«Icebergaren tontorra besterik ez da»

Hilabete pasatu da Repsolek Perun duen petrolio findegian isurketa izan zenetik. Hondamendiak ingurumen kalte larriak eragin ditu La Ventanilla barrutian, eta haietako zenbait konponezinak dira.

«Icebergaren tontorra besterik ez da».
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Nekez ahazten da La Ventanillan (Callao, Peru) gertatutakoa. Hilabete pasatu da La Panpilla findegiko petrolioa isuri zenetik, eta, hango herritarrak eta erakundeak garbiketa lanetan ari badira ere, hondamendiak egindako zenbait kalte konponezinak dira. Francisco del Pozo Greenpeaceko erregai fosilen aurkako kanpainaren arduradunak hori berretsi dio BERRIAri, eta gaineratu du ekosistemaren berriztapena ez dela posible: «Horrelako hondamendietan garbitu ahal da garbitu ahal dena bakarrik». Horretaz gain, azpimarratu du gertatutakoa «icerbergaren tontorra besterik ez» dela, eta horren azpian dagoena aldatu behar dela: negozio eredua. Laburbilduz, eskuak garbitu baino hobe dela ez zikintzea.

Urtarrilaren 15ean, Limatik 30 kilometro iparraldera, Tongako sumendiak eragindako tsunamiaren ondorioz, Repsolek duen petrolio findegian gutxienez 10.396 upel isuri ziren: guztira 1,65 milioi litro. Espainiako enpresak Perun duen petrolio findegirik handiena da: egunero 120.000 upel ekoizten ditu, herrialdearen petrolio merkatuaren %40.

Ingurumenaren Ebaluaziorako eta Fiskalizaziorako Erakundeak (OEFA) argitaratutako datuen arabera, isurketaren ondorioz guztira 1,8 milioi metro koadro lur eta 7,14 milioi metro koadro itsaso kaltetu dira. Hondamendiak kalte egin dien eremuen artean bi erreserba nazional daude, eta hango faunak eta florak ondorio larriak jasan dituzte. Hain justu, Basoen eta Basafaunaren Zerbitzu Nazionalak (Serfor) 51 espezie erreskatatu zituen Ancon, Ventanilla eta Chancay hondartzetan.

Espainiako multinazionalak egin duen kudeaketaren inguruan, Carlos Rivera Oceana Peruko Zientzia zuzendariak kritikatu du isuria gertatu eta lehen lau egunetan ez zegoela antolakuntzarik. Hala ere, baieztatu du aste baten buruan hondartzak garbitzeko adituak eta makinak eraman zituztela. Ia 2.000 pertsona ari dira laguntzen petrolioaren garbiketa lanetan.

Garbiketa lanak garrantzitsuak diren arren, Del Pozok uste du hondamendiaren eragina ez dela horrekin bakarrik konpontzen: «Tamaina handiko ezbeharra da. Gutxienez 10.000 upel isuri dira, pentsatzen zen baino gehiago, eta hondamendi honetan garbitu ahal dena garbituko da». Gainera, ohartarazi du beste guztia ozeanoak eta naturak beren kabuz garbitzen dutela hamarkaden poderioz. Gauzak horrela, hainbat belaunaldiz ekosistema hondatuta geratzen dela dio.

Ekosistemaren parte ere badira hango animaliak, eta, isuriaren eraginez, urtarrilaren 18tik batez beste egunero hamar hegazti hil dira uraren kutsaduraren ondorioz, Serforrek argitaratutako datuen arabera. Horren inguruan, Riverok azaldu du ezbeharraz geroztik osatuak ziren animalien erdiak hil direla, eta oraindik ere itsasoaren ertzean animalia gehiago aurkitzen dituztela hilda, baita isuriaren eremutik kanpo ere. Riverok gaineratu du Perun animalia asko dituztela desagertzeko ataka larrian, eta haietako asko babestuta daudela: besteak beste, pinguinoak, itsasoko hegaztiak eta igarabak. «Litekeena da itsasoko zenbait animalia berreskuratzea, baina ekologikoki haien osaera ez da berdina izango», adierazi du.

Ekosistemari ez ezik, lan egiten zuten pertsonei ere eragin die isuriak: ia 3.000 lagun izan dira kaltetuak, eta haietatik gehienak arrantzaleak dira. Horren harira, Riverok esan du Repsolek ordaindu beharko dituela isuriaren eraginez 1.500 arrantzaleei sorturiko kalte ordainak.

Repsolen erantzukizuna

Espainiako enpresa multinazionalak ez du bere gain hartu Perun gertatutakoa. Tongako sumendiak eragindako olatu bortitzei egozten die errua, eta baieztatu du Peruko agintariek ez zietela alerta abisurik eman.

Erantzukizuna bere gain hartu ez badu ere, garbiketa lanetan laguntzeko konpromisoa hartu du. Peruko auzitegi batek Repsoleko lau arduraduni herrialdetik ez ateratzeko agindua ezarri die hemezortzi hilabeterako. Tarte horretan, ingurumen delitu baten ustezko erantzukizuna ikertuko dute. Espainiako enpresa multinazionaleko lau arduradunek erabakia onartu zuten, eta haien abokatuek jakinarazi dute justiziarekin elkarlanean aritu direla.

Repsolek duen erantzukizunaz galdetuta, bi elkarrizketatuek argi dute haiek direla errudunak. Riverok dio Repsolek ordaindu beharko duen konpentsazio ekonomikoa handia izango dela. Del Pozo haratago joan da, eta, Repsolek duen erantzukizuna alde batera utzita, arazoa askoz ere larriagoa dela gaineratu du: «Erregai fosilek klima aldaketan duten eraginaz ez da hitz egiten, eta bikoitza kutsatzen dute».

Erantzuleak bilatu baino, enpresak egiten duen publizitate engainagarria amaitzea eskatu du Greenpeacekoak: «Iragarki asko egiten dituzte ingurumenaren alde, hala nola trantsizio ekologikoa sustatzen dutela». Hori gutxi balitz, Del Pozok dio Repsolek ez duela petrolioaren erabilera murrizteko asmorik. Horren aurka, Greenpeace erakundeak defendatzen du erregai fosilak pixkanaka gutxitzea.

Horretarako, enpresa multinazionalak zer konpromiso hartu beharko lituzkeen zehaztu du: «Repsolek karbonizazio plan bat egin beharko luke urtez urte konpromisoak hartuz. Esaterako, CO2 isurketak murriztea, eta negozio eredua aldatzea». Horretan jarri du arreta Del Pozok: «Negozio eredua aldatzen ez bada, horrelako ezbehar gehiago egongo dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.