Errekin

Ane Labaka Mayoz - Bertsolaria

2019ko maiatzak 15
Ume garaitik gorroto izan dut futbola. Jolas garaian (eta handik kanpora) hartzen zuen zentraltasunagatik, batik bat. Kasualitatez, gure gelako liderra futbolean abilen moldatzen zen mutikoa zelako, ahotsa aldatzen eta aurpegia pikor zuriz betetzen hasi aurretik inguruko futbol talde entzutetsuenak fitxatu eta handitzean baloiaren atzetik ibiliko zen izar distiratsu bat izango zela sinetsarazi zion promesa. Eta, bitartean, ni gelako baldarrenen artean kokatzen nintzelako, bi talde egiten hasi eta txandakako hautaketan azkenerako uzten gintuztenon hondar multzo horretan.

Beranduago etxera sartu zitzaidan munstro hura. Ahizpa gazteagoa hasi zen herriko futbol taldean, gogotsu hasi ere. Orduan ezagutu ahal izan nituen munstroaren tripak, joko arau esplizitu eta inplizituagoak. Orduan harritu nintzen zelaian izerditan blai zeudenen gurasoek harmailetatik arbitroari edozer esateko zilegitasuna sentitzen zutela ikusita. Orduan ulertu nahi izan nuen —oraindik ez dut lortu— nola bihur zitekeen hamahiru urteko mutilek ondoko herriko taldearen aurka larunbat goiz arrunt batez jokatutako partida hil ala biziko.

Jokoz kanpo egoteak zer esan nahi zuen ere ahizparen eta bere taldeko emakumeen ekinari esker ikasi nuen. Urte batean kirol taldeak beraien adin bertsuko mutilei ekipamendu berria eman zien denboraldiaren hasieran estreina zezaten, eta neskek, aldiz, aurreko denboraldian beste norbaitek erabilitakoa emateagatik kexatu behar izan zuten zuzendaritzan. Astea joan eta astea etorri asteburu osoko ordutegi okerrenak esleitzen zizkieten beti partidetarako. Eta, hori gutxi balitz bezala, asteroko ordutegi desegoki horiek aldarazten zizkieten, hain justu ere, Errealaren partidak mutilen talderen baten orduarekin kointziditzen zuenean, mutilek hura ikusteko aukera izan zezaten.

Oraintsu ere gertatzen zait astelehenetan bertso-eskolako ikasleei zer moduz dauden galdetu eta zenbait mutikok ateburuko futboleko emaitzekin erantzutea. Ez naiz ari ezer berria esaten maskulinitatearen totem horiek gaur egungo gaztetxoen idoloak direla esaten badut. Zerbait ondo ateratzean golak sartu osteko keinuak imitatu ohi dituzte bi besoak eskuinerantz okertuz edo kamiseta bururaino igoz. Beraien hankak urrezkoak balira bezala, zelaiaren barruan arnasten duten segundo bakoitzeko zenbat diru irabazten duten kalkulatuko du norbaitek, zenbat diru pilatzen duten aurrez urtean behin gobernuz kanpoko erakunderen baterako argazkia atera eta donazioren bat egin dutela esanez irribarre zuriak are gehiago zuritzeko.

Umetatik gorroto izan dut monarkia ere. Esango nuke etxekoek ahalegin berezia egin zutela munstroa etxera sar ez zedin. Gurera sekula ez da errege magorik etorri gabonetan eta errege familiako norbait irratian aipagai izan den aldiro nagusitu da marmarra sukaldean. Komikietako pertsonaia karikaturizatua iruditu izan zait erregea aspaldidanik. Aurrekoa elefanteekin batera irudikatu izan dut binetaren batean. Oraingoak diru publikotik hilero 20.320 euroko soldata jasotzen duela jakin berri dut, munstroa etxera ez ezik gure patriketara ere nahieran sartzen dela ziurtatuz. Baliteke datu honek sortutako amorrazioa kanalizatzeko zutabe oso bat behar izatea noizbait, baina noan harira.

Ahizpa Granadan izan zen aurreko asteburuan. Kuadrillako batek jokatzen zuen bertan eta bera animatzera joan ziren hogei bat lagun hemendik autobusean. Berak bidalitako argazkiei begira, lehen aldiz eragin dit inbidia futbolarekin lotura duen zerbaitek. Eta bai, gorroto dudan futbola da. Eta bai, gorroto dudan erreginak eman die saria. Baina, kontraesanak kontraesan, nik ere euforia kolektibo moduko bat sentitu dut emakume hauen pozezko jauziak ikustean. Soldata arrakala hain nabarmena den esparruan belar berde, lokatz eta hartxintxarrezko sabaiak arrakalatzen asmatu dutelako. Neure egiten ditudalako entzun behar izan (eta izango) dituzten iruzkinen oihartzunak («hau ez da ez futbola ez femeninoa»-tik hasi eta «joder, neskek ere ondo jokatu zuten atzo, ezta?» esaldiaren atzean gordetzen den harriduraraino). Eremu guztiz maskulino batean barneratzeko ahaleginetan dabilen emakumea izaki, erraza zaidalako une batez beraien larruan jartzea; enpatia berezia sentitzen dudalako beraiekiko. Eta txalo jotzeko gogoa. Eta irrintzi egitekoa.

Bertso jardunean mila aldiz jarri diguten gaia da futbola. Txapelketa garaien eta antzerakoen aurretik nire burua behartu izan dut hedabideetako kirol tarteei adi egotera. Gustuko ez izan arren, bertsolari batek jakin beharrekoan artean daudelako Championsa nork irabazi duen, nor irten den Kontxako estropadan garaile (gizonezkoen ohorezko txandan, noski) eta noiz hasi den Italiako Giroa. Futbola, arrauna eta txirrindularitza; gai neutro eta unibertsalak, badakizue. Horrexegatik, ez nuen uste inoiz mota honetako informazioaren bila neure gogoz joango nintzenik. Hitzemango nuke futbolari buruzko zutaberik ez nuela inoiz idatziko. Baina, tamalez, futbolari buruz ari garenean munduari buruz ari gara egun.

Zorionak, beraz, erreginei. Su hau indartzen duten errekinei.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna