Mugak bankuen «lukurreriari»

Auzitegi Gorenak ebatzi du abusua dela erakundeek %20tik gorako interesak kobratzea kreditu txarteletan, eta bezeroei atea zabaldu die hortik gora pagatutakoa jasotzeko

Pertsona bat, kreditu txartelak eskuan dituela, artxiboko irudi batean. LAWRENCE LOOI / EFE.
jokin sagarzazu
2020ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Legezkoak dira, baina, interes tasa batzuetatik aurrera, bezeroek eska dezakete bankuek kobratutako gehiegizko interesak itzultzeko. Espainiako Auzitegi Gorenak errieta egin die finantza erakundeei, «lukurreriaz» jokatu dutelako, eta bezeroak ez dituztelako behar bezala informatu kreditu txartelen arriskuen inguruan. Baina erabiltzaileei ere eskatu die tentuz ibiltzeko, eta kontratuen letra txikia irakurtzeko.

Gorenak baliogabetu egin du revolving txartel baten bidez emandako mailegu bat, diruaren prezio normala baino handiagoa den edo nabarmen neurriz kanpokoa den interes tasa bat aplikatzeagatik. WiZink bankuaren helegiteari erantzun dio; jurisprudentzia ezarri du, eta atea ireki txartelek %20tik gorako interesa dutenean, kontratuak baliogabetzeko.

Bereziki krisi ekonomikoaren garaitik hona asko ugaritu dira revolving deiturikoak. Finantza entitateek eta enpresa eta saltoki handiek fidelizazio gisa eskaintzen dituzten txartel batzuk dira; letra txikia irakurriz gero, harreman hori betiko bihur daiteke. Gorenak kontratua eteteko aukera zabaldu du orain.

Aurretik, baina, lukurreria egon den ala ez ebatzi behar da. Horretarako, Gorenak galdera honi erantzun behar izan dio: txartel horien interes tasa noiz da ohikoa baino nabarmen handiagoa? Hori zehaztu behar izan du, hemendik aurrera probintzia epaitegietan jakin dezaten zerekin alderatu txartel horiengatik bankuek kobratu ohi dituzten interesak, eta ebatzi ahal izateko abusua egon den ala ez.

Gorenaren aurretiazko epai batean, % 24,6ko tasa erabili zuten erreferentzia gisa, hau da, 2001 eta 2009 artean kontsumo eragiketetan ohikoa zen batez besteko interesaren bikoitza baino gehiago.

Zergatik jarri zuten muga hori? Espainiako Bankuak interes tasei buruzko estatistikak argitaratzen ditu, eta, gaur egun mailegu pertsonalenak (interes baxuagokoak, %7-8 batez beste) eta revolving txartelenak (%19 eta %20 artekoak egun) bereizten baditu ere, ez da beti hala izan. Epaia kaleratu zenean, %24,6 zen batezbestekoa, eta hortik gorakoak lukurreriatzat jotzen hasi ziren epaitegi batzuk.

Hori zuzendu du Goreneko salak, eta ebatzi du revolving txartelen interesen batezbestekoa kontuan hartu behar dela. Egun, %19,67 da. Abusuzkotzat jo dute hortik gorakoak izatea, eta zehaztu dute orduan baliogabetu ahal izango direla kontratuak, eta bezeroek eskatu ahal izango dutela bankuek kobratutako gehiegizko dirua itzultzeko.

Gorenak argudiatu duenez, indize hori zenbat eta handiagoa izan, orduan eta tarte txikiagoa egongo da kreditu eragiketaren prezioa lukurreriarik egin gabe handitzeko, eta gaineratu du irizpide bat ezarriko ez balitz, egoera «absurdoak» sortuko liratekeela: adibidez, revolving kreditu eragiketa bat lukurreriatzat jo ahal izateko, interesak %50era hurbildu behar izatea.

Jarrera «oldarkorra»

Gorenak gogoratu du Espainian lukurreriaren erregulazioa «zehaztugabea» dela, eta inguruko beste herrialde batzuetan legeek portzentaje edo parametro jakin batzuk ezartzen dituztela. Salako magistratuen iritziz, zehaztugabetasun horren ondorioz, epaileek ponderazio lana egin behar dute. Horrez gain, azpimarratu du beste elementu batzuk ere hartu behar direla kontuan.

Horren harira, revolving-ei buruzko aurreko epai batean adierazitakoa berretsi du Gorenak: bankuek ezin dituztela hain interes handiak kobratu, bezero askok ezin dituztelako ordaindu; batez ere, bankuek kredituak ematen dituztelako bezeroen kaudimena aztertu gabe. Eta horri beste hau gehitu dio: bankuek ezingo lituzketela kontratu horietakoasko lortu ez balitz «komertzializazio teknika oldarkorrak» erabiltzen dituztelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.