Usansolo Herria plataformak bitartekaritza eskatu dio Arartekoari

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2019ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Usansoloren desanexioa eskatzen duen Usansolo Herria plataformako kideak Manu Lezertua EAEko arartekoarengana joan ziren atzo, Galdakaoko Udalaren eta euren arteko bitartekari lanak egin ditzan eskatzera. Uste dute udal gobernua euren eskubideak urratzen ari dela. Monika Mena bozeramailearen esanetan, zortzi urte galdu dituzte desanexio prozesua martxan jartzeko zain. «Lehen legealdian, Bizkaiko Diputazioak foru arau batekin debekatu zuen desanexioa. Bigarrena hasi zenean, desanexio prozesua martxan jartzeko bide orria adostu genuen. Baina diputazioak Galdakaoko Udalaren esku utzi du prozesua, eta udalak blokeatuta dauka», salatu zuen, Arartekoak Bilbon duen bulegora sartu aurretik. Uste du EAJk ez duela «blokeoa gainditzeko» borondaterik.

Plataformaren abokatu Juan Landak salatu zuen Galdakaoko Udalak prozesua martxan jarri aurretik «galdeketa surrealista» bat egin nahi izan duela. Udal gobernuaren asmoa izan da Usansolo zer eta nortzuk diren zehazteko galdeketa egitea. 2018ko azaroan egiteko asmoa zuen, baina Espainiako Gobernuak ez zion baimenik eman. «Tranpa egin nahi izan dute. Galdeketa hori egiteko ez zioten baimenik eskatu behar estatuari. Erantzunean hala esaten die Madrilek: ez dizuegu ematen, ez delako gure eskumena», azaldu zuen Landak. Ohartarazi dute eskumen hori diputazioarena dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.