Osakidetza digitala

Iñigo Jaca eta Xabier Zarandona. Medikuak
2019ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Azkeneko prentsaurrekoan, Osakidetzako zuzendari nagusi berriak eskertu egin die erabiltzaileei ospitaleko larrialdietara gutxiago joan izana, eta pozik agertu da asistentzia mota hori Etengabeko Arreta Guneetara —ospitaletik kanpoko larrialdiak— pasatu delako. Albiste hori ona da osasun asistentzia ongi antolatzeko; halere, uda honetan bertan, egunkarian irakurri dugu Burgoseko Gamonaleko EAG gunean, gaixoak artatzeko medikuak kontratatu ezin dituztenez, gabezia hori estaltzea erabaki dutela erizaintzako langileak «ahaldunduz», beste osasun zentro batetik medikuen laguntza telematikoa emanda.

Azken urteotan gertatu den mediku falta larriagotu egin da medikuak kanpora doazelako. Espainiako hedabide ezagun batean argitaratu zen BAME -MIR bukatzen duten mediku gazteen %30 Europako beste herrialde batzuetara joaten dela (Erresuma Batua, Frantzia, iparraldeko herrialdeak…). Elkargoetako Medikuen Erakundearen (OMC) arabera, 2019ko lehen seihilekoan, herrialde guztian, atzerrian lan egiteko egokitasun-ziurtagiriak 1.671 eman dira guztira, iazko aldi berean baino % 20 gehiago.

Mediku gazteen joana gorantz doalarik, autonomia erkidegoek familia-medikuen bila ez lehiatzea erabaki dute, familia-medikuentzako oposizioak autonomia erkidego guztietan egun berdinetan jarrita. Zalantzarik gabe, mediku horiei eskaintzen dizkieten lan-baldintzak ere krisian daude, eskaintza txikia eta eskari handia dituen sisteman. Halere, bai alderdi politikoek bai autonomia erkidegoek erabakia dute prekaritatea eta soldata eutsia izango direla aurrera ere.

Paziente kronikoak ere kaltetu dira medikuen errotazio gehiegizkoarekin, prekaritateak eta profesional faltak eraginda. Sistema hasia dago erizain bidez artatzen, kupoko medikuaren arretarako itxaronaldia luzea denean, triajearen eginkizuna administrariei pasatuz. Harrigarria da administrari batek pazienteari galdetzea «ea zer gertatzen zaion» edo «zein den bere gaitza», medikuarekin kontsulta eskatzen duenean. Galdera horrek, zalantzarik gabe, urratu egiten du pazienteek intimitaterako edo konfidentzialtasunerako duten funtsezko eskubidea, baina euskal oasian dena da posible.

Erresuma Batura lanera doazen mediku gazte batzuek ziurrenik antzeko lan-egoera aurkituko dute. Izan ere, prekaritatea gertatzen den zerbait da Erresuma Batuan, aldizkari zientifiko batzuetan irakur daitekeenez. Osasun Publikora bideratzen den inbertsioa BPGaren ehunekoan %7 da Erresuma Batuan. Espainiar estatuan inbertsio publikoa % 6 ingurukoa da, ia puntu 1 jaitsi da azken hamarkadan. Euskadik BPGren %8,7 bideratzen du osasun arloko gastu korrontera, baina horretatik osasunean egiten den inbertsio publikoa gure BPGren %6,1 da baliokidetzan.

Erresuma Batuko medikuek inbertsio handiagoak eskatzen dituzte osasun publikorako azpiegitura teknologikoetan. Medikuek EH-n ez dute ezer eskatzen, antza, arlo horretan. Erresuma Batuan orain urte batzuetatik hona kontsulta birtualak egin ahal izan dira beste familia-mediku batekin, Babylon konpainia pribatuaren aplikazio baten bidez, eremu jakin batean. Babylon sisteman, zure familia-medikuan zuk baja eman eta gero, eta beraz hark zure OTIagatik kobratzen ez duela,triaje-sistema informatiko bat erabil dezakezu; sistema horrek azkenean kontsulta bat emango dizu mediku batekin bideokonferentziaz, mediku desberdin batekin aldiko.

Aurtengo uztailaren 10etik aurrera Erresuma Batuko Osasun Zerbitzu Nazionalak (NHS) AMAZON entitate pribatua kontratatu du, eta NHSren pazienteen asistentzia telefonikoa duen osasun arreta birtuala eman dio; robot bidez historia klinikora sartzen da. Bitartean, lehen arretako medikuak kexu dira NHSk inbertsiorik egiten ez duelako azpiegitura teknologiko horietan bere sare publikoan. David Oliver jaunak, Medikuen Errege Elkargoko presidenteordea baita, adierazi zuen enpresa-aukera handiak daudela, bitartean enpresa farmazeutiko eta teknologikoak NHSren inguruan dabiltza, honek bere artxibo eta datuak saltzen ditu, eta hala, bide ematen die merkatuko entitateei haiek ustiatzeko eta negozioa egiteko.

Digital Health argitalpenean Paul Websterek idatzitako artikulu batean esaten duenez, fenomeno hori doako osasun estaldura publikoa duten sistemak dituzten herrialdeetan gertatzen ari den fenomenoa da. Adibidez, Brasilen, Kanadan edo funts publikoekin ordaintzen den USAko beteranoen administrazioan. Teknologia digital horiek sartzearekin errazten ari dira osasun sistemak pixkanaka pribatizatzea. IFC agentzia, Munduko Bankuaren menpekoa, osasun teknologia digital horren bultzatzailea da, eta, hala, 4,3 bilioi dolarrekin finantzatzen ditu 200 proiektu eta gehiago. Teknologia horrek osasun sistemen efizientzia hobetuko duela dio, baina autoreak ikusten duen arazoa hau da, teknologia hauek osasun-arretaren ikuspegi merkantilista batekin eratuak izan direla.

Osakidetzan eta Osasunbidean ere era horretako kontsulta birtualak ari dira bultzatzen, kontsulta ez-presentzialak izenarekin, teknologia apalago batekin, telefono bidezko kontsultarekin hain zuzen. Gai izango al da Osakidetza erronka teknologiko hauei erantzuteko, osasunera bideratutako inbertsio publikoa goratu gabe? Edo enpresa pribatuei emango die zerbitzua, Babylon eta Amazoni, esaterako, euskal pazienteen datu konfidentzialak erabili eta “ustiatzearen— truk? Izan ere, gogotik behartzen zaie euskal osasun publikoko medikuei sarean sar ditzaten datu konfidentzial horiek. Hori izango al da gure etorkizuna? Baimena eskatuko al diete euskal pazienteei enpresa eta interes pribatuek haien datuak ustia ditzaten?

Eta, azkenik, erizainengana zuzentzen gara hausnarketa honekin: deia jasotzen duzuenean, medikuarekin kontsulta eskatu duten pazienteak artatzeko, esan al dezakezue erizaintzak bere dituen eginkizunetatik zein utzi behar duzuen egin gabe,pazientea artatu ahal izateko? Zeren ez baitugu uste orain arte zer suma egongo zinetenik, edo loreontzi gisa. Tamalgarria litzateke pazienteak erizainen betiko zaintzarik gabe geratzea, erizain batzuek medikutara jolastu nahi dutelako. Gai ikusten ote dute beren burua medikua -eskubide osoz- eskatzen duten pazienteak artatzeko, izendapena edo kontratua lortzeko hamar urteko prestakuntza behar izan duten medikuak direla jakinik?

Medikuarekin kontsulta izateko paziente bati bi aste itxaron behar zuela esan zioten, eta erizainaren kontsulta onartzen bazuen, hiru egun itxaron behar zuela; pazienteak erantzun zien utz ziezaiotela farmazeutiko batengana joaten, horrek sikiera badu-eta medikamentuen efektuen ezagutza ona. Azkenean, pazienteek gure herrialdean gehiago informatu eta kezkatu beharko dute osasun publikoaz, zeren Arkadia zoriontsu hori onenak garela eta «beste leku batzuetan okerrago dela» dioen hori, alegia, hasia baita gu lotsarazten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.