Feminismoa eta estatus berria

Mirian Campos, Bea Ilardia eta Ainhoa Beola
2019ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Orain, mugimendu feminista martxoaren 8ko greba antolatzeko motorrak berotzen ari dela, une egokia izan daiteke hausnartzeko zergatik interesatu ahal zaigun feministoi estatus berriaren inguruko eztabaida.

Estatus berriaren testuari erreparatzen badiogu egin dezakegun lehendabiziko konstatazioa da erabakitzeko eskubideak bere espiritu osoa bustitzen duela, eta hori, ikuspuntu demokratikoari dagokionez, desiragarria da. Herritar bezala erabaki nahi dugulako, pertsona bezala eta, batez ere, emakume bezala erabaki nahi dugulako. Erabakitzeko eskubidea egikaritzea funtsezkoa da gure gorputzen, gure sexualitatearen, gure lan-baldintzen edota gure aisialdiaren gaineko erabakiak hartu nahi ditugulako. Eta, horretarako, gure erabakiak errespetatuak izango diren marko politiko eta instituzionala ere beharko dugu. Faxismoaren olatua oldartzen ari den honetan, tresna guztiak baliatu beharko ditugu emakumeok sutsuki defendatu eta lortu izan ditugun konkista politiko eta sozialak ez galtzeko.

Estatus berriaren VI. Oinarriak eskubide zerrendatze bat gauzatzeko agindu zehatza jasotzen du non emakumeon eskubideak bereziki hartu beharko liratekeen kontuan. Legebiltzarreko hiru indarrek (EAJ, EH Bildu eta Podemos), hau da, parlamentarien %76k babesten dute asmo hori. Beraz, aukera paregabea izan daiteke era berezituan zein zeharkakoan emakumeen eskubide zerrendatze aurrerakoia gauzatzeko, babes-sistema batek bermatuko lukeena.

Beste aldetik, IV. oinarrian subjektu politiko berriak izango dituen botereak zehazten dira. Botere judizial propioaren gaineko apustua iradokitzen da, berezko antolaketa eta berezko ereduetan gauza daitekeena. Feministok ez dugu sinisten gaur egungo justizia patriarkalean. Baina Justizia antolatzeko ahalmena hemen egongo balitz, aukera egon liteke beste parametro batzuen arabera antolatzeko. Are gehiago, estatus berrian Euskal Eskola Judiziala sortzea aurreikusten da. Euskal Herrian ikasitako eta hezitako juristek euskal jendartearen baloreak eta idiosinkrasia barneratuko balituzte, errazago izango litzateke gure ingurune hurbilean ezagutu ditugun prozesuak (La Manada dela, Altsasuko kasua dela...) neurri handi baten ekiditea. Hemengo justizia hemengo jendarteari begira egongo dena. Hemengo emakumeok babestuko gaituena. Utopikoa? Galeanok esango lukeen moduan, aurrera egiteko balio dezan!

Mugimendu feministak kalean jarraituko du, kaletik ari garelako gure aldarrikapenak bultzatzen. Kalean egoteak ematen digun antolakuntzatik ari garelako gure arteko eztabaidak sustatzen. Kaletik ari gara tokian tokiko eragileei gure aldarrikapenak helarazten. Baina herri mugimenduen eta instituzioen arteko harremana ere beharko da presio soziala eragiten jarraitzeko. Harreman asimetrikoa izango da, presioa eragiten duena. Feminismoa diskurtso soila ez ezik praktika politikoa ere badelako eta, zalantzarik gabe, mugimendu feministak kontraboterea izaten jarraituko duelako. Horretarako, unean uneko aliantzak sortzeko beharrean egongo gara, baita eragile politiko eta instituzionalekin ere.

Eskubideak kalean irabazten dira baina zuzenbide-positiboan horren gauzapena artikulatzen ez bada, gure borroka, hein handi batean, hankamotz geldituko da. Ikusi besterik ez dago gure Argentinako kideei pasa den urtean gertatu zitzaiena. Abortu legalaren aldeko inoizko mobilizaziorik handienak egin ziren berdez jantzitako Argentinako kaleetan. Baina abortuaren penalizazioaren kontrako lege-proiektuak Senatutik pasatu behar izan zuenean, ez zuen behar besteko babesik lortu.

Irlandan, aldiz, emakumeek lorpen izugarria atxiki zuten iazko maiatzean, abortuaren legalizazioaren aldeko erreferendumean baietzak irabazita, bertoko agintariei agindu zehatza helaraziz. Beraz, gure aldarrikapen feministak lege bihurtzeak berebiziko garrantzia daukala ezin uka. Dena den, badakigu lege formalak izateak ez duela bermatzen geroan praktikara eramango direnik. Mugimendu feministaren presioak jarraitukodu izaten horretarako bermebakarra.

Hartara, estatus berria ez da eta ez da izango gure panazea. Inperfektua izango da hastapenetik, hutsuneekin jaioko da. Baina feministon ikuspuntutik potentzialitatea daukala esan dezakegu. Urrats taktikoak beti izan direlako funtsezkoak helburu estrategikoak lortzeko. Eta gure helburua emakumeok zentroan jarriko gaituen estruktura bat eraikitzea izan behar da, zaintza bizitzaren erdigunera eramango duen sistema. Horretarako, gobernu-formarik demokratikoena Errepublika izango litzateke. Eta Errepublika hori Feminista izango da, edo ez da izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.