Jon-Mirena Landa Gorostiza.

Zuzenbide penala XXI. mendean; nora goaz?

2019ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Egun ezagutzen dugun zuzenbide penalaren oinarriak XVIII. mendean jarri ziren, Frantziako Iraultzarekin batera etorri zen aro berriaren eskutik. Erlijioaren autoritatearen ordez, pentsatzeko gaitasunak bere lekua hartuko zuen, zientzia modernoaren bitartez mundu berri eta hobeago bat egiteko gauza ginelakoan. Ilustrazioaren garaian baikortasuna zen nagusi: gizabanako modernoak dena ahal zuen. Kant filosofoak ezagun egingo zuen esamoldeari helduta: «Sapere audere, ausartu (zure kabuz) pentsatzen!». Aldi berean Erdi Aroko gizarte estamentala desagertzeko bidean zegoen. Burgesiak, klase emergente berriak, nobleen gainetik pasako zuen, kapitalismoarentzat ezinbestekoak ziren molde berriak sortuz.

Molde berrien artean, sistema penala erabat aldatzeko zorian zegoen. Erdi Aroan izuaren, gehiegikeriaren eta krudelkeriaren zuzenbide penala genuen. Delitu gehienen aurrean heriotza- zigorra ezartzen zen, sufrimenduz beterik, zigor fisikoekin batera, tortura lagun, bai zigorra betearazteko, bai prozedura penalaren barruan ere egia lortzeko.

Odolez beteriko zuzenbide penalak goia jo zuen, ordea, Ilustrazioaren aldi berrien zurrunbiloan. Askotan, delitugilea, hainbeste sufrimendu eta basakeriapean zigortua izan ondoren, begi onez eta errukiz ikusia izaten zen jendearen aldetik, borrero-estatu basatiak, aitzitik, bere legitimitate guztia galtzen zuen bitartean: nor zen txarragoa, estatu odolzale eta errukigabea ala delitugilea bera? Gainera, zuzenbide penal zaharra ez zen efikaza, eta ugaritzen hasi ziren goitik beherako aldaketa eskatzen zuten ahotsak.

Ahotsen artean bat bereziki ozenki entzun ahal izan zen, Beccaria Markesarena. Izan ere Beccariari esker, geroko 200 urteen bilakaeran, bi uhin zibilizatzaile eta gizatiar martxan jarriko ziren. Lehenengoan, heriotza-zigorra, tratu txarrak eta torturak desagertzen hasi ziren, eta, horien guztien ordez, presondegia azaldu zen zigor nagusi gisa. Bigarrengoan, geroago, presondegia bera mugatu behar zela defendatzen hasi zen, presondegiaren ondorio txarrak indargabetzeari begira. Azken uhin horrek XX. mendera arte iraun zuen, eta, horri esker, presondegia erabiltzeari utzi zitzaion delitu arinetan, aldi berean presondegien baldintza material hobeen aldeko borroka indartzen zen bitartean.

XX. mendearen bigarren zatian eta gaur arte, gauzak aldatzen hasi ziren. Egun, jarauntsitako sistema penala dago auzitan: gizatasun printzipioa ez da kontuan hartzen. Areago, horren aurka urrats sendoak egiten ari dira; nabarmenena, behin betiko zigorra (presoaldi iraunkor berrikusgarria, alegia).

Gizatasun printzipioa soil-soilik ez dago auzitan: birgizarteratze printzipioa ere edukiz eta formaz ukatua suertatzen da. Kasu horretan, legezko aldaketak ez dira modu argian egiten, baina, pixkanaka, zigorrak betetzeko modua gogortzen ari da, kondenatutako presoak gero eta denbora gehiago kartzela barruan kanpoko inongo kontakturik gabe pasa dezan: hau da, baimenak, hirugarren gradua, baldintzapeko askatasuna lortzeko baldintzak gero eta gogorragoak dira, eta gero eta interpretazio murriztaileagoak egiten dira zigor oso-osoa barruan betea izan dadin.

Ultima ratio printzipioa ere auzitan dago: hots, ez da sinesten zuzenbide penala azkeneko tresna gisa erabili behar denik beste erremediorik ez dagoenean. Begi bistan dago: gero eta zuzenbide penal gehiago dago (debeku penal gehiago), gero eta gehiago eskatzen da zuzenbide penala (gehiago debekatzeko eskakizuna gorantz), eta gero eta gogorrago ari gara dena zigortzen. Nora goaz?

Etorkizuna? Ilustrazioaren aldean, gaur ezkortasuna da nagusi. Eta horren aurrean lehenesten den irtenbidea indarkeria instituzionalarena da. Politika kriminalaren alde egitearen poderioz, gizarte politiketan, aitzitik, atzerantz ari gara. Bata eta bestea ez dira gehiketa zero izeneko jokoaren araberakoak, halabeharrez. Areago: politika kriminala indartuz gero, arazo sozialak areagotuko dira, eta, orduan, gizarte politikei heldu ezean, nola konponduko ditugu arazoak? Alemanian, eta han delitugintza gogorra da oso, presoaldia gutxitan erabiltzen da: delitu gehienak epai suspendituaren, isunen eta gizartearen aldeko lanen bitartez konpontzen dira, eta delitu larri gutxi batzuek baino ez dakarte benetako kartzelatzerik. Gizarte politika eta politika kriminala modu egokian konbinatuz gero, baina baita ere operadoreen kultura juridikoa sendoari esker, zigorren eta zuzenbide penalaren filosofia ilustratua tinko dago oraindik, eragingarritasun maila egoki batez.

Gure kasuan, zoritxarrez, beste norabide bat hartzen ari gara: Estatu Batuetakoranzkoa, alegia. Baina horrek ez du mugarik: laster ematen du behin betiko zigorra gutxi izango dela, eta, orduan, zein izango da hurrengo urratsa? Gizarte bezala, ordea, jakin beharko genuke erantzun penal justua zein den, kontu sinboliko-kulturala dela, eta erantzuteko moduan ere gure kultura islatzen dela. Zein kultura nahi dugu? Erdi Arokoa?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.