Koronabirusa

Birusaren bigarren oldarraldia

Kasuek ugaritzen jarraitzen dute munduan, eta hainbat herrialdek neurriak zorrozteko erabakia hartu dute. Israelek joan den ostiralean indarrean sartutako itxialdia gogortu du

Herritar batzuk kalean maskara jantzita, Frantzian. CAROLINE BLUMBERG / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko irailaren 25a
00:00
Entzun
COVID-19aren agerraldiak hankaz gora jarri zuen mundu osoa, eta guztiz baldintzatu herritarren bizimodua. Neurri zorrotzak hartu zituzten herrialdeek birusaren hedatzea eteteko, eta, nolabait, lortu zuten transmisioa murriztea eta egoera kontrolatzea. Baina ez luzarorako. Aspaldi hasi ziren adituak bigarren olatu baten inguruan ohartarazten, eta iritsi da: indartsu, gainera. Kasuen kopuruek goranzko joera hartu dute berriro, eta hainbat estatuk atzerapauso bat ematea erabaki dute, egoeraren larritzeak behartuta. Datuak dira birusaren oldarraldiaren isla: OME Osasunaren Mundu Erakundeak munduko egoera epidemiologikoaren inguruan argitaratutako azken txostenaren arabera, joan den astean pandemia hasi zenetik inoizko kasu gehien atzeman zituzten: ia bi milioi. Horiek horrela, dagoeneko 31.600.000 positibo baino gehiago atzeman dituzte munduan, eta ia milioi bat pertsona hil dira gaitzaren ondorioz.

Birusaren zabaltzea dela eta, neurri murriztaileak berrezartzearen alde egin dute hainbat herrialdek, hori egin ezean pandemiaren hedapenak «azkartzen» jarraituko duela ohartarazita. Israel izan da guztietan zorrotzena. Hiru asteko itxialdia agindu zuen gobernuak, eta joan den ostiralean sartu zen neurria indarrean; bigarren olatua iritsi zenetik estatu osoan konfinamendua agintzen duen lehen herrialdea da.

Ordea, ez da nahikoa izan. Oraingoz emaitzarik eman ez duela ikusita, itxialdia are gehiago zorroztea onartu zuten atzo—gaurtik eragingo du erabakiak—, jarduera ekonomikoa oinarrizko gutxienekoan utzita. Hala, Ministroen Kabineteak bakartze neurriak gogortu ditu. Erabakia kutsatzeak ugaritu ostean hartu dute, eguneko 7.000 positibo inguru atzeman ondoren. Hain zuzen, Yom Kippur judaismoko festaren atarian ezarri dute itxialdiaren zorroztea —hilaren 28an ospatuko da—, eta gutxienez urriaren 10 arte iraungo du. Atzo onartutako planaren arabera, otoitza hogei laguneko taldeetara mugatuko dute kanpoaldean, eta sinagogak itxiko dituzte; Yom Kipurren irekiko dituzte, baina kautelazko hainbat neurri ezarrita. Horrez gainera, manifestazio eskubidea ere mugatu dute: hogei laguneko taldeetan bakarrik jardun ahal izango dute protestariek, etxetik kilometro bat baino gutxiagoko eremuan, eta gehienez 2.000 parte hartzaile badaude. Hilabeteotan, Benjamin Netanyahu herrialdeko lehen ministroaren aurkako mobilizazio jendetsuak egiten ari dira.

Bestalde, ez dute itxialdirik ezarri oraindik Erresuma Batuan, baina ate joka dute; oraingoz gobernuak hautu horri uko egin dion arren, ez dute ezer baztertzen. Kasuek ugaritzen jarraitzen dute erresuman: kutsatzeko arriskua «handia» dela ohartarazi dute, eta positiboen hazkundea, esponentziala. Hori moteltzeko eta kutsatzeak eragozteko, Boris Johnson lehen ministroak aste honetan bertan iragarri ditu neurri gehiago. Besteak beste, tabernak eta jatetxeak gaueko hamarretarako itxi beharko dituzte. Hala ere, murrizketa horiek COVID-19aren bigarren olatuari eustea lortzen ez badute, Dominic Raab Atzerri ministroak jakinarazi zuen ez dutela baztertzen beste konfinamendu bat ezartzea.

Horiek horrela, Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak Erresuma Batuko nazioetako agintariak deitzeko eskatu zion atzo Johnsoni: «Neurri gehiago beharko direla uste badugu, atzerapenarekin ez dago ezer irabazteko, eta asko galtzeko, baita bizitzak ere». Elkarrizketak areagotzeko eskatu zuen, eta premiaz landu beharreko hiru gai identifikatu: zer ekintza gehigarri izan daitezkeen beharrezkoak agerraldi aktiboak kontrolatzea lortzen ez bada, sektorerik kaltetuenei nola lagundu eta zer mekanismo ezar daitezkeen eskualdeetako gobernuek osasun publikoaren arloan erabakiak hartzeko behar diren tresnak dituztela bermatzeko.

Portugalen, berriz, gobernuak atzo iragarri zuen urriaren 14ra arte luzatuko dituela izurriagatik indarrean dauden murrizketak; besteak beste, merkataritza establezimenduen ordutegiei eta bileretako kideen kopuruei eragiten diete horiek.

Horiez gain, beste herrialde batzuek ere hartu dute neurriak zorrozteko erabakia, egoera epidemiologikoak larritzera egin duelako; esaterako, Txekiar Errepublikak.

Bien bitartean, AEB Ameriketako Estatu Batuak dira oraindik ereCOVID-19ak gehien jotako herrialdea. OMEren arabera, 6,82 milioi kasu hauteman dituzte, eta ia 200.000 pertsona hil dira gaitzaren ondorioz. Atzetik jarraitzen dio Indiak, 5,73 milioi kasurekin. Bertan, gainera, asteotan landa eremuetara hedatu da gaitza, eta horrek ondorio latzak izan ditzakeela ohartarazi dute hainbat erakundek. Azkenik, Brasil dago munduan gaixo gehien atzeman dituztenen zerrendan hirugarren: 4,59 milioi positibo hauteman dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.