Gogoz gainezka

Iaz, eguraldiak bertan behera utzi zituen Ehunmiliak eta Goierriko Bi Handiak ultrak. Aurten, ordea, eguraldia ez da oztopo izango. Bihar hasiko dira, Beasainen, eta etzi hasiko da Marimurumendi maratoia. Dortsal guztiak amaitu dira.
Ehunmiliak lasterketaren hasiera, iaz.
Ehunmiliak lasterketaren hasiera, iaz. IÑAKI ERAUSKIN

Unai Ugartemendia -

2019ko uztailak 11
Hamargarren ekitaldia izango du bihar Beasainen (Gipuzkoa) hasiko den Ehunmiliak mendi lasterketak. Iaz, bertan behera gelditu zen, eta badirudi jendea inoiz baino gogotsuago dagoela aurtengorako. Lehen aldiz, dortsal guztiak amaitu dira. Hala, 500 korrikalari baino gehiago ariko dira. Bihar hasiko da lasterketa nagusia, 18:00etan. Hizki larriz idatzi beharreko datuak ditu Euskal Herrian jokatzen den lasterketarik luzeenak: 168 kilometro eta 11.000 metroko desnibel positiboa.

Azeri zahar asko dago irabazteko hautagaien artean. Gizonezkoetan, Javi Dominguez gasteiztarra da beste urtebetez izenik aipagarriena. Irabaziz gero, seigarren txapela lortuko luke. Dominguezek azken urteetan atzetik izan dituen Jon Aizpuru eta Unai Dorronsoro beasaindarrak izango ditu aurkari zuzenenak. Biek izugarrizko gorakada izan dute azken bi urteetan, eta aurten ere ezustekoa ematea dute helburu. Dorronsorok, esaterako, maiatz bukaeran, Annecyko (Frantzia) ultra irabazi zuen. Juan Romano eta Felipe Artigue dira kontuan hartu beharreko beste bi korrikalari.

Emakumezkoetan, ustekabeko lehia egon liteke. Ewa Majer poloniarra da faboritoa. Orain bi urte, kilometro askotan lehen postuan izan zen, baina, gero, erretiratu egin zen. Iaz, berriz, lehena zen proba eten zutenean. Sofia Smedman suediarra eta Eunice Abigail Zamora mexikarra dira aintzat hartu beharreko beste bi korrikalari, baina ikusteko dago nola arituko diren. Euskal herritarren artean, Elena Calvillo beasaindarra da aipagarria: bigarren izan zen 2014an eta 2017an.

Ehunmiliez gain, beste bi lasterketa ere jokatuko dira. Bihar, 23:00etan, Goierriko Bi Handiak lasterketa hasiko da, 88 kilometro eta 6.000 metroko desnibel positiboa duen proba. Lasterketa horretarako dortsalak ere ziztu bizian agortu ziren: 500 korrikalari baino gehiago lehiatuko dira. Irabazteko hautagaien artean izen ugari daude: gizonezkoetan, Dani Agirre —irabazle 2017an— eta Alvaro Ramos nafarrak, aurtengo Euskal Herria Mendi Erronka lasterketako irabazle Ion Azpiroz berastegiarra, eta Raul Macarro bilbotarra. Emakumeetan, iaz bezala, izen handi bat izango da: Uxue Fraile donostiarra. 2018ko proba bertan behera gelditu ondoren, arantza atera, eta lasterketa irabazteko asmoarekin irtengo da berriz, Chamonixeko UTMB-an aritu aurretik. Laura Boix, Amaia Larreategi eta Davinia Corrales ezustea ematen saiatuko dira.

Igandean, 12:00etan hasiko den Marimurumendi maratoiak emango dio amaiera Ehunmilien festari. Proba horretan ere dortsalik ez da geratu bete gabe. 42 kilometro eta 2.400 metro egingo dituzte korrikalariek. Bi dira faboritoak, iazko irabazleak: Aleix Bautista eta Ingrid Sanchez katalanak.

1. Zer probatan hartuko duzu parte?
2. Zenbatgarren aldiz ariko zara?
3. Astean zenbat ordu entrenatu duzu?
4. Zerk erakartzen zaitu horrelako lasterketetatik?
5. Zerk ematen dizu beldur gehien?
6. Zenbat lasterketa egin dituzu aurten?
7. Zenbat ordutan amaitzea espero duzu?

