Harriketarrak

2019ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Larunbata da, goiz jaiki naiz eguna aprobetxatzeko. Autobusera igo naiz, hutsik dago, donostiar gehienek goiza lo egiteko baliatu dute. Aspertuta nagoenez, Twitter kuxkuxeatzen dut ezer berririk ote dagoen jakiteko. Ohitura txarra hartu dut azkenaldi honetan, onartzen dut, ez dut egunkaririk irakurtzen jada, txioak baizik. Bakarra ez naizen susmoa daukat, gainera.

Estatu mailako lehenengo bi trending topic-ak #GraciasPedro eta #GrandePablo dira. Segundo batez, nire buruan, Pedro Harriketak Vilma oihukatuz gogorki jotzen du atea Pablo bere etxe barruan lasai dagoen bitartean. Baina, ez, jendea ez zen Harriketarrak marrazki bizidunen beste emanaldi bat ospatzen ari. Ez dut inon klikatu behar zergatia argi jakiteko. Baina, oraingo honetan, Pablo da atea jotzen duena, Pedrok barrutik begiratzen duen bitartean. Twitterreko elkarrizketaren arabera, aurreko egunean Pablo Iglesiasek gobernabidea errazteko «atzerapauso bat» emango zuela esan zion Pedro Sanchezi, eta Twitterren jarritako bideo zeremoniatsu baten bitartez zabaldu zuen berria.

#GraciasPedro eta #GrandePablo traolak antzekoak ziren, erabakiak hartzeko moduak ospatzen zituzten: liderraren nahi eta irudi pertsonalean oinarrituz harturiko erabakiak. Pedro Harriketak egiten zuen antzera, bere inguruan dauden gauza gehienak kontuan hartzeko zailtasunak aurkitzen dituzten lidergoak. Gero eta normalizatuagoa dagoen (ia alderdi guztietan ikus dezakegu jada) jarrera politikoa: alderdirik gabekoa. Horrekin ez dut esan nahi estatu mailako buru politikoek alderdirik ez dutenik, badituzte, batzuk oso zaharrak, beste batzuk zaharrak direnak berriturik, eta azkeneko batzuk berriak, edonola, alderdiak badituzte. Baina alderdi horiek guztiak, bai berriak eta bai zaharrak, deriba presidentzialista kezkagarria hartzen ari dira.

Hori ez zen autobusean irakurtzen nuena; hor, anitz ziren Twitterren Pedro eta Pablori eskerrak ematen zizkietenak lidergo feminista izateagatik. Baina, zer ote da lidergo feminista izatea?

Gaur egun, politika aurpegi batzuen eta momentu zehatzetan horiek esaten dutenaren araberako terminoetan jokatzen da. Alderdi politikoen ospe-galtzea eta alderdi egitura klasikoen agortzea hainhandiak dira, (Foessa txostenarenarabera, hiritarren %58 sistema politikoarekin asegabeturik sentitzen da,eta frustrazioa bereziki alderdi politikoekin agertzen da) non, horiek gobernuak kudeatzeko dauzkagun tresna bakarrak izan arren, beraien egiturak eta erabakiak hartzekoprozedurak geroz eta garrantzi txikiagoa baitute, baina aurpegiek gero eta garrantzi handiagoa hartzen baitute.

Ez dut inongo hausnarketa berritzailerik egin, badakit; hori beti gertatu izan da politikan, lidergorik gabe politikarik ez baitago. Baina aldaketa eta alderdi egiturak zalantzan dauden momentu batean, lidergo horiek nolakoak izan behar duten galdetu beharko genioke geure buruari, horiek zeren ordezkari izan behar duten. Azken finean, hau da eztabaida: alderdien agortzearen eta aurpegien emergentziaren unean, zer nolako lidergoa nahi dugu? Bere inguruan ezer eraikitzen ez duena, marketinean eta hitzontzikerian oinarritzen dena? Ala espazio kolektiboak sorrarazten dituena, erakundeak kudeatzeko talentua eta hiritarrak integratzeko aukerak eskaintzen dituen estrukturak sortzen dituena? Hau da, lidergo feminista.

Pedroren, Pabloren eta hainbat lider ezkertiarren arabera, beren/beraien helburua gizarte feminista ondorio izango duten politikak ori sinesten dut, baina, gizarte feminista eraikitzeko, lidergo eta politika feministak izan behar ditugu. Almudena Hernandok argi azaltzen du hori bere lanean: «Gizonek zein emakumeek, beren desiren kontzientzia izan eta horiek betetzeko modua izateaz gainera, albokoa zaintzen jakiten dutenean, orduan eraikiko da berdintasunezko gizartea. Baina ez dut uste hori ari denik gertatzen. Trump, Bolsonaro, Vox... Horiek esparru patriarkala nabarmendu nahi dute soilik».

Benetako lidergo feminista azken urteotan hainbat emakumezkoren esku azaleratu den politika eta eztabaidak kudeatzeko modua da: umila, protagonismoetan oinarritzen ez dena, gatazka politikoa eta ezberdintasunak naturalak direla ulertzen duena, baina horiek espektakuluetatik urrun kudeatzen dituena. Lidergo feminista taldean oinarritzen da, Almudena Hernandok defendatzen duen bezala. Eta horren adibideak baditugu jada mundu mailako politikan (baita Euskal Herrian eta estatuan ere), eta, Estatu Batuetan, Alexandria Ocasio-Cortezen inguruan eraikitzen ari den emakumezko politikarien taldea, esate baterako.

Aste hauetan eztabaida kudeatzeko ikusi (sufritu) ditugun moduak ez dira lidergo feministaren isla izan, ez soilik adierazpen guztiak egiten zituztenak gizonezkoenak zirelako—baina baita horregatik ere—, baizik eta batez ere ika-mika pertsonaletan oinarritzen zituztelako eztabaidak, beraien irudi pertsonala zelako diskurtsoaren erroa eta gatazka ardatz nagusia. Feminismoa eta lidergo zahar zaratatsuak ez dira inoiz bateragarri izango.

Akordioak eta desakordioak izango dira. Batzuek beste batzuek baino ardura handiagoa izango dute horien emaitzetan. Batzuk emakumezkoentzat eta LGTB kolektiboarentzat hobeak izango dira; beste batzuk, izugarri kaltegarriak (eta beldurgarriak). Eta azkenean politika feministak garatzeko aukera badugu estatu mailan, emakumezko ministro asko izatean lortzen bada, feminismo hitza ozenki esaten bada Kongresuan, baina Harriketarren antzera politika egiten jarraitzen badute gure ordezkariek, oraindik ere lanaren erdia izango dugu egiteke.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.