Dei amarruzkoak eta izendapen zenbait

Alassane Ndir Ndiaye
2019ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Joan den abuztuaren 13an jakinarazi zuten izendapena: Ribaforadako gaur egungo alkate Jesús María Rodríguez Gómez izango da Tokiko Administrazioko eta Despopulazioko zuzendari nagusi berri. Kargu horrek berekin dakar, batetik, tokiko erakundeen ordezkaritza instituzionalaz arduratzea Lurralde Kohesiorako Departamentu barruan, eta, bestetik, erakunde horien ekintzak koordinatzeko planak eta estrategiak diseinatzea. Honako agiri hau sinatzen dugun kolektibook ez gara hemen hasiko jaun horren curriculuma eta gaitasunak baloratzen, eta kargu horretarako zer-nola hautatu duten, baina haserrearazi egin gaitu nolabait, joan den maiatzaren 6an gertaturiko egintzak baitakarzkigu gogora ezinbestean.

Egun horretan, Ribaforadako Modou Khadim Sow bizilagunak udalaren gutun bat jaso zuen etxean; gutun horren bidez, erroldatzearekin zerikusia zuen tramite bat konpontzera deitua zuten, baina, harrigarriki, amarru bat bihurtu zitzaion, deitua izan zen tokira agertu orduko atxilotu egin baitzuten Polizia Nazionaleko agente batzuek, eta polizia etxera eraman; eta 48 ordu barru baino lehen, bere sorterrira egotzi zuten, Senegalera, inolako laguntza juridikorik edota bestelako jarduketarik bitarteko izan gabe; kasu hura ezinago larria zen, pauso bat aurrerago joanak zirelako administrazio publiko baten elkar hartzearekin. Gogoratu dezagun udala bera prest agertu zela engainu horretarako, egintza administratibo bat baliatuta, zitazioa, jakinaren gainean egonagatik ere ez zuela beteko zegokion funtziorik; eta horrek, bere garaian adierazi genuen moduan, alkateari zegozkion funtzio eta konpetentziez harago jardutea esan nahi zuen, eta horrexegatik bihurtu zuen arrazakeria instituzionalaren mekanismorik ankerrenetako baten konplize: kanporatze espresa. Nabarmendu dezagun erroldatze agiria dela bizilekua egiaztatzeko eskakizunetako bat, bai eta gizarte eskubide gehienak eskuratzeko baldintza ere; beraz, ezinago perbertsoa da argudio hori baliatzea engainurako bitarteko gisa.

Gertaturikoa argitu beharrean, eta —are gutxiago— barkamena eskatu, adierazpen lauso batzuk egin zizkiguten, zeinetan onartu egiten baitzituzten egintzak, eta, azkenik, udalaren ohar labur bat aurkeztu zuten, eta hauxe nabarmendu: «Udalak Poliziaren eskabide bati men egin zion, ez besterik, herritar horri ezarria zioten kanporatzeko agindua betearazteko asmoz», eta, txiste makabro bat izango balitz bezala, zera aipatu zuten: modua aktiboan zihardutela «udalerrian atzerritarren elkarbizitzaren eta integrazioaren alde egiteko asmoz».

Orain, geure buruari galdetzen diogu ea herritarren aldeko zer berdintasun, integrazio eta aitorpen irizpidek gobernatzen zuten ordu hartan Ribaforadako alkatearen udal jarduna, eta irizpide horietako zeintzuk baliatuko dituen gaur egun idazkari nagusiaren jardunean; geure buruari galdetzen diogu ea lege xenofobo eta injustu bat baliatuz elkarlan engainuzkoan aritzeko erabaki horrek eraginik izan zuen gaur egungo izendapenean, geure buruari galdetzen diogu ea norbere konpetentziez harago jarduteak saririk dakarren, ondorioak ekarri beharrean. Jakin, ordea, hauxe baino ez dakigu: erabaki horrek ondorio berehalakoak eta konponezinak ekarri zizkiola Modouri, hautsi egin baitzioten bizi proiektua, eta urratu mugitzeko eta bizilekua hautatzeko askatasun oinarrizkoak; gizarteko gainerako kideei, berriz, ondorio argi eta perbertso bat eragin zien: beldur eta babesgabetasun mezua, zeinaren oihartzuna gaur egun ere aditzen baita; arrakala benetakoa, aldeztu nahi omen zuten elkarbizitza horretan.

Nabarmendu nahi dugu, halaber, joan den uztailaren 10ean Arartekoak tramiterako onartu zuela gure kolektiboen kexa, gertatu dena salatzeko asmoz aurkezturikoa; hala, abian dira Atzerritarren eta Agirien Bulegoan eta Ribaforadako Udalean egin beharreko jarduketak, eta horien bidez argitu beharko dute zer gertatu den, eta ea legezkoa den agiri ofizialak eta publikoak baliatzea jendea engainatzeko eta kanporatzeko.

Salaketaz harago, baina, gogorarazi nahi dugu sistemaren eta arrazakeria instituzionalaren gabezia estrukturalen sintoma direla halako injustiziak, zeinak modu aktiboan borrokatzen baititugu eta zeinetatik sortzen baitira erresistentziarako eta elkarren babeserako mekanismo batzuk; hain zuzen, sare horiek sostengatzen dituzte giza biziak, askotariko biolentziak zeharkatzen bagaituzte ere eta jendea zatitzeko eta kategorizatzeko teman badihardute ere gizakiei eskubideak murriztu eta kentzearren.

ARTIKULUA HONAKO HAUEK ERE SINATZEN DUTE:

Xandra Réquiz (Nafarroako Munduko Medikuak), Javier Urroz (Paperak eta Eskubideak Denontzat) eta Beatriz Villahizán(SOS Arrazakeria Nafarroa)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.