VANESSA BAHON (Donostia, 1974)
«Erronka garrantzitsua izateak eta inguruko giroak animatzen naute»

1. «Ehunmilietan ariko naiz».
2. «Hirugarrenez ariko naiz».
3. «Orain hiru aste, lokadura bat izan nuen sorbaldan, eta gelditu egin behar izan nuen. Baina, normalean, astean hiru egunez entrenatzen naiz errepidean, gutxi gorabehera hamabi kilometro inguru; eta larunbatetan, bi astean behin, mendia egiten saiatzen naiz, hainbat modutan: mendi lasterketak, mendi martxak...».
4. «Erronka garrantzitsua izateak animatzen nau, baita antolatzaileek, laguntzaileek, boluntarioek eta hainbat herritako jendearen animoek ere. Gainera, jende berria ezagutzeko aukera izaten da».
5. «Gauak ematen dit beldur edo errespetu gehien. Eguraldiak ere kezkatzen nau».
6. «Lau lasterketa eta hiru mendi martxa egin ditut».
7. «Helburu bakarra bukatzea da. Aukera gutxi dut denbora muga bat jartzeko».

UNAI DORRONSORO  (Beasain, Gipuzkoa, 1985)
«Entrenamenduak zure bizitzara egokitu behar dira, eta ez alderantziz»

1. «Ehunmilietan ariko naiz».
2. «Laugarren aldiz ariko naiz, nahiz eta lehen aldian hasi aurretik esan nuen ez nuela berriz izena emango. Baina, urtero, bukatu bezain pronto, aitzakiaren bat aurkitzen dut berriz ateratzeko. Aurten ere azken urtea izango delakoan nago. Ikusiko dugu igandean zer esaten dudan».
3. «Urte hasieran, pixkanaka asfaltoan korrika hasten naiz, sasoia berreskuratu nahian, eta, martxotik maiatzera, saiatzen naiz mendian karga gehiago sartzen, betiere Ehunmiliei begira. Aste guztiak ezberdinak izaten dira. Ordu asko sartu behar dira horrelako proba bat prestatzeko, baina entrenamenduak zure bizitzara egokitzea garrantzitsua dela uste dut, eta ez alderantziz».
4. «Horrelako lasterketa luzeetarako entrenatzeak lan asko eskatzen du, baina, aldi berean, helburuak lortzeak asko betetzen zaitu. Gainera, horrenbeste orduko probetan ez da oso zaila izaten urtetik urtera zure denborak hobetzea, eta horrek ere gogotsu jarraitzen laguntzen dizu».
5. «Zure esku ez dauden mila faktorek lasterketa uztera behar zaitzakete: eroriko txar batek, gorputzak janaria ezin barneratzeak, oinetako zauri edo baba batek, edo, iaz bezala, ekaitz batek. Gure esku dagoena ahal den hobekien egiten saiatu, eta hortik aurrera ez dut uste ezeri beldurra eduki behar zaionik; bestela, etxean hobeto».
6. «Garingo [Beasain] mendi lasterketarekin hasten naiz, eta, hortik aurrera, pixkanaka proba luzeagoak egitea gustatzen zait. Ehunmiliak helburu izanda, maiatzean 100 kilometro inguruko bueltaren bat egin arte. Aurten, distantzia guztietako sei lasterketa egin ditut».
7. «168 kilometroko lasterketa bat amaitze hutsa erronka handia da. Aurretik egindako mila kalkuluak pikutara joan daitezke, baina denok izaten ditugu kalkulu batzuk eginda. Aurreko urteetako esperientziak erreferentziatzat hartuta, 24 orduan baino gutxiagoan egiteko gai ikusten dut neure burua. Badakit dena ezin hobeto atera beharko zaidala, baina helburu oso polita da. Aurretik, amestu egin behar da».

LIHER AIARTZAGUENA (Iurreta, Bizkaia, 1985)
«Bigarren gaupasak eta eguraldiak ematen didate errespetu gehien»

1. «Ehunmilietan ariko naiz».
2. «Hirugarren aldia dut. Duela lau urte, 42 ordu inguruan bukatu nuen. Iaz, Madarixan nindoala eten zuten lasterketa».
3. «Aste guztiak ez dira berdinak izaten, baina, batez beste, 10-12 ordu entrenatu ditut».
4. «Lasterketa bat baino, abentura bat dela. Sortzen den giroak kateatu egiten zaitu. Behin probatuta, asko itzultzen gara. Norbere buruari jarritako erronka bat da».
5. «Beldurra baino, errespetua da. Bigarren gaupasak ematen dit errespetu gehien, baita eguraldiak ere; beroarekin nahiko gaizki moldatzen naiz, eta egiten ari den beroak arduratuta nauka».
6. «Hamar lasterketa egin ditut, igoera bertikal bat, eta pare bat ultra tartean».
7. «Orduarena hirugarren mailako helburua da. Hasteko, lesio larririk izan gabe eta mendira joaten jarraitzeko gogoarekin bukatzea gustatuko litzaidake. Bigarren helburua amaitzea da, eta, dena ondo badoa, 40 orduren barruan amaitzea».

IONE CEREZO (Zumarraga, Gipuzkoa, 1989)
«Amaitu, nire onena eman eta gozatu egin nahi dut»

1. «G2H-an hartuko dut parte».
2. «Nire lehen aldia izango da».
3. «Hiru egunez, ordu eta erdiko entrenamenduak egiten ditut. Gero, asteburuetan, entrenamendu luzeagoak egiten ditut».
4. «Horrelako lasterketek asko erakartzen naute; neure buruarentzat erronka modukoak dira. Nire gorputza mugaraino eramateko aukera izaten dut, eta gorputzak nola erantzuten duen ikusteko aukera ematen dit. Horrez gain, mendian orduak pasatuz gozatzen dut, eta, etxetik gertu izanda, are gehiago».
5. «Beldur gehien nire buruak ematen dit. Fisikoki konfiantza dut neure buruarengan, baina estreinakoz izango naizenez horrelako lasterketa batean... Ez dakit buruak nola erantzungo duen egoera bakoitzean. Halere, gogotsu eta motibatuta nago».
6. «Aurten ez ditut lasterketa asko egin, hiru soilik. Mendi martxa luzeak egitea erabaki nuen lasterketa hau prestatzeko».
7. «Ez dut ordu muga bat jarri nahi. Lehen aldiz egingo dudanez, hiru erronka jarri dizkiot neure buruari; lehenik, amaitzea, gero, nire onena ematea; eta, azkenik, lasterketaz gozatzea».

ENDIKA MANTECON (Segura, Gipuzkoa, 1989)
«Harrotuta irtenez gero, lehertuta amai daiteke. Ondo neurtu behar da»

1. «G2H-an hartuko dut parte».
2. «Hirugarrenez ariko naiz».
3. «Gehien entrenatu dudan astean, hemezortzi ordu. Asteburuan, bikotekidearekin Pirinioetan dezente ibili nintzen, baina astakeria handirik egin gabe. Gehien egin dudan eguna, berriz, bost ordu eta erdi izan dira».
4. «Jakingo banu... Behin egin nuen lagun batek konbentzituta, eta hemen jarraitzen dut. Distantzia luzeko lasterketa bat bukatzea bera erronka polita da».
5. «Beldurrik ez, baina errespetua izan behar zaio distantzia horri. Harrotuta irtenez gero, lehertuta amai daiteke. Ondo neurtu behar da».
6. «Zegama-Aizkorri da parte hartu dudan azken proba. G2Hra fresko iritsi nahi izan dut, eta azken bi urteetan baino lasterketa gutxiago egin ditut. Hilean bat gehienez».
7. «Hamabi ordutik jaistea gustatuko litzaidake, baina lasterketa on bat egitearen eta dudan onena ematearen ondorio izan dadila».

ITXARO MENDIZABAL (Beasain, Gipuzkoa, 1977)
«Hamar urtez boluntario izan ostean, ederra da parte hartzea»

1. «Marimurumendin».
2. «Lehen aldia da».
3. «Asko ez, lesioekin hasi naiz eta. 4-6 ordu astegunetan, eta asteburuan lauzpabost ordu».
4. «Giroak, jendeak, inguruak… denak. Hamar urtez boluntario gisa ibili eta gero, ederra da parte hartu ahal izatea».
5. «Min hartu eta ez amaitzeak».
6. «Hamar inguru».
7. «7-8 ordutan. Niretzako hau dena berria da: iaz hasi nintzen mendian korrika. Helburu nagusia gozatzea da; beraz, bukatzea lortzen badut, ni pozik».

IÑAKI INSAUSTI (Tolosa, Gipuzkoa, 1982)
«Uztaileko beroak kezkatzen nau gehien»

1. «Marimurumendin».
2. «Bosgarren aldiz: bitan Goierriko Bi Handietan izan naiz, eta beste hirutan Marimurumendin. Boluntario ere egon naiz bitan, eta beste gehienetan, ikusle».
3. «Bederatzi eta hamabi orduren artean».
4. «Antolakuntzak, paisaiak, giroak, eta erronka kutsua izateak».
5. «Uztaileko beroak».
6. «Bi: apiril amaieran, Loatzoko [Villabona-Amasa, Gipuzkoa] igoera, eta ekainean, Oiartzunen [Gipuzkoa] jokatzen den Intxixu Trail lasterketa».
7. «Lau orduren inguruan amaitzea gustatuko litzaidake».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna