko heziketak enbor-irakasgaia izan behar duela eta ez soilik hautazkoa; DBHko ibilbide akademiko guztietan ezartzea bultzatuko du
MARISOL RAMIREZ / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ivan Santamaria -

2018ko urriak 2

Finantza heziketari buruzko astea egiten ari da egunotan Euskal Ekonomisten Elkargoa, eta, atzo, gaiari buruz egin duen inkestaren berri eman zuen Sarrikoko fakultatean egindako aurkezpen publikoan. Galdeketa horretatik ondorio bat hartu du ekonomisten elkarteak: finantza arloko heziketaren irakasgaiek utzi behar diote hautazkoa izateari, eta derrigorrezkoen artean paratu behar dira.

560 pertsonak hartu dute parte inkestan. 346 ekonomistak eman dute iritzia, eta beste 270 pertsonak harremana dute irakaskuntzarekin. Ekonomistak, irakasleak edo ikasleak dira, elkargokoak eta kanpokokoak. Hamarretik bederatzik egin dute aurrerantzean enbor-irakasgai izatearen alde, «ikasketa plan guztiek derrigorrezko gutxieneko finantza heziketa bat edukitzeko». 30 urtetik gorako pertsonen, profesional ez-irakasleen eta elkargoko kideen artean indartsuena da erantzun hori. Aldiz, ikasleak dira ikasketa horiei garrantzi gutxien aitortzen diotenak.

Ibilbide akademiko guztietan halako irakasgai bat izatea defendatu du elkargoak. Bere gain hartu du eztabaida horretan aurrera egiteko konpromisoa, eta manifestu bat ere prestatu dute.

Gaur egun, hautazkoen artean daude finantza ezagutzari lotutako irakasgaiak. DBHn eta Batxilergoan daude ekonomiari eta enpresari lotutako hainbat, ikasleak aukeratutako bidearen arabera. Batxilergoan, esaterako, hiru eredu ezberdinetatik soilik bakarrean eskaintzen dira ekonomiari lotutako gaiak, lehen eta bigarren mailan. Ibilbidean agertzeak ez du bermatzen ikastetxe guztietan eskura egongo den irakasgaia, Heziberri 2020 curriculumari jarraituz ikastetxe bakoitzak erabakitzen baitu hautazkoen artetik zeintzuk eskainiko dituen.

Ekonomisten elkargoak prozesu bat jarri du martxan finantza arloko heziketa oinarrizko prestakuntzan nola sartu behar den erabakitzeko. Inkestaren emaitzei jarraituz, eman beharreko oinarrizko ezagutza batzuk definitu ditu: ekonomia, finantza plangintza, etika, gaur egungo sistema ekonomikoaren alternatibak, eta finantza produktuak.

Finantza erakundeak

Azken urteotan, bestelako unitate didaktikoen bidez ere landu dira ekonomiari lotutako gaiak. Foru aldundiek, esaterako, zerga politikari buruzko unitatea zabaltzen ari dira; Gipuzkoak abiatu zuen ideia. Ez da polemikarik gabeko kontu bat. Finantza erakundeak hasi dira eurek ere halako ikastaroak egiteko materialak bidaltzen, eta eztabaida bizia dago horien erabilerari buruz.

Inkestak berak agerian uzten ditu kezka horiek. Erabili beharreko material didaktikoen egileei dagokienez, finantza erakundeen balizko parte hartzea da %50era iristen ez den bakarra. Gizonek, 30 urtetik gorakoek eta profesional ez-irakasleen erdiek baino gutxiagok uste dute egokia dela finantza erakundeek egindako materiala erabiltzea. Emakumeek, 30 urtetik beherakoek edo hezkuntza sektoreko ordezkarien artean gehienek ontzat jotzen dute aukera hori. Hamarretik bederatzik uste dute unibertsitateek eta elkargoek egindako materiala erabili behar dela.

Eskaini beharreko edukiei buruz ere iritzi ezberdinak daude. Oro har, DBHn agertu beharreko alorrei buruz adostasun handiagoa dago, eta baita formakuntza hori egin behar duten irakasleen izaerari buruz ere. Aldiz, alde handiagoak daude batxilergoan landu beharreko edukien inguruan; ikuspuntu tekniko batetik, batez ere. Bestalde, gehienek uste dute irakasgaia arlo horretan ezagutza egiaztatua duten irakasleek edo ekonomistek soilik eskaini beharko luketela.

Ekonomisten elkargoak egin beharreko lanari buruz ere galdetu dute inkestan. Erantzunen arabera, formakuntza erraztu eta dinamizatzaile lana hartu behar ditu bere gain elkarteak.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Anbulantzia geldirik, igandean istripua izandako Lantziegoko upategi txikiaren aurrean. ©RAQUEL MANZANARES / EFE

Azken hiru urteetan lau pertsona hil dira itota Arabako upategietan

Imanol Magro Eizmendi

Igandeko Eltziegoko istripuan pozoitu zen hirugarren pertsona ondo dago. Anbulantziak iristeko ordubete behar izan zuela salatu dute. 2020an antzeko kasu bat egon zen Lapuebla de Labarcan

Volkswagenek ekoitzitako autoak, lantoki aurreko aparkalekuan ©VW Nafarroa

Absentismoa, produktibitatea eta lehiakortasuna hobetu behar direla dio VWek

Joxerra Senar

Hurrengo lan itunaren negoziazioan, urriaren 19ra bitarte beste sei bilera egitea proposatu du.

Lanbide indartzea nahi duela dio EH Bilduk. Irudian, Lanbideren bulego bat, Gasteizen. ©Jaizki Fontaneda / Foku

EH Bilduren ustez, Lanbide indartzea izan behar da Enplegu Legearen xedea

Irune Lasa

Koalizioak 50 zuzenketa aurkeztu dizkio lege proiektuari. Enplegu politika pasiboen faltan, legea mugatua izango dela dio. Lanbide zuzenbide publikoko erakunde publiko bihurtzearen kontra dago EH Bildu.

Rosarito eta Marian Ibaeta, erdiko biak, dendaren atarian. / ©Endika Portillo, Foku

Betikoek itxi dute atea, betiko

Jone Arruabarrena, Gipuzkoako Hitza

Merkataritza txikia indarra galtzen ari da; horren erakusgarri da azkenaldian pertsianak betiko jaitsi dituzten denda txikien ugaritzea. Fenomeno horren beste aldean dago frankizien eta saltoki handien etengabeko ugaritzea, hori guztia globalizazioarekin lotuta. Gipuzkoan ere nabarmena da aldaketa.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...